Aste Santuan Irunez gozatzeko arrazoiak ez dira faltako

Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak, Aste Santuko oporraldiaren aurreko egun hauetan, geure hirian irundarrentzat zein bisitarientzat eskainiko diren aukeren berri eman du, «egun hauetan hirian gozatu nahi duten guztientzat, urteko beste sasoi batzuetan, akaso, egin ezin ditzaketen jardueretarako. Bi urteren ondoren, azkenean, garai bateko Aste Santuen antzeko oporraldi bat izango dugu, eta guztion nahia da normaltasuna lehenbailehen berreskuratzea», adierazi du Borja Olazabalek.

Guztia errazteko, espazio berezi bat abiarazi da Udalaren webgunean, intereseko informazio guztia bilduta. Jardueren programa honetan denetarik aurkituko dugu, Irunen protagonista izango diren ekitaldi nagusiak eta askotariko proposamenak, gure hiriko naturaren eta inguruneen eskaintzatik hasi eta kirolarekin lotutako planetara, tartean kultura, ondare historikoa edo aisialdia ahaztu gabe. Proposamen guztiak «Es Irun da» marka elebidunarekin batera aurkeztuko dira. Hiria sustatzeko kanpaina baten leloa da, Aste Santu honetan hasita, eta erakundeen nortasunaren ikur gisa gero eta presenteago egongo da.

Izan ere, 2022 honetan Irunek ekintza eta proiektu estrategiko ugariri egingo die aurre, hala nola CBAren bigarren fasea, hiriaren sustapena erromatar helmuga gisa edo San Migeleko Emigrazioaren eraikina birgaitzeko eta bertan ekipamendu berriak instalatzeko prozesua. Horri, gainera, urtean zehar izango ditugun zenbait ekitaldi garrantzitsu gehitu behar zaizkio: Espainiako Itzuliaren bosgarren etapa edo 1522ko batailaren bosgarren mendeurrena, besteak beste. Premisa horien arabera, «Es Irun da» kanpainaren asmoa da Irunek 2022. urte honetan bizi duen une estrategikoa aldarrikatzea.

Borja Olazabalek hiriak irundarren eta bisitarien esku jartzen dituen baliabideak nabarmendu ditu, batik bat naturaguneez eta hiriaren inguruaz gozatzeko. Aiako Harriko Lapurriturriko informazio-puntua nabarmendu behar da. Apirilaren 14tik (osteguna) 18ra (astelehena) 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta bisitariek naturaguneko landare eta animaliei buruzko informazio guztia topatuko dute bertan.

Era berean, Garapen Jasangarriko ordezkariak gogora ekarri du «Irun berdea» eskuorria: «iaz berrargitaratu zen, oporretan Irunen bertan planak egiteko mezua bultzatzeko, eta ibilaldiak proposatzen dira hiri inguruan: Bidasoa aldean, Aiako Harriko naturagunean, nola ez, San Martzial mendi eta ermita inguruan eta Txingudiko hezegunean.

Triptiko bat da, eta ibaiaren bokalean gure natura-ondarearen aberastasuna sustatzeko jarri ziren informazio-panelen antzekoa da».

Natura-ingurunearekin lotutako intereseko beste baliabide bat Irugurutzetako meategiak dira. Oiasso Erromatar Museoak antolatzen ditu bertako bisitak, hiriaren ondare kultural eta historikoarekin lotutako beste proposamen batzuekin batera. Hauxe da Oiasso museoaren programa:

TIR: TOUR IRUN ROMANO + BISITA AMA XANTALENGO NEKROPOLIRA Jende ororentzat. Ibili Irungo kaleetan barrena TIR aplikazioarekin, eta ezagutu Oiassori bizia eman dioten aztarnategi arkeologikoak. Ibilbide horretan, Ama Xantalengo ermitara sartuko gara, antzinako nekropoli erromatarra ikustera. Apirilaren 17 eta 24ko igandeetan // 11:00 – 12:30 // 5,50 €

IRUGURUTZETAKO LABEAK ETA MEATZEA. Jende ororentzat. Irugurutzetako inguruan bertan izango da hitzordua, eta meatzea eta kaltzinazio-labeak ikusiko dira. Apirilaren 16 eta 23ko larunbatetan // 11:00 – 12:00 // 5,50 €

OIASSO MUSEOKO BISITA AZALPENAK EMANEZ. Jende ororentzat. Irungo erromatarren garaia ezagutuko da, bisitaldian azalpenak emanez. Apirilaren 18an, astelehenarekin // 11:00-12:00 // 5,50 €

ARKEOLAB: ARKEOLOGIA TAILERRA. 8 urtetik gorakoentzat eta familientzat Museoan bertan, induskatu eta laborategian ikertuko da aurkitutako objektuek zer kontatzen diguten. Apirilaren 14 eta 21eko ostegunetan // 11:00 – 12:30 // 4 €

MOSAIKO-TAILERRA. 6 urtetik aurrera. Mosaikoaren teknika ikasi eta bat egingo da, tesela txikiak erabiliz. Apirilaren 19 eta 22ko ostiraletan // 11:00 – 12:30 // 4 €

“ZINEA ETA ERROMA” TAILERRA 8 urtetik gorakoentzat eta familientzat Ezagutzen al dituzu Romulo eta Remo? “Erroma eta zinema” tailerrean, animaziozko film labur batean parte hartuko duzu, urratsez urrats. Apirilaren 15ean, ostiralarekin, eta apirilaren 20an, asteazkenarekin, // 11:00 – 12:30 // 4 €

“HERKULESEN 12 PROBAK” APP-A 8 urtetik gorakoentzat eta familientzat Museoa modu dibertigarrian ezagutzeko modua, hamabi proba gaindituz. Museoaren ordutegian // 3,85 €

OIASSOKO PIEZA BIHURRIAK. Familientzat. Joko honetan, Oiasso Museoan ezkutatutako objektuen irudiak aurkitu eta sare sozialetan partekatu behar dira. Museoaren ordutegian // 3,85 €

Jardueretarako, aurretik izena eman behar da: 943 63 93 53 // Info-oiassomuseo@irun.org / www.oiasso.com

Erakusketekin jarraituta, aipagarria da Menchu Gal aretoan ikusgai dagoen «Historias de onirismo» esposizioa, Mabi Revuelta artistarena. Jaiegun hauekin lotuta ere, Junkaleko parrokian irekita daukate Aste Santuko pausoen erakusketa.

Musika ere izango dugu, «Kultura km0» ekimeneko kontzertu akustikoen lehen zatia amaitzeko. Hilaren 22an, 20:00etan, Santalla taldeak joko du Zabaltza plaza eta Cipriano Larrañaga kaleko tabernen aldean. Programazioa osatzen dute Liburu Azokak (asteazkenean aurkeztuko da) eta Espainia eta Portugalen arteko emakumeen nazioarteko eskubaloi-partidak, hilaren 24an, Artalekun. Larunbatean ere jarduerak egingo dira. Sarrerak salgai daude https://venta.copadelareina2022.com/ webgunean. Astea amaitzeko, apirilaren 24an, Igandero ekimenaren barruan, kimuen kategoriako txirrindularitza-lasterketak izango ditugu, Irungo Txirrindulari Elkartearen eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude