Irungo enpleguaren egoera aztertu dute ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek

Otsaileko langabeziaren datuei erreparatuta, Irunen argi izpi txiki bat ageri dela pentsa daiteke. % 17,6koa da azken langabezia-tasa. Urtarrilekoa eta joan den urteko otsailekoa baino % 0,3 txikiagoa. Dena den,
Gipuzkoako batez bestekoa, % 13,6koa, urrun dago oraindik. Edonola ere, datuak aztertzeaz gain, analisi sakonagoa egin beharra dagoela baieztatu dute sindikatuetako ordezkariek.

SONY DSC

Zenbakiak eta ehunekoak erabili ohi dira enpleguaren azterketa egiteko. Horietara mugatuta, argi dago langabezian dagoen biztanleria aktiboaren kopuruak behera egin duela Irunen. “Hori egia da, datu objektiboa da”, onartu du Pablo Garmendia Bidasoko ELA sindikatuko ordezkariak. “Baina hamarreneko bakar batzuen kontua da, eta zenbakiak oso larriak dira oraindik”, azpimarratu du. Euskadiko Langile Komisioak-CCOO sindikatuko Gema Fernandezek uste du datu horrekin ezin dela baieztatu hiriko enpleguaren egoerak hobera egin duenik. Zailtasun egoeran dauden enpresak gogoratu ditu Fernandezek: “Erregulazio espedienteak, hartzekodunen konkurtsoak, izoztutako soldatak edo soldata murrizketak. Denak ditugu eskualdean”.

SONY DSC
Azterketa zabalagoaren beharra azpimarratu dute biek. ELA sindikatuko egoitzatik, Irungo erdiguneak bizi izan duen eraldatzea ikus daiteke. Denda eta negozio ugari itxi dituzte azken urteotan. “Merkatari txikia sufritzen ari da, salmentek behera egin dutelako”, baieztatu du Pablo Garmendiak. Gema Fernandezek beste arrazoi bat ere jarri du mahai gainean: alokairu-errenta zaharren desagertzea. Elkarteetan bildurik eta jarduerak antolatuta, hirigunea biziberritzen ahalegindu dira merkatariak. Baina zail dute aurkari erraldoien kontra lehiatzea. Enpresa multinazionalen alde Behe Bidasoko eta Oarsoaldeko udalek egin duten apustua salatu du ELAko Pablo Garmendiak. Elikagaien sektorean jarri du arreta, bereziki: “Eskualde hauetan egin izan dena absurdoaren mugan dago: Alcampo, Carrefour, BM, Super Amara, Dia, eta orain Mercadona? Kontsumitzaile nahikorik ez dago”.
Multinazionalen aldeko apustua
Industria eremuetan kokatzen ari dira zerbitzuetako enpresa multinazionalak. “Laster izena aldatu beharko diegu”, adierazi du Garmendiak. Industriaren sektorea berreskuratzeko apusturik egin ez izana egotzi die ELAko ordezkariak eskualdeko udalei: “Haiek eman dizkiete baimenak multinazionalei. Bultzada eman diete”. Enpresa handi horiek lanpostuak sortzen dituztela esan izan da justifikazio modura. Hala ere, baieztapena “iruzurra” dela uste du Pablo Garmendiak: “Lanpostu prekario baino prekarioagoak sortzen dituzte. Saltoki horietako batean lan egiten duen gazteak ez ditu bermatuta etxebizitzarako aukera eta bizitzeko gutxieneko baldin-tzak”. Azken aldian sortu den enplegua nolakoa den aztertzeak bestelako ikuspegia eman dezakeela uste du CCOOko Gema Fernandezek: “Aldi baterako lanpostuak izaten dira, gehienetan lanaldi partzialekoak”.
Langabeziaren datuak tentuz irakurtzera darama azalpen horrek. “Lan partzialeko bi kontratu dituen pertsona bi afiliazio dira Gizarte Segurantzan”, argitu du Pablo Garmendiak. Zerrendetan agertzen ez den beste kolektibo bat ere gogoratu du ELAko ordezkariak: “Badago jende asko jada langabezian apuntatzen ez dena, prestazio guztiak bukatu zaizkiolako; ez daukana
inolako diru-sarrerarik. Seme-alabei egunean hiru aldiz jaten emateko arazoa du jende horrek”. 55 urtetik gorako langabeen egoera nabarmendu du Gema Fernandezek: “Lan merkatutik kanpo gelditzeko arrisku handia dute”. Irunen langabeziaren kontra lan egiteko neurri zehatzak proposatu ditu CCOOko ordezkariak: “lanbide heziketa sustatzea, proiektu ekintzaileei babesa ematea eta jarduera berritzaileen inguruko ekimen enpresarialak bultzatzea”. Bide bata edo bestea hartu, sindikatuetako ordezkariek argi dute susperraldia motela izango dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude