Eztei-prestaketetarako data garrantzitsua

“Los muñecos de la tarta” ezkontza-azokaren III. edizioa antolatu zen urriaren 13tik 14era Ficoban

Urriaren 13tik 14ra “Los muñecos de la tarta” izeneko ezkontza-azoka antolatu zen Ficoban. Azokaren III. edizioa izan zen eta Ficobako instalakuntzak bisitatu zituzten ezkongaiek ezkontzen munduarekin loturiko 15 sektore ezberdinetako produktu eta zerbitzuak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.

Guztira, 24 izan ziren azokaren III. edizioan parte hartu zuten erakusketariak. Jesus Camarerok, azokaren antolatzaileetako batej, adierazi zuen, “azpimarratzekoa da azokan parte hartzen duten erakusketarien %70a komertzio irundarrak direla”. Iñigo Lavado sukaldariak azaldu zuen, “hiru urte daramatzagu azokan parte-hartzen, baina, ilusio berdinarekin prestatzen dugu beti”.

“Azpimarratzekoa da azokan parte hartzen duten erakusketarien %70a komertzio irundarrak direla”

Jesus Camarero, azokako antolatzaileetako bat

Aparkalekua eta azoka bisitatze sarrera dohainekoak izan ziren. Aurreko edizioan bezala, Estudio Gover Fotografia, Married Novias, GB Eventos eta JECA Hombre enpresak elkarlanean aritu dira ezkontza-azoka antolatzeko. Fernando Vergara antolatzaileak azaldu zuen, “gure helburua, azokaren ostean, enpresa parte-hartzaileen agendak ezkontzez betetzea da”

“Hiru urte daramatzagu azokan parte-hartzen, baina, ilusio berdinarekin prestatzen dugu beti”

Iñigo Lavado, sukaldaria

Larunbat eta igandean goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara, etenaldirik gabeko ordutegiarekin, zabalik egon ziren azokako ateak. Erakustokiez gain, bisitariak erakartzeko bi ikuskizun berezi antolatu ziren. Alde batetik, larunbat eta igandean, 12:30etan eta 18:00etan modelo erakustaldiak egin ziren. Hortaz gain, Papperino izozki-dendako Yon Gallardo izozkigileak nitrogeno likidoarekin show cooking ikuskizuna eskaini zuen. Bertan, ikusleek nitrogenozko lanbro izoztu artean sorturiko delicatessen mokaduak dastatzeko aukera izan zuten.

“Gure helburua, azokaren ostean, enpresa parte-hartzaileen agendak ezkontzez betetzea da”

Fernando Vergara, azokako antolatzaileetako bat

Ficobako pabilioien barnean kokaturiko postuetan ezkongaiek 15 sektore ezberdinetako ezkontza produktu eta zerbitzuak ezagutzeko aukera izan zuten. Hala nola, moda, bitxi, edertasuna, oinetako, argazkilaritza, jatetxe, lore, DJ, bidai, autobus, ezkontza osteko proposamen, animazio ekitaldi, bideo, dantza eskola eta kaligrafia zerbitzuak ezagutu eta kontratatzeko aukera izan zuten azokara hurbildu ziren bisitariek.

Elkartasunerako tartea
Aurtengo azokaren nobedade nagusia Gurutze Gorriaren parte-hartze berezia izan da. Izan ere, elkarteak azokan stand bat izan duen lehen aldia izan zen. Gurutze Gorriak gonbidatuentzako pentsaturiko opari proposamen berezia egin die erakusmahaira hurbilduriko ezkongaiei. Era honetan, opariak egiteko erabiltzen duten dirua elkartasunezko helburuak dauzkaten proiektuak laguntzeko baliatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude