
Parean elkarteak Kirola Par(t)ekatuz 2026-2027 – Irungo kirol kluben eskaintza neska eta emakumeentzako gida argitaratu du. Ekimen honen helburu nagusia da hiriko neska zein emakumeei kirol-aukerei buruzko informazioa modu erraz, praktiko eta bateratuan helaraztea. Horrela, genero-estereotipoek kirola aukeratzeko orduan duten eragina murriztu nahi da, emakumeen parte-hartzea eta kirol-praktika modu aktiboan bultzatuz.
Baliabide berri honek Irungo 33 kirol kluben informazio zehatza jasotzen du: adin-tarteak, nesken taldeak edo talde mistoak dauden, eskainitako jarduera motak eta klub bakoitzarekin harremanetan jartzeko bideak. Gainera, gidak atal berezi bat du kirol-eremuan berdintasuna bultzatzeko praktika onekin; hortaz, klubentzat berentzat ere tresna erabilgarria da beren jarduna genero-ikuspegitik aztertzeko, ikusgarritasuna handitzeko eta ingurune berdinzaleagoak eraikitzeko.
Urriaren 18an Igande Sasoi
Gidaren aurkezpenarekin batera, Parean elkarteak gogorarazi du urriaren 18an Igande Sasoi ekimena ospatuko dela Irunen. Jardunaldi horren bidez kirol-eskaintza kalera aterako da, herritarrek, eta bereziki neska zein emakumeek, hainbat kirol-diziplina gertutik ezagutu eta probatu ahal izateko. Elkarteak herritar zein familia guztiak gonbidatu ditu parte hartzera eta orain arte aztertu gabeko kirol-jardueretara hurbiltzera.



