Nazioarteko folklorearen bilgune bihurtuko du Eraikik Bidasoaldea

Hemezortzi edizio beteko ditu aurten Gazte Folk Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiak. Sei eguneko egitaraua prestatu du Eraiki Dantza Taldeak, eta antolatzaileez gain, beste lau taldek parte hartuko dute. Extremaduratik, Errusiatik, Serbiatik eta Errumaniatik iritsiko dira aurten gonbidatuak. “Hasieran bizpahiru talde etortzen ziren, eta aurten lau ditugu. Horrek lan handiagoa suposatzen du dantza taldeko kideen aldetik. Baina erakundeen inplikazio handiago bat ere eskatzen du”, azaldu du Ortzi Balda komunikazio arduradunak.

gazte folk

Irunen eta inguruko herrietan
Irunen, Hondarribian, Beran eta Zumaian izango dira ikuskizunak. Eskualdetik kanpo irtengo dira, beraz, dantzariak eta musikariak. Urtero ateratzen saiatzen direla azaldu du Baldak: “Guretzat garrantzitsua da inguruko herriekin harremanetan jartzea”. Emanaldiak eskaintzeaz gain, elkarbizitza ere egingo dute folklore talde ezberdinetako kideek. Otorduak eta gauak elkarrekin pasatzeaz gain, jolasak eta bisitak ere egingo dituzte. Donostian, Oiasso Museoan eta Junkaleko elizan izango dira, besteak beste. “Oso harreman estuak sortzen dira. Gainera, gaur egun, sare sozialei esker, harremana mantentzea askoz errazagoa da”, aipatu du Baldak.
Urtebeteko lana
Joan den urteko abuztuan hasi ziren Eraikiko kideak 2014ko Gazte Folk jaialdia prestatzen. Aurrekoa bukatu bezain laster, balorazio bilera baten ondoren jarri ziren abian. Urtean zehar, hilabetean behin bildu dira, hitzorduari iskin egin gabe. Ia bi hamarkada daramatzate antolakuntzan, eta esperientzia hartu dutela baieztatu du Ortzi Baldak: “Denborarekin sakontzen ari gara, eta pixkanaka handitzen joan nahi dugu. Lan askorekin, pausu garrantzitsuak ematea lortu dugu”. Urrats bat gehiago emango du aurten Gazte Folk festibalak, boluntario eta laguntzaile guztien ahaleginari esker.

Parte hartuko duten taldeak

LOS JATEROS FOLKLORE TALDEA – EXTREMADURA
Extremadurako Fregenal de la Sierra herriko taldea da. 1965. urtean sortu zen, “Virgen de los Remedios” amabirjinari abestu eta dan-tzatzeko asmoz. Jatorriari muzin egin gabe, haien lan arloak zabaldu egin dituzte, abesti eta dantza herrikoiak hedatzea bihurtuz beren xede.
YERALASH DANTZA TALDEA – CHELYABINSK, ERRUSIA
1990ean sortua, 300 bat haurrek osatzen dute. Errusian zehar hainbat jaialditan parte hartu dute. Sariak ere jaso dituzte: Bazhov Jaialdiko sari nagusia (1998), “Haurren artea” jaialdiko sari nagusia (Mosku, 1999). Belgikan, Italian eta Austrian ere egon dira.
ERAIKI DANTZA TALDEA – EUSKAL HERRIA
1978an eratu zen Behobia auzoan. Hasieran, auzoko eta herriko jaialdi txikietan parte hartu zuen. Euskal Herriko zazpi probintzietako folklorea erakusteko eta herriko gazteen artean interesa pizteko helburu bikoitzarekin atzerriko jaialdietan parte hartu izan du 1989az geroztik.
SLOBODA ELKARTE KULTURAL ETA ARTISTIKOA – RUMENKA, SERBIA
1980an sortu zen, Serbiako Rumenka hirian. Hasiera batean, dantza folklorikoaren arloan hasi ziren lanean. Egun 150 partaide baino gehiago dira, beren ohiturak eta ohorea babesten, dantza eta musikaren bitartez.
FLOARE MÂNDRĂ DE PE CRIS TALDEA – TILEAGD, ERRUMANIA
Hainbat jaialdi eta lehiaketatan parte hartu izan du, talde gaztea izan arren. Dantza eta kantu tradizionalak aurkezten dituzte. Emanaldietan Errumania bisitatzeko aukera emango dute, Crisul Repede, Barcau eta Crisul Negru haranetako folklorearen bidez.

Bidasoaldean burutuko den egitaraua

Uztailaren 24a, osteguna:
13:00 Desfilea eta emanaldi txikiak Antzaran auzoan.
21:00 Desfilea udaletxera.
21:30 Harrera ofiziala udaletxean.
22:00 Desfilea Zabaltza plazara.
23:00 Festibalaren irekiera.
Uztailaren 25a, ostirala:
12:00 Desfilea eta emanaldi txikiak Irunen barrena.
Uztailaren 26a, larunbata:
11:00 Dantzen tailerra Zabaltza plazan. Dantzen elkartrukea.
19:00 Desfilea Hondarribiko kaleetan zehar.
22:30 Emanaldia Hondarribiko Santa Maria Magdalenan.
Uztailaren 27a, igandea:
12:00 Desfilea eta emanaldi txikiak Irunen barrena.
Uztailaren 29a, asteartea:
13:00 Desfilea eta emanaldi txikiak Irunen barrena.
23:00 Festibalaren bukaera Zabaltza plazan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude