Aldundiak 1.433 milioi bideratuko ditu Gipuzkoara 2027an eta funtsezko proiektuak bultzatuko ditu Irunen

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2027rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, lurraldearen gihar soziala eta ekonomikoa indartzeko helburuarekin. Eider Mendoza ahaldun nagusiak iragarri duen 1.433 milioi euroko zuzkidura horren barruan —aurreko urtean baino 137 milioi gehiago—, Irunek protagonismo berezia izango du arlo ekonomikoan, foru erakundeak etorkizuneko industriaren aldeko apustu irmoa egingo baitu hiriko polo bioteknologikoa bultzatuz.

Gaur egungo testuinguru globaleko ezegonkortasunaren aurrean “ziurtasuna eta konfiantza” eskaintzea da Aldundiaren asmoa, eta horretarako ekonomiaren sustapenean zein jasangarritasunean jarri dituzte lehentasunak. Bide horretan, Irungo polo bioteknologikoaren garapena Gipuzkoako enpresa-sarea indartzeko eta berrikuntzan oinarritutako industria berrirako trantsizioan proiektu estrategiko gisa kokatu dute.

Zainketa eta errepideak

Zainketen eta Gizarte Politiken departamentuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu zuzkidura nagusia izango du 2027an, 687 milioi euro guztira, 2026an baino 89 milioi gehiago. Baliabide horiei esker, departamentuak artatutako kolektiboetako pertsonen arreta eta laguntza indartu ahal izango da. Horrela, aurrekontu proiektu honek biztanleko 937 euro inbertitzea proposatzen du, 2026an baino 121 euro gehiago.

2027an Egoitza-baliabide berriak eraikitzeko bultzada mantenduko da, Irunen Arbesko egoitza eraikitzeko obrekin jarraituz. Foru aldunditik adierazi dutenez, Egoitza baliabide berri horiek garatzea urrats garrantzitsua da 2024-2030 aldirako Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen aurreikuspenak betetzeko. Gainera, Desgaitasuna duten pertsonentzako arretaren arloan, aurreikusitako jarduketen artean, Irunen, Porcelanas inguruan eguneko zentro berri bat sortuko da.

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak 122,4 milioi euroko proposamena egin du 2027rako. Kopuru horri esker, Gipuzkoan mugikortasuna eta konexioak hobetzeko proiektu estrategikoak sustatzen jarraituko dugu. Horrela, datorren urtean, Bidasoaldeko errepideen mugikortasuna eta inpaktua hobetzeko plan handia garatzen jarraituko da. Irunen, Arbes-Oinaurreko lotunea eraikitzeko lizitazioa egingo da, eta aurreikusitako azpiegitura berrien proiektuek eta obrek aurrera egingo dute.

Azkenik, Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak 15,2 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du, Adinberri, Via Irun eta Oñatiko Unibertsitatearen Plan Zuzentzailea bezalako proiektu estrategikoetara bideratuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude