Iñaki Goikoetxea Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du Stadium Galen, lehen taldeak larunbat honetan CD Castellón taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Une honetan sailkapena nola dagoen galdetuta, Real Unióneko entrenatzaileak esan duenez, “ez dut ezer kalkulatu, denetarik gerta daitekeelako. Talde asko gaude hor, oraindik bi jardunaldi geratzen dira. Guk zer egin behar dugun begiratuko dugu, partida irabazten saiatuko gara eta gaueko hamarretan sailkapenari begiratuko diogu”.
Aulkira iritsi izana pizgarria izan ote den galdetuta, Debakoak argi dauka. “Goikoetxea efektua? Ez, gertatzen dena da plantillak bere buruarengan konfiantza duela. Autokritika egin genuen, hobetu genezakeela ikusi genuen, eta pixkanaka egin dugu. Garaipenek konfiantza eta lasaitasun hori ematen dizute, baina Goikoetxeak ez du eraginik, kontua da taldea kontziente dela eta bere buruarengan konfiantza duela”.
Real Unióneko entrenatzaileak aitortu du partida zaila izango dela, azken orduetan zaletuek Castalia betetzeko deia egin duen talde baten aurka. “Jende asko joango da zelaira. Partida zaila izango da, oso talde indartsua da, oso dinamikoa, baloi jabetza handikoa. Ia beti aurkariak baino aukera gehiago sortzen dituzte. Elkarrekin egon beharko dugu, asko lagundu beharko diogu elkarri, eta baloia edukitzen ere saiatu beharko gara”, adierazi du, “beldurrik gabe alde guztietara joaten saiatzen gara, baina gero partiduek zure lekuan jartzen zaituzte. Baina lasai gaude, badakigu zer dugun jokoan. Castellónen irabazteak mailari eustea ekar dezake”.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 37. jardunaldiko partida 19:30etatik aurrera jokatuko da, larunbatean, Castalian.