Otsailaren 20an bertako kirolarien lorpenak sarituko ditu Kirol Galak

Otsailaren 20an, asteartean, Kirolaren Gala egingo da Irunen. Ekitaldia Ficoban egingo da, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Borja Olazabal Kirol ordezkariak Kirol Galaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur. Gainera, bihar hasiko da herritarrek Irundarron Sariaren irabazlea bozkatzeko epea.

Beste urte batez, Irungo Udalak 2023an kirol munduan gehien nabarmendu diren kirolariak sarituko ditu. Aurreko edizioetan bezela, lau kategoria osatu dira sariak banatzeko: emakumezko eta gizonezko kirolaririk onenak, talderik onena eta Irundarron Sariaren irabazlea.

Kiroletako ordezkariak gogorarazi duenez, ekimen honen bidez, bertako kirolarien talentua errekonozitzeaz gain, kirolarekin nolabaiteko harremana duten beste pertsona batzuk omendu nahi dira: “Oso harro gaude estatu mailan eta nazioartean arrakasta lortu duten goi mailako kirolariak izateaz, baina Kirol Gala goi mailako kirolaz harago doa, beharrezkoa baita kirol munduan kirolaz denok gozatu ahal izan dezagun altruismoz lan egiten dutenak ezagutu eta saritzea ere”. Olazabalek aipatu du zer garrantzitsua den bertako talentua nabarmentzea hurrengo belaunaldientzako erreferentziak sortzeko: “Gaur, inoiz baino beharrezkoagoa da bertako kirolarien talentua ezagutaraztea, hurrengo belaunaldientzako erreferentzia eta eredu izan daitezen”.

Txokolatezko Baloia

Betikoez gain, aurten, bestelako sariak banatuko dira Galaren esparruan, hala nola Txokolatezko Baloia. Sari hori ohorezko sari bat da, kirol munduan ibilbide luzea egin duten pertsonak omentzea duena helburu, eta, 2022an, lehenengo edizioan, Leire Landa futbolari ohiak jaso zuen, Espainiako futbolean lortutako arrakastarengatik, eta, 2023an, Leontxo García xakean espezializatutako kazetariak, xakea dibulgatzeko egindako ekarpen oparoagatik.

Irundarron Saria

Bihar hasiko da herritarrek Irundarron Sariaren irabazlea bozkatzeko epea, eta hilaren 18an bukatuko, igandearekin. Udalaren webgunean bozkatu daiteke, Irun Txartela erabiliz.

Hona hemen Irundarron Saria irabazteko hautagai izendatutako kirolari eta taldeak:

  • Aitor Gorrotxategi (zortzigarrena Piraguismoko Munduko Kopako K-4 modalitatean)
  • Aizpea González, Amaiur Etxeberria, Ainhoa Zapirain eta Naroa Zubimendi (Espainiako txapeldunordeak arrauneko 4 Scull modalitatean)
  • Alain Oyarzun (Real Unióneko jokalaria eta Lehen Federazioko asistentzia emaile nagusia)
  • Alba Rodríguez (20 urtetik azpikoen borrokako munduko txapeldunordea eta bi aldiz Espainiako txapelduna)
  • Ander Gamón (automobilismoko abiadura txapelketako irabazlea)
  • Asier Antonio (Frantziako Eskubaloi Ligako Bigarren Mailako entrenatzailerik onena)
  • Bidasoa-Irun, Asobal Ligako lehenengo itzuliko puntu kopuruan errekorra lortzeagatik
  • Haimar Etxeberria (txirrindularia), denboraldian lortutako emaitzengatik
  • Iñaki Peciña (brontzezko dominaren irabazlea Munduko Eskubaloi Txapelketan)
  • Irati Beorlegi (zilarrezko dominaren irabazlea Europako OCR Txapelketan)
  • Irun FutSal, taldea sortzeagatik eta Irunen areto futbola errekuperatzeagatik
  • Jon Medrano (ibilketa nordikoko Europako hirugarrena eta Espainiako txapelduna)
  • Jose Mari Zabala (atleta, urrezko lau dominaren irabazlea Espainiako Master txapelketetan)
  • Klara Olazabal, ur bizietako Espainiako txapelduna izateagatik eta Espainiako selekzioan Olinpiadetara joateko tokia lortzeagatik
  • Leka Enea Irun, harrobiarekin lortutako emaitzengatik
  • Lur-Alai Squash Kluba, Irunen squasha sustatzeagatik
  • Malen Juaristi, Ane Amostegi, Naroa Larrarte eta Eneritz Aizpiolea, (txapeldunordeak Piraguismoko Espainiako Txapelketako K-4 200 modalitatean)
  • Mariño Real Unión, taldea sortu eta emakumezkoen futbola sustatzeagatik
  • Mayumi Voley, Irunen emakumezkoen bolei talde bat sortzeagatik
  • Santiagotarrak, emakumezkoek lortutako emaitzengatik

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude