Ane Saseta, Bidasoa XXI klubeko lehendakaria: “Bizitza osoa igerilekuan sarturik eman dudala esan daiteke”

Ane Saseta da Bidasoa XXI klubeko lehendakari berria. Duela 29 urte inguru sartu zen Bidasoa klubean igerilari moduan. Klubaren barnean kirolari eta entrenatzaile lanetan aritu ostean, historian lehen aldiz klubaren buruzagitza hartuko duen lehen emakumea izango da.

Argazkia: Estudio Gover

Nola iritsi zitzaizun klubaren presidentzia hartzeko proposamena?
Aurreko juntari oraindik bi urte falta zitzaizkion arren, dimisioa aurkeztea erabaki zuten. Aurreko juntan zeuden bi gurasok egin zidaten proposamena eta, asko pentsatu gabe, proposamena onartzea erabaki nuen.

Inoiz imajinatu zenuen presidentziara iristeko aukerarik zenuela?
Klubean sartu eta lehen urteetan ez, baina, klubaren barnean urte asko eman ditudanez, noizbehinka burutik pasatzen zitzaidan ideia bat zen. Gurasoen borondatea eskertzekoa bada ere, igeriketaren munduan ibilitako norbaitek agintea hartzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan.

“Igeriketaren munduan ibilitako norbaitekagintea hartzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan”

Etapa berri honetan inguruan konfiantzazko lan-talde bat edukitzea lagungarria da?
Bai, lehendakari kargua onartuz gero alboan izan nahi nituen pertsonak zeintzuk izan behar ziren argi neukan hasieratik. Junta berrian, igerilekuko jendea, gurasoak eta nire lagun-minak sarturik daude, beraz, oso erraza izan da dena.

Klubaren barnean bizitakoa urte guztiek esperientzia ematen dizutela uste duzu?
Bai, urte asko eman ditut klubaren barnean eta momentu on eta txarrak gertutik bizitzea tokatu zait. Bizitza osoa igerilekuan sarturik eman dudala esan daiteke.

Zein helburu dauzkazu buruan?
Lehen urte honetan gauzak poliki egin nahi ditugu, pixkanaka gauzak ikasi eta funtzionamendua zein den ezagutzeko. Hortik aurrera, helburu finkoetan pentsatzen hasiko gara gauza politak egin ahal izateko.

Zeintzuk izango dira hasi berri den denboraldiko data garrantzitsuenak?
Waterpoloko talde guztiek denboraldi osoan zehar partiduak dauzkate eta, bukaeran emaitza onak lortzeko, maila mantentzen saiatu behar dira partidu batetik bestera. Igeriketan, berriz, Espainiako Txapelketa eta Klubeko Kopa dira data garrantzitsuenak.

“Hedabideek futbola ez diren kirolak babestea beharrezkoa ikusten dut”

Igeriketa eta beste kirolen artean desberdintasun handiak ikusten dituzu?
Futbolak bereganatzen ditu beti aurrekontu eta publizitate guztiak. Futbolarekin lorturiko edozer albiste denez, egunero ateratzen dira telebistan. Bitartean, igeriketan, garaipenak eta lorpenak ahazturik gelditzen dira askotan. Horregatik, hedabideek futbola ez diren kirolak babestea beharrezkoa ikusten dut. Izan ere, Irunen gauza politak lortzen ari dituzten klub asko dauzkagu, baina, arreta gutxi eskaintzen zaie.

Etorkizunean klubak emaitza hobeak lortu ditzakeela uste duzu?
Zaila iruditzen zait. Izan ere, Espainia mailan oso postu altuetan gaude eta, hori mantentzea zaila bada, hobetzea oraindik konplikatuagoa da. Irunen dauzkagun azpiegiturekin hoberena izatera iristea oso zaila dela uste dut. Hala ere, maila mantentzen saiatuko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude