Oiasso Museoak Pirinioetako Burdinaren Bidea elkartearen ekimenarekin bat egin, eta Burdina historian zehar I. argazki sariketa antolatu du, sareko museo eta monumentuen ondare siderurgikoa ezagutarazteko. Pirinioetako Burdinaren Bideak Gipuzkoatik Kataluniara darama, eta Andorrako eta Akitania Berriko museo eta monumentuak ere hartzen ditu barnean.
Argazkilaritza atsegin duten eta burdingintzaren eta siderurgiaren lekukotasunek erakartzen dituzten guztiek parte har dezakete sariketan. Aurkezten dituzten argazkiek, zuzenean edo zeharka, sariketaren gaiarekin lotuta egon behar dute, eta, autoreen ikuspuntu pertsonalaz ari garenez, ondarean multzo gisa, xehetasun arkitektoniko batean edo sariketaren gaiarekin lotutako gai batean jar dezakete arreta.
Sariketan esku hartzeko, ez da nahitaezkoa parte hartzea, baina, nolanahi ere, elkarteak jarduerak, tailerrak, bisita gidatuak… eskainiko dizkie parte hartzaileei, museo eta monumentuak haien eskuetan jartzeko.
Oiasso Museoak, adibidez, larunbatero, 11:00etan, doako bisita gidatuak eskainiko ditu, Irugurutzetako interpretazio zentroan, herritarrak zentroa bera bisitatzera eta argazki sariketan parte hartzera animatzeko: martxoaren 25ean eta apirilaren 8an eta 22an, gaztelaniaz, eta, apirilaren 1ean eta 15ean, euskaraz.
Sariketan parte hartzeko, interesdunek helbidea honetan sartu behar dute, eta izena eman eta argazkiak igo; gehienez ere, bi. Oiasso Museoaren webgunean eskuratu daiteke informazio gehiago.
Erromatarren garaitik XX. mendera arte, meatzaritza lan nabarmenak egin dira Aiako harrian, eta Irugurutzetan bada ondare industrialaren eredu interesgarri bat. Meatzarien rola oso garrantzitsua izan da Irunen historian ere.
Hitzordua Irugurutzetako interpretazio zentroan bertan izango da, 11:00etan, eta interesdunek izena eman behar dute, Oiasso Museoaren bidez, 943639353 telefono zenbakira deituta.
Gipuzkoan, Oiasso Museoak ez ezik, honako hauek parte hartuko dute sariketan: Eibarko Armagintzaren Museoak, Mutiloako Meatze Barrutiak, Zerain Paisaia Kulturalak eta Burdinbidearen Euskal Museoak.