Gobernu taldeak 7,2 milioi euroko kreditu igoera proposatzen du proiektu estrategikoak bultzatzeko

2023ko aurrekontuaren likidazioan 12 milioi euroko geldikina suertatu da. Kontuen saldo positiboa ikusita, Miguel Ángel Páez lehen alkateorde eta Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak iragarri du 2024ko aurrekontua handitu egingo dela, 7.250.248 euro gehituta. Kreditu-aldaketa hori aurreko asteko batzordean aurkeztu zitzaien talde politikoei, eta bost eguneko epea izan dute beren proposamen propioak aurkezteko. Udal-gobernuaren proposamena eta taldeek aurkeztutako zuzenketak maiatzaren 31ko osoko bilkuran eztabaidatuko dira.

Miguel Ángel Páezek azaldu duenez, «2024ko aurrekontuan, 100 milioi euro ingurukoa, konpromiso batzuk hartu genituen, eta orain kredituak aldatzeko lehen proposamen honekin osatuko ditugu. Proposamen horren bidez, hiriarentzako proiektu garrantzitsu asko aktibatuko ditugu lehen aldaketa-proposamen honekin eta urtean zehar etorriko diren beste batzuekin: erabilera publikoko ekipamenduak hobetuko ditugu, dagoeneko martxan diren aurrekontu partidak zabalduko ditugu eta ezinbesteko obra txikiak eta mantentze-lanak gauzatuko ditugu. Inbertsio horiek Udalbatzaren babesa izatea espero dugu».

Proiektu handien abiapuntua

Aurrekontuari gehikuntza handi hau eginda, «Irunentzako proiektu handi batzuk abian jarriko direla bermatuko dugu. Gobernuaren apustua dira, eta zenbateko honen zati handi bat zenbait proiektu idaztera bideratuko dugu, geure buruari ezarri diogun bideko lehen urratsa baita hori», nabarmendu du ordezkariak.

Kreditu-aldaketa honetan azpimarratzekoa da, udal-gobernuak IAM pabiloia sustatzeko zenbait urtetan zehar 2,1 milioi euroko inbertsio egiteko konpromisoa hartzen duela, obra-proiektua idazteko lanak aginduta. Zenbateko hori xede bererako erreserbatuta dauden 200.000 eurori gehitu behar zaie. Ekonomia eta ogasuneko ordezkariaren iritziz, «gertakariek argi uzten dute gobernu hau guztiz konprometitua dagoela IAM pabiloiaren alde.   Asko hitz egiten dugu gaiari buruz baina, horrez gain, egia bihurtzeko bitartekoak jartzen ditugu; esaterako, 2 milioitik gorako konpromiso-kreditu hau zeinak, gainera, pizgarri izan behar duen gainerako erakunde publikoak ere azpiegitura honen alde inplika daitezen, ezinbestekoa baita hala Irunentzat nola CD Bidasoarentzat».

Irugurutzeta berritzeko eta bisitak ahalbidetzeko lanetara funts gehiago bideratuko dira, 600.000 euro inguru. Zenbateko horren barruan sartzen da erabilera turistikoko tren berde baten erosketa.

Gobernuak 140.000 euro erabili nahi ditu Katean Molino errepidearen alboan oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasarela baten proiektua idazteko.

Kulturaren arloan, abian jarriko da hiriarentzako beste proiektu enblematiko bat, diru-sarrera berri honi esker. Hiriaren proiektu museografikoaz ari gara: 40.000 euro erabiliko dira edukia diseinatzera, IkustAlaia eraikin birgaituan instalatuko den museorako.

Arbesko adineko pertsonen egoitzarako sarbideak urbanizatzeko obrak beste 300.000 euro jasoko ditu 2026an. Obra horrek 800.000 euroko inbertsioa du egungo aurrekontuan, eta 1.900.000 eurokoa da 2025erako.

Etxebizitza publikoaren aldeko apustua

Kreditu-aldaketak alokairuko etxebizitza publikorako bi partida dauzka, gobernuak Irunviren bidez hiriko zenbait puntutan horiek garatzen jarraitzeko asmoa baitu. Alarden 52 etxebizitza entregatu eta gero, Udalak etxebizitza publiko babestua sustatzen jarraitu nahi du: aurrekontua 200.000 euroan handitu da Mendipen 37 etxebizitza berri garatzeko, eta 100.000 euro gehiago jarriko dira Lucas de Berroako eraikinean gaituko diren 21 etxebizitzentzako. Azken proiektu horretan 2.000.000 euroko inbertsioa egingo da.

Hobekuntzak kirol-ekipamenduetan

«Kirola poz iturri izaten da beti gurean. Argi daukagu hirian egiten diren kirol-diziplina guztiak zaintzen eta sustatzen jarraitu nahi dugula. Kirol-instalazio batzuk hobetuko ditugu, klubek oinarrizko kirol hori egiten jarrai dezaten», nabarmendu du Páezek.

Izan ere, 7,2 milioi euro horien zati handi bat hiriko zenbait kirol-ekipamendu hobetzera bideratu nahi da. Horrela, 380.000 euroko inbertsioa planteatzen da Gal estadioan igogailu bat instalatzeko, eta 79.000 futbol-zelaiko soropila eta ureztatzeko sistema berritzeko.

Santiagotarrak klubak ere inbertsio horren onurak jasoko ditu, gobernuak arraun eta piraguismoko pabiloian jarduketa batzuk egin nahi ditu eta. 30.000 euro bideratuko dira klubak Udalaren pabilioietan dituen gimnasioak hobetzera.

Nabarmentzekoa da kreditu aldaketa proposamen horretan 250.000 euro bideratuko direla Artaleku kiroldegiko egitura espaziala konpontzera.

Bestalde, 25.000 euroko partida bat esleitu da hiriko zenbait kirol-instalaziotan hobekuntza batzuk egiteko.

Jasangarritasunaren lehen lerroan

Miguel Ángel Páez Ogasuneko ordezkariak azaldu duenez, «jasangarritasun arloan ere abangoardian egoteko, konpromiso handiak behar dira, baita alor ekonomikoan ere». Horretarako, Udalak gastuak 800.000 euro inguru handitzea proposatzen du, 12 metroko beste autobus elektriko bat erosteko (602.580 €), 3 autobusen barruko ekipamendua eskuratzeko (65.020 €), Pinudiko aparkalekuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko (57.000 €) eta autobus-geltoki berriak atontzeko (800.000 €).

Jarduera kultural eta sozialak indartzea

Hiri Bultzadako ordezkari ere baden Páezek hiriko bizitza sozial eta kultural babesten jarraitzeko beharra nabarmendu du, hainbat arrazoi aipatuta:  «proposatutako kreditu-aldaketa honek hiriko jarduera kulturala eta soziala hobetzeko partidak ere badakartza, bi helburu handi sustatzeko: Irun ekitaldietarako hiri erakargarri bilakatzea eta, aldi berean, irundarrei beren hirian askotariko programazio oso batez gozatzeko aukera eskaintzea».

Aurtengo sanmartzialek marka guztiak hautsiko dituzte. Programazioa punta-puntako emanaldiz betea dago, eta eskuragarri dagoen aurrekontua 300.000 eurorekin osatuko dugu.

Gazteria arloko Haurartean eta Gabonak programek 22.000 euro gehiago izango dituzte aurten, eskaini ohi diren jarduerak handitzeko.

Amaia KZk, Irungo kulturaren egoitzak, 70.000 euroko inbertsio bat jasoko du, agertokiko ekipamenduak hobetzeko.

Oinaurreko bizilagunentzako lokala gaitzeko 145.000 euro bideratuko dira, eta Lekaeneko adinekoentzako eraikinaren instalazioak hobetuko dira, 46.582 euroko aurrekontu-igoerarekin.

Jarduketen artean, nabarmentzekoak dira Juan Thalamas Labandibar kaleko eraikina eraistekoa (105.000 €), Ficoba azoka-guneko inbertsioak (231.700 €), asfaltatze-kanpaina (300.000 €), oinezkoen ardatzen hobekuntzak (300.000 €), oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak (60.000 €), eta milioi erdi euro inguru hiriko zenbait puntutan konponketak eta jarduketak egiteko, bai eta obra-unitateko azterlan eta lan teknikoetarako ere.  San Juan harriaren erreplika baten agindua ere bideratu nahi da 30.000 eurorekin.

Alabaina, Irungo Udaleko langileen kapituluak jasoko du kreditu-aldaketako zenbatekorik altuena, 2.250.000 euro bideratuko baitira lanpostuen balorazio berrira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude