Larreandi Korrika Eguna ospatzeko prestatzen ari da

Larreandiko Korrika Eguna izango da Irungo AEK-k antolatutako Korrika Kulturalaren barneko hurrengo ekitaldia. Martxoaren 14an Korrika Irundik abiatu arte, Irungo AEK euskaltegiak Irungo Udalaren eta hiriko euskara eta kultur elkarteekin elkarlanean jarduerez beteriko programa ehundu dute.

Otsailaren 24an Irunen egingo dena hirian egingo den II. Korrika Eguna izango da. Irungo AEK-ko kideek Larrendi eta Olaberriako auzo elkarteari eskerrak eman dizkiote, “haien gogo eta laguntzari esker” antolatu baitute dena. Izan ere, auzo elkartearen eta euskaltegiaren arteko harremana ez da berria, bi ikasturte daramatzatelako elkarrekin elkarlanean.

Ordutik Larrendiko auzoak euskara sustatzeko eta erabiltzeko zenbait dinamika jarri ditu martxan. Horren fruitu da auzo elkartean bertan ematen diren euskara eskolak. Bi ikasturte igaro dira jada auzotik eta auzoarentzat euskara eskolak ematen hasi zirenetik. Egun hau, besteak beste, ikasle horiei esker ere izango da, haiek izugarrizko gogoa baitute

Korrika eguna beren auzoan izan dadin.

Otsailaren 24ko Larrendiko Korrika Eguna Miguel eta Roberto auzogileak plazatxoan ospatuko da. Egun osoan zehar, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara Artisau azoka egingo da bertan. 11:30ean txupinazoa eta txalapartariak izango dira auzo elkartearen eskutik. 11:45ean Skola Musik-ek kontzertua emango du. Larreak sukaldaritza tailerra gidatuko du 12:45ean. Parte-hartzea edonorentzat irekia egongo da eta parte-hartzeko admin@larrea.eus helbidera mezu bat bidali beharko da. 13:30ean patata tortilla dastaketa egingo da, horretarako parte hartzaile bakoitzak tortilla bat ekarri eta guztiak dastatzeko aukera egongo da auzo elkarteak antolatutako ekintzan.

Arratsaldean, berriz, 17:00etatik aurrera Balaztak bizikleta martxa antolatu du bizikletaz hurbiltzen diren guztientzat. 18:00etan auzo elkarteak txokolatada emango du. 18:30ean Zirku eta dantza tailerra zuzenduko du Berdinki Konpainiak. Bi talde osatuko dira horretarako: 5 eta 10 urte bitartekoak eta 10 eta 16 urte artekoak. Izena emateko kartelean ageri den QR-a erabili beharko da. Azkenik, Babarrunbak auzo zeha runbapoteoa egingo du.

Ikus daitekeenez, ume, gazte, heldu eta edonorentzako ekimenak izango ditugu hilaren 24an, Larreandiko auzoan. Irungo elkarte askok hartuko dute parte, beraz, animatu, parte hartu eta gozatu. Euskaratik eta euskaratik.

Aurrerantzean zer?

Hala ere, hau ez da azkena izango. Martxoaren 2an, Santiagon III. Korrika eguna ez ezik, EHko Hitz gurutzatuen txapelketa ere egingo da Palmera Monteron. Horrez gainera, martxoaren 3an erromeria ibiltaria izango da Urdanibia plazatik abiatuta Irunen barrena. Gainera, otsailaren 16an, Oiasso Museoan 19:00etan Irungo Harrera Sarearekin “Hizkuntza mugarik gabe” ekitaldia egingo da ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude