Azaroa morez jantziko da Emakumeen Aurkako Indarkeria salatzeko

Urteko azken aurreko hilabetearen hasierarekin batera, azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko lehen egitasmoak iragarri dira. Hala ere, data hurbildu ahala, Irunen egun horretaz gain, hilabete osoan zehar egingo diren bestelako ekintzak ere jakinaraziko dira.

Alde batetik, Irungo Udaleko Berdintasun arloak kanpaina berezi bat prestatu du “Maitatzea ez da kontrolatzea” leloarekin. Miren Echeveste Berdintasun ordezkariak azaldu du iazko kanpaina nerabeen artean gauzatzen diren genero indarkeriaren lehenengo adierazpideetan zentratu zela. Echevestek aurtengo egitasmoari buruz adierazi duenez, “aurten, kanpainak genero indarkeriaren esparruan gure gizartean helduen artean oso ohikoak diren beste portaera eta jarrera batzuk ere lantzen ditu”. Horrela indarkeria mota guztietan pentsatuz prestatutako kanpaina diseinatu du udalak: Indarkeria psikologikoa, ekonomikoa eta bikarioa.

Aurten A25eko kanpaina berritasun batekin dator. Izan ere, informazioa hedatzeko Irungo herritarren arten gehien erabiltzen diren 5 hizkuntzak aukeratu dira: euskara, gaztelera, frantsesa, arabiera eta errumaniera. Erabaki hori hartzeko Berdintasun Ministerioak eta Irungo Udalak genero indarkeriari buruz egiten dituzten inkesten emaitzetan oinarritu dira. Berdintasun ordezkariaren hitzetan, “inkesten emaitzek erakusten dute emakume migratzailea izatea oso arrisku faktore esanguratsua dela indarkeria matxisten testuinguruan”. Miren Echevestek azaldu duenez, ikerketek agerian utzi dute Irunera migratu duten emakumeen ia hiru laurden genero indarkeriaren biktima izan dira, edota oraindik ere badirela. Horregatik, azaldu du Berdintasun ordezkariak kanpaina irisgarriagoa egiteko nahia.

Imago agentziarekin batera diseinatu da kanpaina, eta Genero Indarkeriaren kontrako 2017ko Estatu Itunaren bidez finantzatu da, zeina mugarria izan zen botere publikoek genero indarkeria mota guztiak desagerrarazteko jardunean.

Diseinatutako materiala  azaroaren 7tik 28ra bitartean zabalduko da. Hiriko kaleetan kartelak jarriko dira, markesinetan eta bide publikoko beste elementu batzuetan, eta kartelak banatuko dira saltokietan eta udal instalazioetan. Era berean, ikastetxeetan eta osasun etxeetan zabalduko da kanpaina. Flyerrak banatzeaz gainera, 2022ko kanpinak beste nobedade bat izango du. Aurten hamabi orrialdez osatutako gidaliburu bat sortu da, indarkeria era askotakoa izan daitekeela gogorarazteko. Emakumeek pairatu ohi dituzten hiru indarkeria mota ohikoenak identifikatzen laguntzeko mezu eta portaerak azaltzen ditu gidak.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko mezuak zabaltzeaz gain, Miren Echevestek azaldu du azaroaren 25ean Irunen nazioarteko egun horren ospakizunarekin bat egiteko hainbat ekintza egingo direla. Ekintza horiek definitu eta antolatzeko lanean ari dira orain Irungo Udala eta Irunen feminismoarekin lotura duten erakundeak, laster programazio bateratu bat aurkeztu ahal izateko.

Bidasoaldeko Elkarte Feministaren ekarpena
Bidasoaldeko Elkarte Feministak dagoeneko azaroan zehar emakumeen kontrako indarkeriaren aurka egiteko antolatu dituen ekintzak azaldu ditu. Hilabetean zehar egingo diren ekintza gehienak tailerrak izango dira, tarten bestelako ekintzetarako tartea egongo delarik. Elkartetik antolatutako jarduera guztietarako sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.

Guztira, elkarteak antolatutako 4 tailer egingo dira azaroan. Lehena Raquel Calvo Pérezek zuzenduko du eta “Sexualitatea Zahartzaroan. Harremanak” titulua izango du. Hilabetean zehar 5 saio egingo dira hiriko adineko pertsonentzako gune sozialetan. Hitzaldiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira. Azaroaren 4an Anakan izango da, 7an Belaskoenean, 9an Palmera Monteron, 10ean Behobian eta 11n San Miguelen.

Olatz Eizagirrek azaroaren 3an Palmera Montero guneko 2. aretoan “Indarkeria matxista eta arrazista gorputz memoriatik, sendatzeko eta askapen bideak bilatzeko asmoz” hitzaldia eskainiko du. Hitzaldia Palmera Montero eraikineko 4. aretoan egingo da arratsaldeko 19:00etan.

Azaroaren 16an Florencia Savanti Colladoren txanda izango da eta ate irekien jardunaldi bat antolatu du “Norberaren ahalduntzea eta zainketa tailerra” titulupean, Qi gong-a, yoga integrala, meditazioa, mindfulness eta bestelako ekintzak egingo direlarik. Hitzordua Palmera Monteroko 2. aretoan izango da arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Azaroaren 26an aldiz, Rebeca Lestón Valbuenak “Enreda2. Helduei zuzendutako sare sozialei eta indarkeriarekin duten harremanari buruzko tailerra” eskainiko du. Tailerra Palmera Monteroko 2. aretoan egingo da eguerdiko 12:00etan.

Bidasoaldeko Elkarte Feministak ere bestelako ekitaldiak antolatuko ditu hilabete honetan. Berdintasunerako Bidasoaldeko Elkarte Feministaren V. Sariarekin Jaizkibel Konpainia saritu dute eta saria azaroaren 11n banatuko da Palmera Montero eraikineko 2. aretoan 19:00etan. Gainera, azaroaren 4tik 18ra Jaizkibel konpainiaren lorpenak errepasatzeko erakusketa ikusgai egongo da bertan. Bestetik, azaroaren 18an duela gutxi zendutako Rosa Valiente Ortizi omentzeko ekitaldia egingo da arratsaldeko 19:00etan Palmera Montero guneko 2. aretoan.

Aurretik aipatutako egitasmoen bitartez egunen batean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren ospakizuna beharrezkoa ez izatea lortzea espero da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude