“Euskaraldia” ate joka

Azaroaren 12tik 22ra jaso ahalko dira ariketa sozialean parte hartzeko txapak

Egun gutxi barru, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Irungo hiria Euskaraldia ariketan sozialean murgilduko da. Azaroaren 7an eta 10ean formazio saioak egin ziren Palmera Montero gunean. Hortaz gain, Euskal Herri osoko hiri eta herrietan egingo den ariketa sozialean parte hartzeko txapak azaroaren 12tik 22ra jaso ahalko dira hiriko puntu ezberdinetan.

Azaroaren 12tik 22ra egongo da Euskaraldian parte hartuko duten pertsonen rolak identifikatzen dituzten txapak jasotzeko aukera. Astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara Urdanibia plazan kokatutako Irungo Udal Euskaltegian jaso ahalko dira txapa horiek. Azaroaren 17 eta 18an, berriz, parte-hartzaileek egun osoan zehar jaso ahalko dituzte haien txapak San Juan plazan.

Aipatutako puntuetan txapaz jasotzeaz gain, ariketan izena emateko aukera izango dute interesatuek txapak banatzeko antolatu diren egun horietan zehar. Hortaz gain, internet bidez “izenematea.euskaraldia.eus” webgunean edonoiz eman daiteke izena. Izen-ematea paperean egin nahiko balitz, berriz, hiriko puntu ezberdinetan banatu diren izen-emate orriak HAZ bulegoan entregatuta egin ahalko da ere.

Formazio-saioak
Azaroaren 7an eta 10ean Euskaraldian parte hartuko duten hiritarrentzako formazio saioak antolatu ziren Palmera Montero gunean. Hautatuko rolaren araberako formazio-saio bereziak eskaini zituzten, Ahobizi eta Belarriprestek jarraitu beharreko argibideak eta gomendioak emateko. Formazio saioetan, informazioa eskaintzeaz gain, bertaratutakoek Euskaraldiaren inguruko zalantzak argitu eta euskararen erabilerarekin loturiko ariketa praktikoetan parte hartzeko aukera izan zuten.

Rolen desoreka
Urriaren amaieran bildutako datuen arabera, Euskaraldiak jada 1.000 izen-emateak gainditu zituen Irunen. Lehen izen-emate datuak bildu ostean ariketa sozialaren barneko bi rolen artean desoreka nabaria antzematen da. Izan ere, izen-ematea egin dutenen %80ak Ahobizi rola hautatu du, %20ak Belarriprest rola aukeratu duen bitartean. Antolakuntzatik Belarriprest moduan aritu daitezkeen irundarrak ekimenean parte hartzera animtzen dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude