Iñaki Goikoetxea Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du Stadium Galen, lehen taldeak larunbat honetan CF La Nucía taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian. Kazetarien galderei erantzunez, “jokalariak ondo daude. Ondo entrenatu dira. Entrenamendu laburrak egin ditugu, gehiegi ez pentsatzeko. Entrenatu eta etxera joan eta lasai egon. Aurreko asteetan bezala. Normaltasunez”.
Goikoetxeak “jendearen inplikazioa eskertu” nahi izan du. “Gal beteko du. Behar izan dugun bakoitzean jendeak erantzun egin du. Bihar bultza egingo digute. Energia hori bideratu eta itzuli egin behar dugu, guztion artean hau aurrera atera dezagun”.
“Atlético Balearesen aurka antzeko egoera bizi izan genuen eta ondo egin genuen. Jendearen laguntzarekin lehen minututik saiatuko gara irabaztera ateratzen, kontrako zelaian jokatzera… irabaztera edo irabaztera. Berdinketak balio die. Urduritasuna, burua eta bihotza kontrolatu beharko dira, baina oraingoz lasai nago, mutilak ondo daude, kontzientziatuta daude”, adierazi du Real Unióneko entrenatzaileak. “Taldea hartu nuenean denok sinatuko genuen azken jardunaldira honela iristea eta gure esku egotea. Bihar zelaian Real Unión handi bat ikustea geratzen zaigu”.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 38. jardunaldiko partida 19:30etatik aurrera jokatuko da, larunbat honetan, Stadium Galen.