Irunen iragan meatzaria ezagutzeko txangoa proposatzen du Lapurriturriko informazio guneak

Lapurriturriko informazio guneak, zeina Aiako Harria parke naturalean dagoen eta Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko Arloak sustatzen duen, hurrengo jarduera programatu du: uztailaren 16an iraganeko Irun meatzaria ezagutzeko irteera bat.

Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek azaldu duenez, “gure irtenaldirik klasiko eta berezkoenetako bat da hau, Aiako Harriaren eta inguruaren iraganean murgiltzen baikara, bertako meatzaritzan, eta espero dugu eguraldia lagun izango dugula oraingoan. Informazio guneak antolatzen dituen jarduera guztietan bezala, ekimenaren alde pedagogikoaz gain, gure ingurune naturalaz gozatzeko goizpasa bat eskainiko diegu parte hartzaileei”.

Txango horretara joan nahi duenak izena eman dezake 010 telefonora deituz edo www.irun.org Web orriaren bidez, dauden plazak betetzen ez diren bitartean. Uztailaren 14an amaituko da epea. Jarduera doakoa da eta eguraldiaren egoeraren mendean geratzen da.

Bertaratzen direnak 10:00etan egon behar dute Lapurriturriko Informazio Gunean arduradunak zuzenduko duen txangoan parte hartzeko. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da mendirako arropa eta oinetako egokiak erabiltzea. Txangoaren iraupena bi ordu eta erdikoa izango da.

Meatze iragana

Aiako Harriko eta inguruko meatzaritza jarduera garrantzia handikoa izan da. Erromatarren garaietatik XX. mendera arte minerala erauzi, garraiatu eta kaltzinatu egin da, eta jarduera horren hondarrak izango dira txango honetan bisitatuko dena. Beste batzuen artean, Askaingaina eta Miazuri eremuak bisitatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude