Irungo Udalak urrats berriak ematen jarraitzen du Aduana zaharra eraberritzeko, Vía Irun proiektuko Hiri Barruti Berritzailea (“iHUB”) sortzeko estrategiaren erdigune bihur dadin. Tokiko Gobernu Batzarrak, ekainaren 26an, eraikina garbitzeko eta hondakinak kentzeko lanen kontratuaren adjudikazioa onetsi zuen.
Kontratua Excavaciones Ipar Lur SLU enpresari adjudikatu zaio, 192.319,41 euroan (BEZa barne), eta lanek 3 hilabete iraungo dute. Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatuko du obra.
Cristina Laborda Irungo alkateak balioetsi egin du Tokiko Gobernu Batzarrean hartutako erabakia; izan ere, “Vía Irun hiriaren historiako proiektu handienetako bat da. Geruza askoko esku-hartzea da, zein baino zein garrantzitsuagoa, eta % 100ean konprometituta gaude, hiria berrikuntzaren erreferente izan dadin. Aduana Zaharra garbitzea bide horretako lehen urratsa da”.
Lan hauek egin behar dira: eraikinak garbitu eta hondakinak oro har kendu, sabai faltsuak eraitsi, instalazioak desmuntatu, egiturazkoak ez diren barruko trenkadak eraitsi, berehala kolapsatuko direla diruditen estalki-hormatalak eraitsi eta egitura osagarriak eraitsi.
Gogoan izan behar da Aduana Zaharra egokitzeko prozesua duela urte batzuetako etenik gabeko prozesu bat dela; izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko maiatzean onetsi zuen higiezina Estatuko Administrazio Orokorrari 1.666.416,76 euroan erostea.
Hurrengo urratsaren helburua zaharberritzea da. Horretarako, 4.980.125,10 euro daude, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako dirulaguntza bati esker, horietatik 500.000 euro Eraberritze Komertzialaren Polorako direnak.
Dirulaguntza hau Inbertsio estrategikoentzako Instituzioen arteko Planean (PIIE 22-24) kokatzen da, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien artean garatu behar dena. Bertan, 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan egin beharreko jarduketak barneratzen dira, instituzioen arteko lankidetza eta berreskurapena, transformazioa eta erresilientzia ardatz bezala duten inbertsioenganako apustua azpimarratzen dutenak, hain zuzen.
Hain zuzen ere, garbitzeko eta hondakinak kentzeko onetsitako lan horiek Aduana Zaharrari eta haren eranskinei eman nahi zaien erabileraren aurreko fase bat dira; izan ere, eraikina “iHUB” inklusibo eta adimendun bihurtu nahi da, hau da, eraikina Vía Irun proiektuko Hiri Barruti Berritzailea (“iHUB”) sortzeko estrategiaren erdigune bihurtu nahi da, eta diseinatzeko, bereziki kontuan hartuko dira berrikuntzaren, ekonomia- eta gizarte-kohesioaren, eta eraldaketa digital eta ekologikoaren premisak.
Aduana Zaharra
Irungo Aduana Zaharraren eraikina Aduana kaleko 18an dago, hiri-bilbeak tren-geltokiko trenbide-hondartzarekin muga egiten duen lekuan. Eraikina 1882ko urrian inauguratu zen eta 1993an itxi zen arte erabili zen. Zerbitzurako nabeek hainbat konfigurazio izan zituzten, eta itxi ostean, eraikina abandonu- eta degradazio-fase batean sartu zen, eta horrek eragin du egungo egoera.