Irun Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioan murgilduko da astelehenetik aurrera

Gaur Oiasso Museoaren aurkeztu da Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioko egitaraua.  Aurkezpenean Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzagak, Oiasso Museoko koordinatzaile nagusi eta Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoko zuzendari Aizpea Goenagak, beste elkarte eta entitate batzuetako ordezkariek parte hartu dute.

Hilaren 13tik 18ra bitartean, zinemazale eta arkeologiazaleek programazio erakargarri bat izango dute aukeran: 30 bat film labur eta luze. Amaia KZa izango da Zinemaldiaren egoitza nagusia.

“Irundarrak eta inguruko bisitariak Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren beste edizio batez gozatzera gonbidatu nahi nituzke. Beste urte batez, Zinemaldiak munduko hainbat herrialdetako film hautatuak bilduko ditu, eta, horri esker, txikiek zein handiek zinema eta arkeologiarik onenaz gozatu ahalko dute, Irunen bertan”, adierazi du Nuria Alzagak.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere, Espainia, Frantzia eta Italiako filmak dira nagusi, hala nola Historias de una necrópolis, Amazonen erregina eta Izpi bat uretan bezala. San Casciano dei Bagniko brontzeak, baina badira oso jatorri desberdineko filmak ere, hala nola Turkia, Brasil eta Serbiakoak; tartean, Aurrez aurre dudan lekua: sambaqui-ak.

Egitarau osoa

Zinemaldirako aukeratutako filmak hiru emanalditan banatuko dira. Sail Ofizialekoak astelehenean bertan hasiko dira, hilak 13, 17:00etan eta 19:00etan, Amaia KZko hitzaldi aretoan eta auditoriumean hurrenez hurren, eta, sail horren beraren barruan, ostiral eta larunbatean ere izango dira saioak, 11:00etan, baita mahai inguruak ere, memoria historikoaren inguruan.

Goizeko emanaldiak, Hezkuntza Sailekoak, berriz, asteartean hasiko dira, hilak 14: Amaia KZko auditoriumean emango diren film laburren ziklo bat izango da.

Azkenik, beste urte batez, itsas arkeologiarekin zerikusia duten filmak Donostian emango dira, Aquarium museoan: zinema arkeologikoaren gaineko maratoi bat izango da, eta, emanaldiaren ondoren, beste mahai inguru bat egingo da.

Bestalde, edizio honetan ere, film guztiak online ikusi ahalko dira, Festhome plataformaren bidez, Zinemaldiak irauten duen astean.

– Sail Ofizialeko filmak Festhomen

– Hezkuntza Saileko filmak Festhomen

Beste urte batez, itsuek ere ikusi ahalko dute filmetako bat, AudescMobile doako audio-deskripzio sistemari esker, zeina ONCEk sustatu duen; oraingoan, Historias de una necrópolis dokumentala, Javier Truebarena.

Zinemaldiari bukaera emateko, Irulegiko eskua eta Indiana Jones

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, Zinemaldiari bukaera emateko eta sariak banatzeko ekitaldia oso berezia izango da; besteak beste, Irulegiko eskua eta Indiana Jones eta azken gurutzada emango direlako sari banaketaren ondoren –Indiana Jones eta azken gurutzada, Bizinema ekimenari esker, zeinak aurten ere Zinemaldian parte hartuko duen hura hain modu originalean girotuta non ikus-entzuleek historiaurrera bidaiatuko duten–, 18:30etik aurrera.

Sarrerak

Zinemaldira joan nahi dutenek doan lortu ahalko dituzte sarrerak, azaroaren 9ko 12:00etatik aurrera, Udalaren webgunearen bitartez.

Sariak eta epaimahaia

Sari hauek banatuko dira Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioan:

– Zinemaldiko sari nagusia (2.000 €)

– Ikusleen sari berezia (1.000 €)

– Hezkuntza Saileko saria (750 €)

– Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria (sari ekonomikorik ez)

Epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren alorreko profesional entzutetsuek osatuko dute, eta amaierako ekitaldian jakinaraziko du epaia.

Hezkuntza Sailean, berriz, Zinemaldiko kideek osatutako epaimahai batek lan pedagogikorik onena sarituko du, eta Zinemaldiari amaiera emateko ekitaldian jakinaraziko du epaia.

Azkenik, Arkeolan saria Fundazioko kide diren adituek baloratuko dute, eta ikusleen sari berezia ikus-entzuleek film bakoitzaren proiekzioaren ondoren jarriko diren hautestontzien bidez ematen dituzten botoen arabera emango da.

Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioko egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude