2024ko Koadrilen Egunak berrikuntzak ondo pasatzeko gogoekin uztartuko ditu beste urte batez

Betti Gotti euskara kultur elkartea 2024ko Koadrilen Eguna prestatzen ari da ekainaren 22rako, larunbaterako. Urtero moduan, egun oso egitaraua prestatu dute, hainbat berrikuntza erantsi dizkiotelarik. Iaz bezala, elkartearen webgunea izango da izen emate guztiak egiteko bidea. Elkarteko kideek gaur aurkeztu dute zein izango den aurtengo programazioa, parte-hartzaileei ondo pasatzeko eta errespetuz jokatzea eskatzearekin batera.

Hauxe izango da 2024ko Koadrila Egunaren egitaraua:

  • 09:00 Koadrilen gosari herrikoia Urdanibia plazan. (Izen ematea webgunearen bitartez egin beharko da maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitarte 12 euroren truke).
  • 09:30 Goitibera parte hartzeko zozketa Urdanibiako oholtzan. (Izen ematea webgunearen bitartez egin beharko da maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitarte 10 euroren truke).
  • 10:00 Irun Hiriko III. Sari Nagusia Goitibera Lehiaketa.
  • Ondoren, Koadrilen Kamiseta Lehiaketaren sariketa. (Izen ematea webgunearen bidez egingo da. Diseinua prestatu eta erregistratzeko epeak maiatza 30etik ekainaren 15era arte izango da. Izen ematean kamisetaren diseinua eta ezaugarriak aurkeztu beharko dira).
  • 12.00 Txaranga Peña Poteo eta trikitilariak, alde zaharreko kaleak girotzen.
  • 13.15 Kalejira. Urdanibia plazatik abiatuko da.
  • 14.15 Bazkaria Ficoban. Globotxupinazoa. (Sarrerak maiatzaren 24an 12:00etan salgai jarriko dira webgunean, maiatzaren 26ra bitarte edo pabiloia bete arte).
  • 16:00 DJ Balber. Ficobako ateak 16:00etan irekiko dira (2 euro ordaindu beharko dira sartzeko).
  • 17:00 Burrunbarekin Dantzaldia
  • 19.00 DJ Balber
  • 20:30 Kalejira. Matraka elektrotxarangarekin itzulera.
  • Ondoren, merienda. (Izen ematea webgunearen bitartez maiatzaren 30etik ekainaren 15era. Eskaera zenbakia inprimatu eta merienda jasotzeko erakutsi beharko da).

2023ko gertaerak

2023 urte zaila izan zen Koadrila eguna antolatzen duen Betti Gotti elkartearentzat. Joan den urtean langile batekiko gertatutako erasoa irmo salatu dute, 1. Pabiloia hustea eragin zuena. Era berean, jendearen laguntza eta ulermena eskertu dituzte unean uneko erantzunarengatik eta gauzak ez okertzen laguntzeagatik.

1 pabiloira, 18-22 urte bitartekora, joan nahi dutenei ohartarazi diete aurten ez dituztela beraiekin batera eserita daudenekiko errespetu faltak eta mahaiaren inguruan modu egokiak ez diren jarrerarik. “Jai giroko bazkari batean gozatzera datorren edozeinen ongi izatea nahi dugu bermatu”, adierazi dute antolatzaileek. Era berean antolatzaileek gehitu dutenez, “Koadrila eguna antolatzea esfortzu handia izaten ari da eta eskaera berezia egiten dugu jende guztiari, giro ezin hobean, ahaztezina izango den eguna, denon artean burutu dezagula”.

Zapiaren kolorea

Pandemiaren ondoren 2022an ziklo bati hasiera ematea erabaki zuten Betti Gottin, kolore beltza ekarriz hildakoen omenez. 2008 urteko lehen koadrilatik, kolore beltza, 2020 bitarte izandako kolore eta ordena jarraituz egingo zutela esan zuten ziklo berri honetarako ibilbidea. Beltza eta Urdina egin ditugu dagoeneko, beraz, aurtengo kolorea morea izango da.

Udalaren laguntza

Betti Gottiko kideek azaldu dutenez, Udalak 2023 bukaeran, 2024ko Koadrila eguna antolatzeko diru-laguntzarik ez zutela izango jakinarazi zien. Horrek, Betti Gottin dituzten urte guztiko proiektu guztiak ez egitea zekarren, izan ere, Koadrila eguneko ekintzari esker, Koadrila eguna, Udalekuak, Olentzero etorrera eta bestelako ekintza txikiagoak egiteko berme ekonomikoa lortzen dute.  Udalak 2023 koadrila eguneko aurrekontu osoaren % 20 bakarrik eman zuen, beste guztia Betti Gottik atera behar izan zuelarik.

Martxoan berriz, Udalak aurrera ateratzeko apustua egin zuela jakin zuten. Elkartean datorren urtean egoera hau errepikatzearekin kezkatuak daude eta hori ekiditeko bilerak izaten diren arren, ez dute garbi ikusten. Elkartetik adierazi dute, “gauzak behar bezala antolatzeko, segurtasun berme guztiarekin eta egun osoko aktibitatea herritar guziengana iristeko asmoa gauzatzeko, udalak gehiago egin beharko luke bideragarritasun ekonomiko emanez”.

Era berea, elkartearen betiko helburua gogora ekarri dute: herritar guztiei zuzendutako Koadrilen Eguna antolatu ahal izatea hirigunean. Horregatik, dei berezi egin diote Udalari, “datozen urteei begira, Betti gottik sortutako ekintza honi duen balioa ematea, elkarte honek behar dituen segurtasun eta berme guztiak asetzeko eta horrelako egun baten antolaketa egoera prekario batetatik ateratzeko laguntza eman dezan”. Izan ere, Koadrila Egunaren desagerpenak Betti Gottiren gainontzeko ekintza guztiak galtzea eragingo luke.

Irun Hiriko III. Goitibera Sari Nagusia

Hirugarren urtez, Goitibera lehiaketa antolatu dute 16 urtetik gorako edonorentzat. Irungo koadrilei dei egin diete bertan parte-hartzera. Elkartetik adierazi dutenez, “aurten deialdi berezia egin nahi diegu neska-emakumeei parte hartzera, lehen emakume-neskek izen eman dezaten”.

Aurten, Betti Gotti elkarteak jarriko ditu goitiberak, baina datozen urteei begira, asmoa da jendeak propio diseina ditzala beraien goitiberak. Aurten norbait animatuko balitz, tutorial hau izango dute lagungarri.

Beti bezala parte-hartzaileei pintxo bana emango zaie beren trago eta guzti Triki poteo momentuan eguerdi aldera.

Koadrilen kamisetak-atorrak

2008 urtetik urtero koadrilen artean kamisetak edo atorrak egitea sustatu izan dute Betti Gotti elkartetik. “Polita da ikustea, koadrilen marrazki edo logoak, kamixetak edo atorrak apainduz jendeak duen irudimenaren indarra”, adierazi dute antolakuntzatik. 2016. urtetik ezin izan dute lehiaketa bidez sustatu, bestelako baliabideak sendotu behar izan dituztelako.

Baina, 8 urteren ostean, Antxeta Irratiaren eskutik lehiaketa hau berreskuratuko da. “Inoiz baino gehiago, koadrilak animatzen ditugu, kamiseten marrazki, logoen… lehiaketan parte hartzera”, aipatu dute Betti Gottitik.  Lehiaketan parte hartzeko, webgunearen bidez jasoko dituzten kamiseten proposamenak, maiatzaren 30etik ekainaren 16ra.

Herri Bazkaria

Herri bazkaria ekainaren 22an, larunbatean, ospatuko da. Ficobako pabiloietan egingo da eta azken urteetan bezalaxe, 1. eta 2. pabiloietan bazkaria ospatuko da eta 3. pabiloian barra eta dantzaldia antolatuko da.1.800 pertsonarentzako tokia izango da.

Bazkari txartela Fikoban sartu ahal izateko 20 eurokoa izango da. Aurtengo zapiaren kolorea, kartelean ondo ikusiko den bezala, morea izango da.Txartelen salmenta webgunearen bidez egingo da maiatzaren 24an 12:00etan hasi eta maiatzaren 26ra arte edo pabilioia bete arte.  Bizum edo txartelaren bidez ordainduko da, web gunean dagoen planoan eserleku zenbakia erreserbatuz. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “kontu handia izan, koadrilak elkar jarri nahiko balute, sarrerak elkarrekin hartzea garrantzitsua baita, eserleku horiek ezin izango direlako mugitu”.

Txartela erosterakoan, pertsona baten datuak bilduko dira. Behin erosi dutelarik, inprimatu beharko dute sarrera gisa erabiliko den txartela. Erosketa bera izango da ekintza hauetan dauden arauen onarpenaren adierazle.Txartela erosteko unean, edonorentzat dieta berezia, intolerantzia edo preskripzio medikua duen edonorentzako aukera izango du adierazteko eta eroslearen ardura izango da bere koadrilan ere hori adierazteko/zaintzeko ardura. Antolakuntzak erosketaren bidez jakingo du nork behar duen dieta bereziren bat.

Bide beretik, antoltzaileek adierazi dute, “txartela bakarrik ez erostea eskatzen dugu. Erosiko balu ezin izango du bere tokia ez den tokian bazkaldu edo eseri. Kanporatua izango da eta ez du diru itzulketarik izango, bere ardurapean erosi ezkero onartuko bai du arau honen onarpena”.

Sarrerak zenbakituak dira. Adingabekoei, 18 urtetik beherakoei, sarrerarik ez erostea eskatu diete, izan ere, ezin izango dira Ficobara sartu.

Azken urteetan bezalaxe, pabiloiak eta sarrerak bi taldetan banatuko dira; alde batetik, 23 urtetik gorakoentzako sarrerak egongo dira eta bestetik, 22 urtetik beherakoentzat; adin guztietako gazteak daudela bermatzeko. Pabiloian sartzeko, ere banaketa hau errespetatuko da bi lerro osatuz, 23 urtetik gorakoek osatutako lerroa eta 22 urtetik beherakoek osatutakoa.

Gainera, bazkarirako txartelik erosi ez dutenek eta arratsaldean Ficobara sartu nahi dutenek 2 euro ordaindu beharko dituzte aurten.

Mendaria

Aurten berrikuntzen artean mendaria ematea ere pentsatu duten, aukera honetan izena ematen duten guztiei. Webgunean mendaria aukeratu, erosketa burutu eta eskaera inprimatu behar da, egunean eskaera orria izango bai da merienda jasotzeko justifikazioa.

Puntu Morea

Puntu morea gune segurua da, emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoa. 17:00etatik 20:00etara bitartean egongo da.

Honako egiteko hauek izango ditu:

– Herritarrak emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan sentsibilizatzea

– Indarkeria matxisten biktima izan daitezkeenak dagozkien baliabideetara bideratzea

– Leku batetik bestera joateko laguntza behar dutenak bilatu eta horretarako izena eman dutenen bolondresekin bidean laguntzea

Alkohol-kontsumoaren stand-a

Aurtengo beste berrikuntza bat Herri Bazkarian alkohol-kontsumoa prebenitzeko stand bat jarriko dugu. Gehiegizko alkohol-kontsumoaren inguruan sentsibilizatzeko eta informazio eta arreta emateko stand bat izango da. Gainera, hala nahi dutenei, alkol-froga bat egingo zaie.

Boluntarioak

Bestalde, gogoratu dute ekimen hau aurrera eraman ahal izateko jende askoren laguntza beharrezkoa dela. Beraz, inor boluntarioki laguntzeko prest baldin badago, jar dadila Betti Gottirekin harremanetan bettigotti@hotmail.com helbidera idatziz.

Azken oharra

Agerraldiaren hasieran esan bezala, Herri Bazkaria ondo joan dadin errespetua ezinbestekoa da. Betti Gottiko kideek mezu hau helarazi dute:  “Herri Bazkarira etortzen diren guztiei ondo portatzea eskatzen diegu. Pertsona askoren lana eta parte-hartzea dago ekimen honen atzetik eta hurbiltzen diren gazteei errespetuz eta lasaitasunez jokatzea eskatzen diegu. Txartelen banaketa egunean arau sinple batzuk banatuko dira eta horiek errespetatzea eskatzen dugu. Oinarrizko gauzak dira (bazkarian zehar ez zutik jarri, janaririk ez bota, bertan dauden zerbitzarien lana erraztu, boluntarioen argibideak jarraitu…) eta eguna ondo joateko horiek errespetatzea beharrezkoa da. Esan bezala jarrera desegokiak errepikatzen badira, antolakuntzak neurriak hartu beharko ditu.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude