Irungo alkateak, Cristina Labordak, Bozeramaileen Batzarra deitu du gaur Osasun sailak eginiko azken deklarazioen harira. Saio horretan, Labordak azaldu duenez, “joan den asteazkenean, Bozeramaileen aurreko Batzarraren ondoren, idatziz jakinarazi nion sailburuari Irungo Udalak osasun egoerari buruz duen iritzia. Komunikabideetan egindako adierazpenengatik ulertzen duguna da helarazi nion planteamendua bere egiten duela.
“Pozten naiz azkenean sailburu batek egoeraren larritasuna aitortu eta arazoa errotik konpontzeko premia onartu duelako”, azaldu du Cristina Labordak. Idatzi horretan, Labordak sailburuari gogorarazi zion “lehentasuna Oinaurre dela, ekipamendu horiek nola kudeatu eta Eskualdeko Ospitalea nola hobetu eta handitu adieraziko digun plan zuzentzaile adostu bat”.
Gainera, sailaren eskaera berriari erantzuteko eta zentroan beste alternatiba bat eskaintzeko, Labordak sailburuari adierazi zion ospitale zaharraren atzealdea bere baldintzak betetzen dituen irtenbide posible bat dela. Hala ere, alkateak irekita utzi zuen beste alternatiba berri batzuk aztertzeko aukera, ahalik eta adostasunik handiena izan dezaten. “Horretarako beti dago denbora. Oinaurreko anbulatorioa martxan jarrita, alternatiba desberdinak aztertzeko tartea dago”.
Alkatea pozik agertu da eta adierazi du “hurrengo urratsa datozen aurrekontuetan Oinaurre eraikitzeko diru-partida bat jasotzea dela”.
Azkenik, Irungo alkateak azpimarratu nahi izan du “aurrerapauso hau Irungo Udaletik urteetan praktikan jarri dugun elkarrizketa eta adostasunaren fruitua dela. Bide horretan jarraituko dugu lanean, adostasunera heltzeko modu bakarra delako. Osasunaren onerako eta Irunen onerako”.



