Stadium Gal: Bidasoaldeko futbolaren tenplua mende bat betetzear da

Bidasoa ibaiaren ertzean, muga natural eta kultural baten gainean eraikia, Stadium Gal ehun urteko historia betetzear da. 1926ko irailaren 19an ateak ireki zituenetik, Irungo kirolaren eta gizartearen bihotza izan da, kirol arloan batez ere. Zelaia ez da soilik Real Unión taldearen etxea eta babesleku historikoa, baizik eta baita Gipuzkoako zein Euskal Herri osoko futbolaren zutabe nagusietako bat ere. Bere lehen mendean zehar garai gozoak, gerraren iluntasuna eta berritze aroak bizi izan ditu, kokapen berean egonik. Gaur egun, mendeurrenaren ospakizunetan murgilduta, estadioak harrotasunez begiratzen dio atzean utzitako ondareari, etorkizunari ilusioz eta arduraz heltzen dion bitartean.

Stadium Gal eraiki aurretik, futbola errotuta zegoen dagoeneko Irungo gizartean. Hiriko lehen futbol zelaiekin hasi zen guztia: 1902an Kostorbe zelaia erabili zen Irun Foot-ball Clubaren lehen partiduetarako; ondoren, taldeak 1906an Irun Sporting Club izena hartu zuen. Aurrerago, 1910ean, Amuteko zelaia inauguratu zen, Kaputxinoen elizatik gertu, Racing Club de Irun taldearen egoitza izateko. Azken hori urtebete lehenago Irun Sporting Cluben gertatutako zatiketa batetik sortutako taldea zen, hain zuzen ere.

Argazkia: Irungo Stadium Galen inaugurazio partidua. (Iturria: Kutxateka. Identifikazio zk.: 64107578).

Bi talde irundar horien arteko lehiakortasuna handia zen, baina Alfonso XIII.a Erregeak bi klubak bateratzeko ideia sustatu zuen. Sustapen horri esker, 1915eko maiatzaren 9an bi taldeek bat egin zuten, Irunen gaur egun aski ezaguna den Real Unión kluba sortuz. Eraikuntza berria egin zen arte, Real Uniónek Amuten jokatzen jarraitu zuen, baina klubaren hazkundeak eta garai hartako kirol irrikak estadio berri eta osatuago baten beharra azaleratu zuten.

Duela 100 urte zelai hau eraiki zen eta gogoratu behar da nola gertatu zen hori eta nork erraztu zuen gaur hemen Stadium Gal bat edukitzea”

Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria

Eraikuntza proiektuak babes instituzional zabala jaso zuen. El Bidasoa egunkariak 1924ko maiatzaren 18ko alean jaso zuenez, Irungo Udalaren osoko bilkuran erabaki zen estadio bat eraikitzeko proiektua babestea Real Unión Clubekin adostuta. Bilkura hartan bertan, zinegotzi batek barruti berean frontoi bat eta gimnasio bat eraikitzea ere eskatu zuen, premiazkoa zela nabarmenduz. Urtebete geroago, 1925eko maiatzaren 10eko alean, obren esleipenaren berri eman zen: lana Agustin Urreiztiri esleitu zitzaion, Donostian egoitza zuen eraikuntza sozietatearen ordezkari gisa, 99.283 pezetako aurrekontuarekin.

Salvador Echeandia Galen dohaintza

Stadium Galen historia ezin da ulertu Salvador Echeandia Galen figura gabe. Irunen jaioa 1867an, Genaro Echeandia Irungo alkate izandakoaren semea zen; aitak 1872-1873 eta 1879-1882 artean kudeatu zuen Irungo Udala. Salvador enpresari nabarmena bilakatu zen, besteak beste, Porcelanas Bidasoa eta Perfumería Gal ospetsuen fundatzaile gisa.

“Asko izan dira bertatik igarotako belaunaldiak; ez bakarrik jokalarien aldetik, baita zaleak eta klubean lan egin duten pertsona guztiak”

Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria

Argazkia: Irungo Stadium Galen inaugurazio partidua. (Iturria: Kutxateka. Identifikazio zk.: 19025841).

Echeandiak babes ekonomiko aipagarria eman zion bere jaioterriari: 313.171,23 pezeta eta 20.000 m² inguruko lursailak dohaintzan eman zizkion Udalari, Irunek kirol zelai moderno bat izan zezan. Dohaintzaren xehetasun guztiak 1926ko irailaren 19ko El Bidasoa aldizkariaren alean ikusi daitezke, dohaintzaren egileak berak idatzitako gutun baten bidez.

Irungo hiriak bihotzez erantzun zion eskuzabaltasun horri. 1925eko ekainaren 28ko udalbatzan Salvador Echeandia “Hiriko Seme Kutun” izendatzea erabaki zen, eta saio berean, bere aitaren omenez, Irungo plaza bati Genaro Echeandia izena ipintzea adostu zen. Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria bat dator Salvador Echeandia Galek merezi duen errekonozimenduarekin: “duela 100 urte zelai hau eraiki zen eta gogoratu behar da nola gertatu zen hori eta nork erraztu zuen gaur hemen Stadium Gal bat edukitzea”. Ondorioz, klubean ere Echeandia Gal beti gogoan eduki beharrean direla azaldu du.

Stadium Galen inaugurazioa

Stadium Galen irekiera ekitaldia gertaera epikoa izan zen garaiko gizartean. Inaugurazio egunean José Eguino parrokoak bedeinkatu zuen zelaia. Ekitaldian parte hartu zuten Irungo Udalak bere osotasunean, Hondarribia eta Hendaiako ordezkariek, barrutiko diputatu probintzialek eta beste hainbat pertsona ospetsuk. Salvador Echeandiak zelaia Irungo Udalari eman zion, eta Udalak, berriz, Real Unióni laga zion erabilera.

Garai ezberdin asko bizi izan digu Stadium Galek 100 urte hauetan, polikipoliki hobetzen joateko”

Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria

Partidua hasi aurretik, Primo de Rivera gobernuburua agertu zen harmailetan, Gobernazio, Ogasun eta Estatu ministroekin batera. Real Unión eta F.C. Barcelona taldeetako jokalariek zutabe bat osatu zuten tribuna presidentzialaren aurrean. Jenerala zelaira jaitsi zen, Real Uniónen banderari Futbol Federazioen Asanblada Nazionalak emandako “Kirol Merituaren” gorbata eman zion, eta futbolari guztiak banan-banan agurtu zituen. Argazki horiek guztiak gaur egun Kutxatekan daude ikusgai, gertaeraren oihartzun handiaren lekuko.

Urrezko Garaiak

Irungo “Stadium Galen” 1927ko otsailaren 13an “Real Union” eta “Real Sociedad” taldeen arteko partida, Gipuzkoako txapelketako kanporatzailea. (Iturria: Kutxateka. Identifi.: 32120257).

Stadium Galek Real Uniónen urrezko aroak bizi izan zituen. Taldea Espainiako Lehen Mailako Ligaren sortzaileetako bat izan zen 1928-1929 denboraldian. Zelaian bertan zein haren aurreko urteetan lortutako garaikurrek koroatu dute klubaren historia: Errege Kopak irabazi zituzten 1913an, 1918an, 1924an eta 1927an (1992an txapeldunorde ere izan ziren). Gaur egun ere, lau data horiek zelaian bertan margotuta ikus daitezke, garaikurrekin batera. Stadium Galen iraganaz galdetuta, Emeryk gogoan ditu zelaitik igarotako guztiak: “Asko izan dira bertatik igarotako belaunaldiak;  ez bakarrik jokalarien aldetik, baita zaleak eta klubean lan egin duten pertsona guztiak”. Belaunaldi horiek guztiak ondo oroitzeko eta datari merezi duen balioa emateko, horrelako mendeurren bat ondo ospatzearen garrantzia azpimarratu du klubeko lehendakariak.

Nazioarteko oihartzuna ere nabarmena izan da. Steve Bloomer entrenatzaile ingeles ezaguna Real Uniónen entrenatzaile izan zen, eta haren omenez Steve Bloomer Trofeoa sortu zen. Halaber, taldeak Boca Juniors bezalako erraldoi baten aurka jokatu du, eta gaur egun Aston Villarekin duen lankidetzari esker, Erresuma Batuan eta Europa osoan da ezaguna. Zelaiak Irundik kanpo duen garrantziaren jakitun ere bada Igor Emery: “Izan ere, hau ez da bakarrik Irungo futbolaren etxea; Bidasoaldeko, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko futbol zelai garrantzitsuenetako bat da”. Egun Real Unión klubeko lehendakaria denak azaldu duenez, “orain ere, Aston Villarekin dugun harreman horri esker, Ingalaterran gehiago ezagutzen gaituzte”.

Gerra Zibilaren garai iluna

Nolanahi ere, Stadium Galen historiak baditu orrialde ilunagoak ere. Gerra Zibilean zehar eta gerra ostean, futbol zelaia presoen kontzentrazio esparru gisa erabili zuten agintari frankistek.

“Izan ere, hau ez da bakarrik Irungo futbolaren etxea; Bidasoaldeko, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko futbol zelai garrantzitsuenetako bat da”

Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria

Emilio Rodriguezen ohorezko itzulia, Espainiako Vueltako irabazlea Gal Belodromoan 1950eko abuztuan. (Iturria: Irungo Udal Artxiboa. Erreferentzia zk.: 27645).

Terminologikoki, Stadium Galek gehiago funtzionatu zuen “sailkapen esparru” gisa kontzentrazio esparru orokor gisa baino. Presoek egun gutxi batzuk baino ez zituzten ematen bertan; gehienak Frantziatik itzulitako errefuxiatuak ziren; milizianoak nahiz zibilak. Bertan atxilotuta zeuzkaten bitartean, sailkatu egiten zituzten: batzuk askatu egiten zituzten, beste batzuk beste kontzentrazio esparru batzuetara edo langileen batailoietara bideratzen zituzten, eta kasurik okerrenean, espetxeratu egiten zituzten auzi judizial bati aurre egiteko.

Azpiegituren bilakaera

Urteak igaro ahala, Stadium Gal gizartearen eta futbol profesionalaren eskakizunetara egokitu da. Adibidez, 1950ean zelaia berritu eta inguruan belodromoa eraiki zen. Urte hartan bertan, Espainiako Vueltako etapa bat Stadium Galen amaitu zen, berritzea ospatzeko. XX. mendearen amaieran zelaia oso kaltetuta eta ia abandonatuta zegoen. 1997an berritze-lan sakonak hasi ziren, eta 1998ko abuztuan berriro inauguratu zen eta zelaiak gaur egun duen itxura hartu zuen.

Egun, zelaia bi futbol zelaiez osatuta dago: zelai nagusia, naturala, eta alboan duen zelai artifizial txikiagoa. Igor Emeryren hitzetan, “garai ezberdin asko bizi izan ditu Stadium Galek 100 urte hauetan, poliki-poliki hobetzen joateko”. Klubeko lehendakariak gogoan du duela 4 urte eserleku guztiak aldatu zirela: “Koloreari dagokionez, lehen zelaian zuria nagusitzen bazen ere, orain beltz gehiago du, zelaiari goxotasun gehiago emateko eta zelai ingelesen tankera hartzeko”. Azken urteetan Udalarekin batera igogailua jarri da harmailetarako irisgarritasuna hobetzeko. Hala ere, etorkizunera begira egin beharreko beste hainbat berrikuntza aurreikusten ditu Emeryk, jokalari zein ikusleen erosotasuna helburu izanik. Datorren urtean, zelai nagusiko berdegunea berritzeko proiektua dagoela aurreratu du klubeko lehendakariak, 30 urteren ostean berritu beharrean baitago. Era berean, zelaiaren barneko instalazioek hobekuntzak behar dituztela adierazi du Emeryk, Stadium Gal merezi duen moduan zaintzeko.

Mendeurrenaren ospakizuna

Mendeurrena aukera paregabea izaten ari da Real Uniónen familia osoarentzat —jokalari, zale eta langileentzat— etxeko zelaiaren iragana gogoratu eta balioesteko. Ospakizunen artean, askotarikoak dira antolatu diren ekintzak. Kirol ekitaldiei dagokienez, Ekainean Gipuzkoako Futbol Federazioaren gala eta mugaz gaindiko txapelketa jokatu ziren. Abuztuan Euskal Herria Kopako emakumezkoen finala izan zen (Reala vs Athletic), eta irailaren 25ean gizonezkoen finala egingo da orduko gizonezkoen talde berekin.

“Mirandesen aurka etxean jokatuko dugu, zelaia inauguratu zen egun berean”

Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria

Klubeko presidenteak gogoratu duenez, denok buruan eduki behar dugun data irailaren 19a da: “Mirandesen aurka etxean jokatuko dugu, zelaia inauguratu zen egun berean”. Egun horretan etxean jokatzeko eskaera egin zitzaion federazioari, eta Mirandesen aurka arituko dira, inaugurazioaren egun berean. Igor Emeryk azaldu duenez, “gure zale guztiak gonbidatuta daude aurten Stadium Galera etortzera eta urteurren berezi hau elkarrekin ospatzera”.

Gure zale guztiak gonbidatuta daude aurten Stadium Galera etortzera eta urteurren berezi hau elkarrekin ospatzera”

Igor Emery, Real Unión klubeko lehendakaria

Dena den, Emeryk adierazi du urtean zehar zelaiaren mendeurrenarekin loturiko beste hainbat ekimen izango direla hirian. Adibidez, mendeurrena bete aurreko egunetan, irailean, Carlos Fernández de Casadevante klubeko presidente ohiak hitzaldia emango du zelaiaren eta klubaren historia xehetuz. Gainera, denboraldian zehar, zelaiaren kanpoaldean lona handiak jarriko dira argazki historikoekin. Era berean, jokalarien aurtengo kamisetak mendeurrenaren logo berezia darama eta logo hori bera klubak urtean zehar egingo diren komunikazioetan erabiltzea du pentsatuta.

Kirol mailan garai gozoak bizi ditu klubak berriro. Lehen taldeak Lehen RFEF mailan jarraitzen du, bigarren taldea eta bi jubenilak mailaz igo diren bitartean. Beraz, etorkizunari ilusioz, erantzukizunez eta familia giroan begiratzen dio Stadium Galek, Bidasoako kirolaren ikur izaten jarraitzeko asmoz.

Stadium Gal

Stadium Gal 1926ko irailaren 19an inauguratu zen Bidasoa ibaiaren ertzean, Salvador Echeandia Gal mezenas irundarraren lursail zein diru-dohaintzari eta Udalaren babesari esker. Hasiera-hasieratik Real Uniónen egoitza nagusi eta Irungo kirol-bizitzaren bihotz bilakatu zen, kluba Lehen Mailako sortzaile zein lau Errege Koparen txapeldun izandako urrezko garaiak bertatik bertara biziz. Gerra Zibilean presoen sailkapen esparru gisa erabilia izan ondoren, zelaia hainbat aldiz eraldatu da: 1950ean belodromoa eraiki zen eta 1997an gaur egungo azpiegitura nagusia emango zion berritze sakona egin zitzaion. Gaur egun, mendeurrenean murgilduta, nazioarteko oihartzuna duen eta belaunaldiz belaunaldi irundarren sentimendua pizten jarraitzen duen Bidasoaldeko futbolaren tenplu bizia da.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude