“Luis Mariano 1914-2014” erakusketa ikusgai da Amaia Kultur Zentroan. Berregintza historikoa abuztuaren 13an egingo da.
Parisen hil zen Luis Mariano, Bidasoaren ertzetik oso urrun. Baina Irunen jaio zen duela ehun urte. Gazte zela gerraren ondorioz erbesteratu zen arren, ez zuen sekula bere jatorria ahaztu. Orain, artistaren ondarearen zati handi batek etxerako bidea egin du. Luis Marianoren objektu pertsonalen erakusketa zabaldu dute Amaia Kultur Zentroan. Bertan, abeslariak ikuskizunetan erabilitako arropak, behin baino gehiagotan jo izan zuen pianoa, kontzertuetako kartelak eta diskoak aurki daitezke. Berrehun bat argazkik borobiltzen dute erakusketa. Objektu guztiak Luis Marianoren herentzia jaso zuen Lacan familiak Irungo Udalari utzitakoak dira.
Erakusketa bi zatitan banatuta dagoela azaldu zuen uztailaren 4ko aurkezpenean Helena Elbusto arduradunak. Lehenengo aretoak Mariano Eusebio Gonzalez Garcia “pertsona” ezagutzera eman nahi duela azpimarratu zuen. Argazkietan, abeslariak familiarekin eta zaleekin zeukan jarrera ikus daiteke. Itsasontzian bidaiatzen ere ageri da. Hala joaten zen Ameriketara, hegazkina gorroto baitzuen.
Bigarren eta hirugarren aretoek, berriz, arreta Luis Mariano “per-tsonaiarengan” jartzen dutela argitu zuen Helena Elbustok. Artistaren ibilbide profesionaleko bitxi ezberdinek osatzen dute sekzioa.
“Marianista” izango da uda
Erakusketa urte osoko egitarau zabal baten parte da. Uda “marianista” izendatu zuen Jose Antonio Santano alkateak, beste hainbat ekitaldi egingo baitira hurrengo asteetan zehar. “Serio hartu dugu urteurrena. Luis Mariano harro zegoen irundar izateaz, eta Irun ere harro dago berak egindako lanaz”, baieztatu zuen Santanok. Hiriak artistarekiko “zorra” daukala adierazi zuen alkateak, eta urteurrenaren ospakizunaren bidez betiko lotuko direla Irunen eta Luis Marianoren izenak. Oraingoz, abeslariaren inguruko xehetasunak ezagut ditzakete irundarrek, Amaia Kultur Zentroko erakusketari esker.
Erakusketa, abuztuaren 31ra bitarte, zabalik.
Ordutegia: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara. Igandeetan eta jaiegunetan, 11:30etatik 13:30etara.
Sarrera: Doan.
Bisita gidatua: Uztailaren 24an, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan. Ez da izena eman beharrik.
1914ko gau batean izan zen
Berregintza historikoa helburu duen kale antzerkia egingo dute abuztuaren 13an, Luis Marianoren jaiotzaren mendeurrena beteko den egunean. Antolakuntza lanetan dabilen Mertxe Tranche historialariaren esanetan, “haren jaiotzaren eguna irudikatzen ahaleginduko gara”. Horretarako, 1914ko abuztuko testuingurua kontuan hartuko dute. Lehen Mundu Gerra hasi berria zen. “Irungo mutil askok Frantziako herritartasuna zuten, eta armadara deitu zituzten. Gainera, errefuxiatuek egunero gurutzatzen zuten Bidasoa ibaiko muga”, azaldu du Tranchek.
Aduana kalean jaio zen Luis Mariano, eta bertan abiatuko da berregintza jardunaldia, 20:00etan. Colon ibilbidea zeharkatu ondoren, artistaren izena daramaten lorategietan bukatuko da lehen zatia. Bigarrena Zabaltza plazan egingo da, Artes Verbénicas antzerki konpainiak prestatutako ikuskizunarekin. “El cantor de México” filmaren proiekzioarekin bukatuko da.
Irundar orok parte hartu ahal izango du antzezlanean. Historialariaren ustez “Urteurrena ospatzeko modua izateaz gain, historiaren inguruan ikasteko aukera ere ematen du”.