Burrunba Elektrotxarangak plazetara itzultzeko esperoan jarraitzen du

Burrunba Elektrotxaranga plazetara itzultzeko esperoan jarraitzen du. Bitartean, pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak betetzeko emanaldien formatua goitik behera aldatu behar izan dute. Dena den, elektrotxarangak lanean dihardu ohiko emanaldiak berreskuratzea posible denean jarraitzaileak harritzeko.

Orain dela gutxira arte Burrunba Elektrotxarangak hitzorduz gainezka zuen egutegia: Irungo Herri Bazkariko itzulera, Sanmartzialak, San Tomas, herri eta auzoetako festak, etab. Azken urtean, berriz, txarangaren egutegia hutsik gelditu da. Peio Irigoien, Ander Jimenez, Jon Olaizola eta Mikel Ramirez Burrunbako kideek elektrotxarangak azken urtean zehar gainditutako erronkak azaldu dituzte. Burrunbako kideek baieztatu dutenez aurreko urtea nahiko konplikatua izan da haientzat. Izan ere, konfinamenduaren hasierarekin instrumentuak kutxetan gorde eta egun batetik bestera taldearen kontzertu guztiak bertan behera gelditu ziren. Peio Irigoienek adierazi duenez, “alde handia nabaritu genuen, hain zuzen ere, astero edo astebururo kontzertuak izatetik guztiz geldi egotera pasa gara”.

Konfinamendu garaian, sare sozialetako edukiak indartu zituzten, bakoitzak etxean eskura zeuzkan baliabideekin bideoak grabatuz. Ander Jimenezek azaldu duenez, “ordenagailua etxera eraman eta aspertu beharrean lanean ibili ginen”. Bideoek jarraitzaileen artean izandako harrerarekin pozik agertu dira taldekideak. Ander Jimenezek gaineratu duenez, “zaleek horrelako ekimenak asko eskertu dituzte, baita guk ere. Izan ere, geldirik egon ordez, horri esker zerbait egiteko modua topatu genuelako”.

Formatu aldaketa
Abenduan pantailetatik berriro eszenatokira salto egiteko aukera topatu zuen taldeak. Irun Kultura KM0 jardunaldien bitartez, Amaia antzokiko eszenatokian jotzeko aukera bitan pentsatu gabe aprobetxatu zuen Burrunba Elektrotxarangak. Mikel Ramirezek azaldu duenez, “urte osoa geldirik egon ostean bagenekien formatua aldatzea izango zela kontzertuetara itzultzeko aukera bakarra”. Horrela, kontzertuetan herrietako bazter batetik bestera mugitzeko erabili ohi duten karroa etxean utzi zuten Amaia antzokiko eszenatokira igotzeko. Mikelek onartu duenez, hasieran apur bat arraroa izan zen jendea eserita eta eskuetan tragorik gabe ikustea. Dena den, taldekideek erronka polita izan zela eta primeran pasa zutela gehitu dute. Zehazki, Burrunbaren kontzertuen formatu berriak izandako arrakasta honela deskribatu dute: “funtziona”.

Burrunba Elektrotxarangak abenduaren 28an eta 30ean Irun Kultura KM0 egitasmoaren barruan eskainitako emanaldiak harrera bikaina izan zuen publiko aldetik. Elektrotxarangako kideek onartu dutenez, ikuskizunaren amaieran ikusle askok emanaldi luzeago bat entzuteko gogoarekin gelditu zirela aitortu zieten, beraz, taldekideentzat seinale ona da hori. Jon Olaizolaren hitzetan, “jendea asko hurbildu zen Amaia antzokira eta bi kontzertu ezberdin egin genituenez, jende askok errepikatu eta bietara etorri zela jakiteak asko poztu gintuen”.

Pandemiaren aurretik Burrunba Elektrotxarangaren emanaldien bereizgarrietako bat publikoarekiko hurbiltasuna zen. Covid-19ak, aldiz, ikuskizun eredu horri eustea ezinezko bihurtu du oraingoz. Peio Irigoienek azaldu duenez, orain zailagoa zaie jendearen berotasuna sentitzea, baina kaleko festak itzuli bitartean ahal den moduan aurrera egiteko asmoa dute. Mikel Ramirezek adierazi duenez, kontratazio aldetik, iraila eta azarorako mugimendua dagoela dirudi. Egoerak laster hobera egingo duelakoan, hainbat udal eta erakundeek urte amaierarako emanaldiak prestatzen hasteko intentzioa dutela dirudi. Nolanahi ere, data hurbiltzen denean aztertu beharko da benetan horrelako ekitaldiak antolatzeko aukerarik dagoen.

Itxaropena, kontzertuak
Ohiko kontzertu formatua berreskuratu bitartean, eszenatokiek eskaintzen dieten aukera aprobetxatzeko prest daude Burrunbako kideak. Are gehiago, aurtengo udararako pare bat kontzertuetarako data ixtea lortu dute eta beste zenbait emanaldi lotzeko zorian daude. Kontzertu horietako lehena Elgetako Kafe Antzokian eskainiko dute, uztailaren 3ko arratsaldean. Bestetik, udaran zehar Irunen kontzertu bat eskaintzeko aukera izango dutela aurreratu dute, gerora jakinaraziko diren data eta tokian. Gainera, etxeko emanaldian Burrunbak “show” berezia eskainiko duela azaldu dute taldeko musikariek, ikuskizuna girotzeko gai berezia aukeratu dute eta. Dena den, taldeak kontratazio proposamen berriak jasotzeko prestasuna adierazi du eta haien sare sozialetan aurki daitezkeen harremanetarako atalean agenda osatzeko eskariak beso zabalik jasoko dituzte.

Bien bitartean, unean-unean indarrean egon diren segurtasun neurriak errespetatuz, Burrunba Elektrotxaranga entseguetara itzuli da. Lehen kontzertuak ate joka izateak taldearen motibazioa handitzen dutela adierazi dute elektrotxarangako kideek. Horrela, aurtengo denboraldirako abesti berriak prestatzen hasi dira, aurretik egiten zuten moduan, urtero abestien errepertorio berrituta eskaintzeko. Entseguetan abesti eta bertsio desberdinak probatzen dituzte, ohiko kontzertuak itzultzen direnean dena prest egon dadin. Bestalde, denbora aprobetxatzeko, kantu batzuk grabatzen hasi dira, horretarako kide gutxiago elkartu behar direla aprobetxatzeko.

Egoera aldakor honetan instituzio eta erakundeen babesa ezinbestekoa dutela adierazi dute Burrunbako kideek. Peio Irigoienek azaldu duenez, “azken urtean zehar batzuetan babesik gabe aurkitu gara”. Orain arte egindako ekimenek ordea, kultura segurua dela argi utzi dute, hau da, murriztapen eta segurtasun neurriak errespetatuta aurrera egin daitekeela. Ander Jimenezek gaineratu duenez, “berriro jotzeko aukera izateko edozer egiteko prest geunden”.

Pandemiaren aurreko osasun egoera berreskuratu bezain laster Burrunba Elektrotxaranga herrietako kale eta plazetara itzuliko dela baieztatu dute aho batez. Izan ere, kontzertuen formatu klasikoa berreskuratzeko unea zein izango ote den asmatzeko apustua egin dute taldean. Batzuek, itzulera handia San Tomas eguna izango dela uste dute, besteek, aldiz, San Valentin egunaren aldeko apustua egin dute. Argi dagoen gauza bakarra da egun hori iristen denean Burrunba Elektrotxaranga are gogo handiagoekin murgilduko dela berriz ere jai giroan.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude