Elizatxo hiribidearen eraldaketak Irun abiadura handiko trenera hurbilduko du

Hirugarren haria eraikitzeko obrei ekin die Adifek, eta horrela hasiera eman zaie Katea auzoa goitik behera eraldatuko duten lanei. Obren aurreneko fasea baino ez da hau, eta Elizatxo hiribidera Molino errepidetik sartzeko aukera bertan behera geratu da. Urte amaierara arte egongo da itxita sarbide hori. Auzoarentzako egoera hori baliatu nahi du Irungo Udalak obra hauen irismena eta balioa goraipatzeko. Izan ere, Elizatxo hiribidea eraldatzea ekarriko dute, bai eta ingurua guztiz berrurbanizatzea ere.

Miguel Ángel Páez Hirigintzako ordezkariak gaur goizean aurkeztu du Elizatxo hiribidearen inguruan egingo diren aldaketak biltzen dituen proiektua: «aurreproiektu honen bidez, herritarrei adierazi nahi diegu aukera bat direla Adifen hirugarren hariaren hasierako obra hauek. Egungo zubia eraitsi eta Adifek zubi berri bat eraiki ondoren, Udalak lema hartuko du zubia berrurbanizatzeko. Oinezkoentzako pasabide bat sortu nahi dugu, VíaIrun garapen berrira iritsiko den parke lineal berri baten hasiera izango dena».

Gaur egun, Ventas auzoak, bere hiri-konfigurazioagatik, Elizatxo etorbideko biaduktuaren inpaktua jasaten du, trafiko handiko zirkulazioa baitu. Gainera, Ventas auzo zatitua da, oinezkoentzako zeharkako konexio txiki eta degradatuekin. Auzoaren bi aldeak oinezkoentzat baino ez daude lotuta, Telleria kaleko pasabidearen bidez eta Errotako errepidearen bidez  gaur egun itxita dagoena.

Kateako pasarela berria

Katea auzoko pasarela berriaren aurreproiektuak Elizatxo hiribidearen zati bat oinezkoentzako bihurtzea proposatzen du, Letxunborro hiribideko biribilgunetik Molinoo errepideko bidegurutzeraino.

Biaduktua desmuntatu egingo da, eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako pasarela bat eraikiko da, bi kotak elkartzeko eta trenbide gainetik pasatzeko. Pasarela hori Andrearriaga kalearen paraleloa izango da, eta % 6tik beherako pendiza izango du, kalearen kotara heldu arte.

Arina izango da, eta egungo hormek ematen duten lubaki sentsazioa desagerraraziko du. Haren azpitik, parke linealerako sarbidea egongo da. Pasarela berriaren azpian lokal batzuk aurreikusi dira; horietako batean, Euskotrenek geltoki berria eraiki dezake eta bide batez, ADIFen gainerako tren-azpiegiturekin lotu ahal izateko azterketa burutzen ari da.

Trenbide gaineko lotura berriak pasarela ekologikoen bidez gauzatzea garrantzitsua da, eta horrela hobekuntza nabaria lortuko da hiri-bilbearen jarraitu bat izateko helburuan.

Garrantzitsua da, beraz, oinezkoentzako pasabide horiek ez ematea zubi hutsa izatearen sentsazioa. Horretarako, egitura zabal bat diseinatu da, bertan egoteko lekuak, zuhaitzak, lorategiak eta bidegorria ere sartzeko.

ViaIrun eta trenbidearen trazaduraren erreforma

Elizatxo hiribideko biaduktuaren aldaketa Irun osoa eredu jasangarri baterantz eraldatzeko prozesu baten barruan kokatzen da, 2015ko hiri-antolamenduko plan orokorraren berrikusketan dagoeneko proposatu zen moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude