Irungo Gabonetako Azokan saltoki bat jartzeko eskaerak azaroaren 5era arte aurkeztu daitezke

Irungo Udalak zabaldu du Zabaltza plazako Gabonetako Azokan saltoki bat izateko eskabideak aurkezteko epea. Azoka 2026ko abenduaren 11tik 2027ko urtarrilaren 5era bitartean egingo da, eta interesdunek azaroaren 5era arte (osteguna) izango dute eskaerak bideratzeko aukera udalaren egoitza elektronikoaren bidez (www.irun.org/sede) edo HAZen (San Martzial kalea, 2).

Deialdian Gipuzkoako artisautza– eta merkataritza-saltokiek eman dezakete izena —lehentasuna irundarrek izango dute—, eta aurtengo berrikuntza nagusi gisa, Irungo GKEek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek ere parte hartu ahal izango dute.

Izaera berritzailea

Aurtengo edizioak izaera berritzailea izango du: etxolen berezko argiztapenaz gain, dekorazio-elementu argiztatu bereziak jarriko dira plaza apaintzeko eta bisitarientzat giro abegikorragoa sortzeko. Gastronomiak ere pisu handiagoa hartuko du, janariaz eta edariaz gozatzeko mahai eta aulkiak jarriko baitira inguruko ostalaritza-eskaintza osatuz. Horrez gain, egun jakinetan haurrentzako tailerrak eta dinamizazio-jarduerak antolatuko dira (ipuin-kontalariak, txotxongiloak, magia eta musika-animazioa). Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri Bultzada zein Ekonomiaren Sustapenerako ordezkariak nabarmendu duenez, azoka tokiko ekonomiarentzat “aktibo handia eta funtsezko pizgarria” da, Zabaltza plaza elkargune eta merkataritza dinamizatzeko gune neuralgiko bihurtzen baitu.

Guztira 18 salmenta-postu esleituko dira: 9 artisautzarako, 8 merkataritzarako eta bat elkarte edo GKEentzat. Esleipena egiterakoan Gabonetako gaiarekiko kidetasuna, produktuen originaltasuna eta barietatea baloratuko dira, eta lehentasuna emango zaie aurreko edizioetan parte hartu ez duten saltokiei. Eskatzaileek hiru tarte hautatu ahal izango dituzte: lehena, abenduaren 11tik 22ra; bigarrena, abenduaren 23tik urtarrilaren 5era; eta hirugarrena, azoka osoa (abenduaren 11tik urtarrilaren 5era). Hasierako deialdian postu guztiak beteko ez balira, bigarren eskaera-epe bat irekiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude