Gaur AP-8 autobidean Arbes-Oinaurre lotune osoa eraiki eta hiriarekin konexioa ahalbidetuko duen proiektua idazteko hitzarmenaren sinatu da. Bertan parte hartu dute Cristina Laborda Irungo alkateak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irun eta Hondarribiko Udalekin batera, Bidasoaldean mugikortasuna bultzatu eta hobetzeko sustatutako jarduera plan integralaren mugarri nagusietako bat da proiektua, eta aspalditik planteatutako behar bati erantzungo dio.
Proiektuaren arabera, Arbesen lotune erdi berri bat sortuko da, mugimenduak Behobiatik eta Behobiarantz lotuko dituena, eta Oinaurren dagoen lotune erdiarekin konektatuko da 2,1 kilometroko errepide baten bidez. Horrela, herrigunerako konexio berriak eskainiko dituen lotune oso bat gauzatuko da. Aurreikuspenen arabera, sinatu berri den hitzarmenak ahalbidetzen duen lizitazioaren ondoren, proiektua idazteko lanak 2026an egingo dira, 2027aren amaieran obrak hasi ahal izateko, urte eta erdiko eraikuntza-epearekin.
Cristina Laborda, Irungo alkateak azpimarratu duenez, hitzarmen horrekin “funtsezko urrats berri bat ematen da Irunen hiri-mugikortasuna eta trafikoaren antolamendua hobetzeko bidean aurrera egiteko”. Etorkizunean hegoaldeko ingurabidea amaitzeak eta Azken Portuko biribilgunea eraikitzeak hiria inguratuko duen bide-eraztuna sortzea eta egungo saihesbidearen benetako alternatiba bihurtzea ahalbidetuko du.
“Ez da ahaztu behar gure mugako posizioak berekin dakarrela gure errepideek trafiko handia jasatea, eta, beraz, gure eskaera historikoetako bati irtenbidea ematen diogu”, erantsi du alkateak.Alkateak nabarmendu du, azkenik, sarrera eta irteera fluxuek lotura hobea izango dutela hiriarekin, lotune-erdi hori sortuta, eta horrek egunerokotasuna hobetzea eta barne trafikoen banaketa berria ekarriko duela.
Bestalde, Mendozak azaldu duenez, lotune oso berriak “hiri-mugikortasunean hobekuntza esanguratsuak egiteko bidea irekiko du, trafikoaren banaketa erraztuko du eta mugara eta Nafarroara egiten diren joan-etorriei erantzun eraginkorragoa ematea ahalbidetuko du”. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, hitzarmena sinatzea “aurrerapauso bateratua da hiriak eskatzen duen eta oso beharrezkoa den soluzio baterantz”. “Proiektu hau konexioak eraldatzeko, mugikortasuna hobetzeko eta trafikoa antolatzeko estrategia global baten parte da, Gipuzkoako zirkulazio intentsitate handieneko inguruneetako batean eta gure herrialdeko puntu neuralgikoetako batean”.
Diputatu nagusiak, halaber, balioa eman dio “Bidasoalde osorako egiturazko konponbideetan aurrera egitea ahalbidetzen ari den lankidetza instituzionalari”.
Azken Portuko biribilgunea
Bi erakundeek hitzarmenaren izenpetzea baliatu dute Foru Aldundia idazten bukatzen ari den Azken Portuko biribilgune berriaren proiektuari buruzko informazioa partekatzeko. Mendozak gogorarazi duenez, “proiektu hau eskualdeko mugikortasuna hobetzeko planaren barruan jasotako jardueretako bat da. Plan horrek, oro har, 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta N-638 eta GI-636 errepideetako sarbideetan eta Amute, Mendelu, Plaiaundi eta Azken Portu eremuetan jarduketak barne hartzen ditu”.
Eider Mendozak jakinarazi duenez, “proiektua idatzi ondoren, Aldundiaren asmoa da 2026aren hasieran obrak egiteko lizitazioa egitea. Biribilgune hori eraikitzeak Artiga kalearen eta GI-636 errepidearen arteko mugimendu guztiak ahalbidetuko ditu, eta hori funtsezkoa da Arbes-Oinaurre lotune osoaren funtzionaltasuna eta gaitasuna indartzeko. Azken fasean dagoen eta datorren urtearen hasieran lizitatzea aurreikusten den proiektuak milioi bat euroko aurrekontua du gutxi gorabehera, eta lau hilabeteko egikaritze-epea.



