Gutxi falta da hirian L-2 lineako autobus elektrikoa martxan ikusteko

L-2ko autobus elektrikoak aurki hasiko dira funtzionatzen. Hasteko, datozen asteetan Irunera iristea espero da probak egiteko, eta horren ondoren hasiko dira IrunBusen erabiltzaileei zerbitzua eskaintzen.

Ibilgailu horietako bat ikusi ahal izan da dagoeneko Miarritzen, ekainaren 13tik 15era egin den “Journées Agir 2023” mugikortasun-azokan.  “Mugikortasuna: zerbitzuak erabilera aldakorretara egokitzea” izenburupean, azokaren helburua da mugikortasun berdeago eta jasangarriagoa sustatzea eta zabaltzea, eta horretaz kontzientziatzea itsasertzeko herri horretako azokaren barrutian egin ziren hainbat hitzaldi, jardunaldi eta bestelako jardueren bidez.

Bostehun enpresak baino gehiagok parte hartu zuten azoka horretan, eta ehun bat erakustoki izan zituzten nobedadeak aurkezteko agintari antolatzaileei eta operadoreei: ibilgailuak eta energia berriak, bizikletak, sarearen errendimendua hobetzeko tresnak, MaaS eta informazioa bidaiarientzat, tiketak eta ordaintzeko modu berriak, adimen artifiziala sareetan, etab. Protagonisten artean, IrunBusen L-2 linea, lehen berri gisa aurkeztua.

Azken helmuga Irun izango du, datozen asteetan ekarrikok dute zerbitzu erregularrean ibilgailuaren errendimendua, bideragarritasuna eta prestazioak ezagutzeko probak egitera. Probaldi hori gaindituta, autobusa hirian normaltasun osoz ibiltzen hasiko da.

Guztira, 4 autobus elektriko sartuko dira Irunbuseko flotan. Karga azkarra/aukera bidezko hiru ibilgailu, gaur egun instalatuta dauden kargagailuetan erabiltzeko modukoak, eta beste bat, kotxe-tokian gauez kargatzekoa. Horiek martxan jarrita, bidaien % 90 elektriko bidez egingo ditu Irunbusek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude