Irungo Udalak 2027ko zergak eta tasak izoztu eta OHZren hobariak zabaldu ditu

Irungo Udalbatzak, urriaren 30eko ohiko Osoko Bilkuran, datorren 2027. urterako indarrean dauden udal-zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izoztea onartu du. Erabaki honekin batera, Udalak aho batez onartu du Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) hobari-sistema kolektibo berrietara zabaltzea. Hemendik aurrera, onura fiskal horiek eskuratu ahal izango dituzte guraso bakarreko familiek, etxe-buru diren eta etxeko zein genero-indarkeria jasan duten pertsonek, baita kalteberatasun-egoeran dauden herritarrek ere.

Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak saioan azpimarratu duenez, neurriak udal-baliabideen eta diru-sarreren kudeaketa arduratsuari erantzuten dio: “Irundarrei ahalegin ekonomiko gehigarririk noiz eskatu behar ez zaien jakitea ere bada erantzukizunez kudeatzea. Bidezko fiskalitatea ez datza soilik zenbat biltzen dugun erabakitzean; dirua nola biltzen dugun eta ahalegin hori nori eskatzen diogun pentsatzea ere bada kontua”. Alzagak gaineratu duenez, “familia bakoitzaren atzean errealitate propio bat dago, eta gure betebeharra hori kontuan hartzea da, familia guztien ahalmen ekonomikoa aintzat hartuko duen fiskalitaterantz joateko”.

Zergak eta tasak ez igotzeko erabakia hartzerakoan, Udalak hainbat adierazle ekonomiko izan ditu oinarri; besteak beste, udal-zergen bilketak izandako bilakaera positiboa eta 2027ko ekitaldirako aurreikusitako diru-sarrera berriak, horien artean egonaldi turistikoen gaineko zergatik eratorritakoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude