Herritar guztiei jakinarazten zaie HAZaren 2022. urteko memoria argitaratu dela Udalaren webgunean. Argitaratutako datuei erreparatuta, esan daiteke iaz normaltasuna itzuli zela HAZ+ Herritarren Arreta Zerbitzura. Arreta emateko eskaintzen diren lau kanalek (aurrez aurre, egoitza elektronikoan, telefonoz, terminaletan) eta emailak 2020 aurreko dinamika berreskuratu dute, eta guztira 248.032 kontsultari erantzun diete. Guztira, zifra horrek % 9,4ko jaitsiera dakar 2021ekin alderatuta, eta 2020koaren oso antzekoa da (urte horiek salbuespena izan ziren, COVID-19aren pandemiaren eraginez); alabaina, datuak 2019koekin alderatuta, pandemia aurreko azken urtearekin, hain zuzen, beste agertoki bat ageri da: berreskuratu bakarrik ez, erantzundako kontsulten bolumenak % 20,4ko igoera izan du hiru urtean.
Azken bi urteetan bizi izan dugun ezohiko egoeraren ondorioz, aurrez aurre kudeatzen ziren kontsulta asko gainerako arreta-kanaletara bideratu ziren: autozerbitzuko terminalak, egoitza elektronikoa eta, batez ere, telefonoa. 2022an, pandemia gaindituta, badirudi aurrez aurreko kanala indarra hartzen hasia dela berriro, baina oraindik ere telefonoa da arreta emateko kanal nagusia.
Aurrez aurreko kontsultak gora
San Martzial kalean 62.101 pertsonari eman zaie arreta aurrez aurre 2022an. Aurreko urteko datuekin alderatuta, % 27ko igoera da hori. Ez da lortzen duela hiru urteko bolumena, inoizko kontsulta gehien eman zirenekoa (85.000 pertsonari eman zitzaien arreta aurrez aurre 2019. urtean), baina badirudi COVID-19ak etendako goranzko joera itzuli dela.
Aurrez aurre emandako zerbitzuen igoera handi horrekin batera, nabarmentzekoa da aurretiazko hitzordua aukerakoa dela berriz ere, derrigorrezko jartzea ezinbesteko egin zuten ezohiko inguruabarrak amaituta. Horrek azaltzen du, ezbairik gabe, San Martzial kaleko bulegoan arreta jaso arte erregistratu den itxaron-denboraren igoera, pandemia garaiko denborekin alderatuta (2022an: 6 minutu eta 46 segundo).
Aurrezko aurreko arretaren kontrara, 2022an beherakada txiki bat erregistratu dugu telefono bidezko arretan, 010 eta 943505152 telefonoetan. Zerbitzu horrek 98.746 dei jaso ditu urtean zehar, 2021ean baino % 22 gutxiago.
Hirian dauden autozerbitzuko zazpi terminaletan aukera izan dute herritarrek Udalarekiko izapide ugari egiteko, eta gero eta gehiago dira. 2022an, 54.912 izapide bideratu dira ekipamendu horiek erabilita. 2021ean baino apur bat gutxiago (-% 12), orduan 62.633 izan baitziren. Bestalde, ikusi da gero eta gehiago erabiltzen dela sac.010@irun.org emaila Udalarekin harremanetan jartzeko. 2020 eta 2021ean marka historikoa lortu ondoren, apur bat egin du behera jasotako emailen kopuruak, 4.142 izan baitira. Zifra hori iazkoaren azpitik dagoen arren, pandemia aurreko urteetatik datorren goranzko joera baten erakusgarri da.
Bulego berdea
Era berean, aholkularitza energetikoko zerbitzuak lehen urte osoa bete zuen 2022an. Denbora horretan, herritarrek 139 kontsulta egin dituzte, % 72 aurrez aurre eta % 28 emailez edo telefonoz.
Herritarren kontsultetan, elektrizitatearen eta gasaren tarifak eta kontsultak izan dira nagusi: kontsulten % 70 eta % 55 izan dira gai horiei buruzkoak, hurrenez hurren. Gainera, % 10ek autokontsumoko instalazio berriztagarriei buruzko informazioa eskatu du, eta % 5ek birgaitze eta efizientzia energetikoari buruzkoa. Kontsulten % 20 efizientzia energetikorako diru-laguntzei buruzkoak izan dira, eta % 2 hornidura elektrikoaren efizientziari edo autokontsumoko dimentsionamenduari buruzko txostenak eskatzeko (ehunekoen batura 100etik gorakoa da zenbait kontsultatan gai bat baino gehiago jorratu zelako).