Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi duenez, datorren asteartean, azaroak 10, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko Irun Zuzenean aretoak Carlos Blanco Aguinaga idazle eta pentsalari irundarraren omenezko ekitaldia hartuko du, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen den egunean. Hitzorduan zehar “Un tiempo tuyo: ensayos sobre la literatura del exilio republicano” liburua aurkeztuko da; lan honek egileak berak bere ibilbidean zehar errepublikaren erbeste-literaturari buruz ondu zituen saiakerak biltzen ditu. Ekitaldian idazlearen alabetako bat izango da, Alda Blanco, eta bertaratu nahi dutenek aldez aurretik eskuratu beharko dute doako sarrera udalaren webgunean.
Carlos Blanco Aguinaga 1926an jaio zen Irunen, eta hiriaren historiako literatura- zein akademia-figura garrantzitsuenetako bat izan zen. Familia errepublikano baten baitan hezia, 1936an Espainiako Gerra Zibila piztu zenean Hendaiara erbesteratu zen familiarekin, eta 1939an Mexikora emigratu zuen. Han goi-mailako ikasketei ekin zien, eta Harvarden lortutako beka bati esker Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, 1948an Floridako Unibertsitatean lizentziatuz. Ikasketak amaituta, merkataritza-ontzi batean denboraldi batez aritu ondoren, Mexikora itzuli eta Letra Hispanikoetako doktoretza burutu zuen Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalean (UNAM).
Ibilbide akademiko oparoan zehar, Blanco Aguinagak maisutza utzi zuen hispanista eta idazle belaunaldi ugaritan. Estatu Batuetako Ohio, Johns Hopkins eta San Diego-La Jolla unibertsitateetan aritu zen katedradun, eta 1980ko hamarkadan sortu berria zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ere irakasle jardun zuen. Erretiroa hartu ostean Kalifornia San Diego Unibertsitateko irakasle emeritua izan zen, 2013an zendu zen arte. Gaur egun bere omenezkoa da Irungo CBA liburutegi eta kultur zentroaren izena, eta astearteko aurkezpenak haren pentsamendua eta erbestearen inguruko ekarpen literarioa berriz gogoratzeko balio izango du.



