Erronkez eta partiduz beteriko asteburua dute aurretik Txingudiko errugbi taldeek

Argazkia: Zaisa Txingudi eta Arratiko Zekorren arteko partidaren irudiak (Iturria: Txingudi Errugbi Kluba)

Datorrena partiduen asteburua izango da Txingudi errugbi klubeko taldeentzat.  Txingudiren senior taldeak Plaiaundin jokatuko dute larunbatean. Biok Txingudik 11:00etan Bera Bera/Ordiziaren aurka eta Zaisa Txingudik Zarautz B/Beltzak jasoko du 16:00tan.

Iñigo Camareroren mutilek bost partida daramate galdu gabe eta ildo beretik jarraitu nahi dute. Oraingoan, Zarautz B/Beltzak izango dute aurrean Irungo errugbi zelaian, joaneko partidan jasotako jipoiari erantzuna eman eta sailkapeneko hirugarren postua finkatu nahian.

Pasa den astean Igorren lortutako garaipenaren ondoren, Txingudik 24 puntu batu ditu La Unica B sailkapenean aurreratuz. Asteburu honetako aurkaria bosgarren sailkatzen da 19 punturekin, hortaz ezinbestekoa da Zaisa Txingudirentzat puntuak gehitzea. Camarerok Ioritz Franco zelairatu ahal izango du, baina ezin izango du Jon Sanchezekin kontatu. Jenö Kocsis eta Lander Vielba zalantzan daude.

Norgehiagoka zuzenean jarraitu ahalko da klubeko hedabideen bidez.

Biok Txingudi, B multzora sailkatuta

Emakumezkoen Euskal ligako lehenengo faseari amaiera emango zaio asteburu honetan eta Biok Txingudik dagoeneko badaki zein multzotan jokatuko duen bigarren itzulian. Lan bikaina egin du taldeak, jokalariak elkarrekin aritzen diren lehenengo denboraldia dela kontuan hartuta. Azkeneko norgehiagoka jokatzeke dagoela, Asier Gonzalezek entrenatutako taldeak 5 garaipen lortu ditu 11 partidetan, azken unera arte ligako sei onenen artean sailkatzeko aukerak izanik.

Izan ere, aurreikusi gabeko Gaztedi Bren erretiroak A multzoan sailkatzeko aukerak kendu dizkio Biok Txingudiri. Kirol-diziplina batzordeak talde honen emaitzak baliogabetu ditu eta, ondorioz, bost puntu galduta, zazpigarren sailkatuko da, larunbatean edozer gertatzen bada ere.

Hala ere, taldea pasa den urteko txapeldunari ezustekoa emateko lanean aritu da aste honetan. Bera Bera/Ordizia laugarrena da 39 punturekin.

Gazteak etxetik urrun

Sub 16 eta sub 18 taldeek jardunaldia izango dute asteburu honetan, baita ere. Txingudi/Bera Bera sub 18k Bilbon jokatuko du larunbatean 10:45etatik aurrera Uni Bilboren aurka.

Gabiria Txingudi/Baztan sub 16ak, aldiz, 10:00etan hasiko du Arrasate/Elorrioren aurkako norgehiagoka Arrasateko Mojategi zelaian.

6 nazioak, Txingudi Rugby Tabernan

Errugbi txapelketarik ezagunenetakoa Irungo Kale Nagusiko 11 zenbakiko tabernan ikusi ahalko da, beste asteburu batez. Larunbatean bi hitzordu izando dira, Eskoziak Frantziaren aurka jokatuko duena 15:15etan eta Ingalaterra eta Galesen artekoa 17:45etan. Igandean, aldiz, Irlandak Italia jasoko du 16:00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude