Toka eta noka Irunen

Hika ikastaroa antolatu dute Irunabarrek eta AEKk

Euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko ekimen ugari egin izan dira Irunen. Izan ere, erronka handia du hiriak hizkuntzaren normalizazioari dagokionez. Proposamen bitxiak ere badira, horien artean. Esate baterako, Irunabar Irungo bertsoaren bilguneak eta AEK euskaltegiak antolatu dutena. Hika tailerra. Toka eta noka ohitzeko ikastaroa eskainiko dute, martxoaren 5etik maiatzaren 28ra, larunbat goizetan. Parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko.Hika tailerra

Irunabarreko kide den Aitor Errazkin irakasleak eta Joxan Elosegi itzultzaileak zuzenduko dute ikastaroa. Horixe da, hain zuzen ere, aurtengo berrikuntza nagusia. “Lehenago ere egin izan dugu ikastaroa. Baina orain arte, irakasle baten eskutik egin izan dugu. Aurten, aldiz, bi ariko gara, eta ondorioz, askoz ere biziagoa izango da ikastaroa. Gure artean hika ariko gara beti, eta erreferentzia hori edukitzea lagungarria izango da parte hartzaileentzat”, azaldu du Joxan Elosegik. Martxoaren 5ean hasiko da ikastaroa, eta hamaika saio izango dira, guztira. Larunbat goizetan, 9:00etatik 12:00etara, Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Irunabarri utzitako lokalean (Junkal kalea, 22).

Euskaldunok hika ezagutu beharko genuke, gutxienez”
Joxan Elosegi

Hamaika saio horien ondoren, parte hartzaileek oinarri sendoa izango dutela uste du Elosegik: “Ez dakit eroso ariko diren hika, baina ezagutuko dute, behintzat. Ziur batzuk erabiltzen hasiko direla”. Ikastaro praktikoa izango da, batez ere. Aditz formak landuko dituzte, elkarrizketak egingo dituzte, eta etxeko lanak edo zereginak izango dituzte. Aspektu teorikoak ere aztertuko dituzte, dena den. “Bigarren pertsonarekiko tratamendua hizkuntza ezberdinetan nola egiten den, eta zein bilakaera izan duen ikusiko dugu”, argitu du Joxan Elosegik. Ingelesaren kasua aipatu du, berezia baita. Hitanoaren tratamendu baliokidea aspaldi galdu zen ingelesez. Elosegik azpimarratu du galera horrek ez duela hondamendirik eragin: “Ez da ezer gertatu. Euskaraz ere, hika ez aritzea ez da arazoa. Guk defendatzen duguna da euskaldunok hika ezagutu beharko genukeela, gutxienez. Gero, erabili edo ez, norberaren aukera da”.

Inguruko euskaldunei zuzendua

Euskara batuko formetatik abiatuko dira ikastaroan. Baina Irungo eta Bidasoa aldeko moldeei helduko diete ondoren. Hika aritzeko, tokian-tokiko formak ezagutzea ezinbestekoa dela uste dutelako. Irungo eta inguruko hikaren berezitasunak azaldu ditu Joxan Elosegik: “Tradizio nafarrarekin lotuko genuke, zalantzarik gabe. Desberdintasun batzuekin, noski”. Bidasoa aldean euskara gurasoengandik jaso duen jende askok hikari eutsi diola baieztatu du Elosegik. Euskara eskolan ikasi dutenek, berriz, erreferentziarik izan ez dutela adierazi du: “Eskolan hika baztertu egin dute. Batzuetan pentsatu izan dut, bazterketa horrek, gazteen arteko giro euskalduna ahuldu ote duen. Galdera da, irakasleak hika egin behar al dio ikasleari? Zergatik ez?”. Pauta sozial sendo batzuei lotuta egon izan da hika. Konplizitatea adierazten du, baina harreman hierarkikoa ere bai. “Goikoak behekoari hika egiten dio, baina behekoak goikoari ezin dio hika egin. Zergatik? Pauta horiek alda daitezke”, aldarrikatu du Elosegik.

Gazteek ez dute erabiltzen, ez dutelako tradizio hori jaso”
Joxan Elosegi

Irungo eta inguruko herrietako euskaldunei zuzenduta antolatu dute ikastaroa. Euskaldun zaharren edo berrien artean ez dute bereizketarik egin. Beharbada, gazteen artean interes handiagoa sortuko duela uste du, edonola ere, Joxan Elosegik: “Irunen, gazteek ez dute erabiltzen, ez dutelako tradizio hori jaso. Baina polita da, beste konplizitate bat sortzen du. Eta oso gauza erraza da, lau lege besterik ez dira”. Izena eman nahi duenak, irunhika@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar izango du, otsailaren 24a baino lehen. Bestelako informazioa jasotzeko, 943628834 edo 688825429 telefono zenbakietara deitu, edo Irungo AEK euskaltegira joan daiteke, bulego orduetan, beti ere (Legia kalea, 6).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude