Peña Poteo Txarangak 10 urte bete ditu festarik festa musika jarriz

Argazkia: Estudio Gover

Peña Poteo festa eta ospakizunen sinonimoa da Irunen. Konturatzerako txaranga bere 10. urteurrenera iritsi da eta jai giroan ospatu zuten urriaren 7an, hiria egun batez txarangez betez. Endika Etxaide eta Jon Olaizola Peña Poteoko kideek azaldu dute txarangan beste hamarkada batez musikaz gozatzen eta gozarazten jarraitzeko asmoa dutela.

Nolatan erabaki zenuten Peña Poteo izeneko txaranga bat sortzea?

Endika: Kontatu didatenaren arabera, hau parranda baten ondoren sortu zen proiektua izan zen. Ondo pasatzeko asmoarekin hasi zen eta, pixkanaka, musika aldetik ere profesionalizatuz joan da.

Jon: Horrelako zerbait izan zen, bai. Parranda bat amaitzerakoan, txaranga bat sortzea bururatu zitzaigun. Proiektura batu nahi zuen jende motibatuaren bila hasi ginen. Lehen entseguak egin genituenean ez genuen ez lokalik ez partiturarik. Beraz, ia urte oso bat behar izan genuen erritmo apur bat hartu arte.

10 urte betetzeak orain arte lortutakoaren errepasoa egiteko balio izan dizue?

Endika: Pentsa lehen emanaldira joateagatik ez zigutela ezer ordaindu, soilik edaria, beraz, ez dakit negozio oso ona egingo zuten gurekin. Egia da orduko bideo bat gaur egungo batekin alderatuz aldaketa nabaria dela. Norberak proiektuari bere aletxoa gehitu dio eta apurka-apurka orain garenean bihurtu gara.

Lan horri esker, urtean zehar hainbat hitzordu finko dituzue, ezta?

Jon: Bai, bereziki Sanmartzialetan emanaldi asko ditugu. Guretzat benetan berezia da Herri Bazkaria, hasi ginenetik bertan parte hartu izan dugulako eta Betti Gottirekin batera gustu handiz urtero errepikatzen dugulako.

Zein da emanaldien atzetik dagoen lan ikusezina?

Jon: Taldekide bakoitzak gure ardurak ditugu. Batzuk partiturak idazteaz arduratzen dira, besteak, berriz, sare sozialen kudeaketaz, telefonoa hartzeaz edo komertzial lanaz.

Endika: Ardurak banatzeak guztiak proiektuaren parte izatea eta txarangarekiko konpromiso hori sendotzen laguntzen du. Entseguak ere oso garrantzitsuak dira, astero biltzen gara eta derrigorrezkoa da bertara aurkeztea. Entseguen aurretik eta ondoren ere biltzen gara eta gustura goaz, lana suposatu arren.

Momentu honetan zenbat kidek osatzen duzue Peña Poteo txaranga?

Endika: Orain normalean taldean 11 musikari gara, baina txandak egiten ditugunez, guztira 17 edo 18 kide gara. Kide berriak beti dira ongietorriak eta beti gabiltza txarangara batzeko prest dauden pertsonen bila.

Jon: Hamar urteren ostean, txarangaren plantilla asko aldatu da eta jende asko igaro da bertatik urte hauetan guztietan. Lehengo egunean zenbatzen ibili ginen eta guztira 47 kide izan ditugula konturatu gara.

“Orain zuzenean kalean egiten den musika modan dagoela dirudi”

Endika Etxaide, Peña Poteo txarangako kidea

Txaranga batean musika errepertorioa oso garrantzitsua da, hau da, musika modernoaren eta abesti klasikoen arteko oreka topatzea, ezta?

Endika: Emanaldi bat prestatzerakoan guri gustatzen zaizkigun abestien eta jendeak eskatzen dituenen arteko oreka bilatzen saiatzen gara. Erabakiak hartzerakoan garrantzi handia ematen diogu jendeak gustuko izan dezakeenari, baina baita gure ustez onak diren abestiei.

Jai giroan lan egitea erraza da?

Jon: Nahiko erraza dela uste dugu. Hainbeste emanaldiren ostean, batzuetan desatseginagoak diren momentuak ere gertatzen dira. Hala ere, uste dut asko disfrutatzen dugula eta ez dugula lan moduan ulertzen, baizik eta gure aisiaz disfrutatzeko modu bat bezala.

Endika: Serio jarri behar garenean serio jartzen gara. Baina emanaldietan oso giro naturala sortzen da, bai gure aldetik zein ikusleen partetik.

Urteurrena ospatzeko Irun txarangez bete zenuten. Pozik zaudete ospakizun handi horren emaitzarekin?

Endika: Bai, goizeko 12:00etan hasi ginen gu eta Sestaoko “El Despiste” txarangako kideak elkarrekin jotzen. Bazkaltzeko gelditu eta arratsaldean beste hiru txaranga izan genituen Nafarroatik, Errioxatik eta Madriletik etorriak. Txaranga bakoitzak estilo ezberdin bat zuen eta polita izan zen bakoitzak emanaldia era ezberdin batean nola eskaini zuen ikustea. Nik uste jendeak asko disfrutatu zuela. Ez genuen kontatu zenbat jende egon zen, baina jende dezente hurbildu zen. Jendeak esan digu oso gustura ibili dela. Parte hartu zuten txarangei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, asko jo zutelako eta beraiei esker 13 ordu eta erdiz musika izan genuelako etengabe, gaueko 1:30ak arte.

Jon: Bazkarian 140 lagun elkartu ginen, baina arratsaldean zehar jende askoz gehiago batu zen. Kale Nagusia betetzea lortu genuen eta kale hori jendez gainezka ikustea seinale ona da. Egun polita izan zen.

“Gure helburu nagusia aurrerantzean ere gozatzen jarraitzea da, horretarako egiten baitugu gure musika”

Jon Olaizola, Peña Poteo txarangako kidea

Zergatik gustatzen zaizkio jendeari hainbeste txarangak?

Endika: Pandemiaren ostean dei gehiago jasotzen ditugula nabaritu dugu. Ordutik tabernetan terrazak gehiago erabiltzen diren bezala, orain zuzenean kalean egiten den musika modan dagoela dirudi. Urtean zehar dauzkagun hitzordu finkoez gain, gero eta dei gehiago jasotzen ditugu ezkondu aurreko agurretan, ezkontzetan, urtebetetzeetan edo enpresetako afarietan aritzeko. Kalean zuzenean egiten den zerbait denez, askatasun handia ematen dizu, aspertuz gero alde egiteko aukera duzulako. Oso giro ona sortzen da eta abesteko eta dantza egiteko aukera ematen du.

10 urteren ostean, nola begiratzen du Peña Poteo txarangak etorkizunera?

Endika: Nik beste 10 ere egingo nituzke edo gehiago. Beti txantxetan esaten dugu txarangako jendea umeak izaten hasi denez, Peña Poteo Kids bat antolatzeko aukera izango dugula hemendik gutxira. Lehenengo hamar urteak bizirautea lortu badugu, ziur hurrengo hamarrak errazagoak izango direla. Nik uste jendea gustura dagoen bitartean, proiektuarekin aurrera jarraitzeko aukera izango dugula.

Jon: Gure helburu nagusia aurrerantzean ere gozatzen jarraitzea da, horretarako egiten baitugu gure musika. Beraz, elkartzen jarraitzea eta elkarrekin gozatzen jarraitzea da garrantzitsuena.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude