Emakumeen aurkako indarkeria eteteko aldarriak gazteenen ahoetan itzuli dira kalera

 

Azaroaren 25aren inguruan emakumeen aurkako indarkeriaren amaiera eskatzeko ekintzak eta ekitaldiak bildu dira. Irunen egun seinalatuaren aurretik eta ostean gaiarekin lotutako ekitaldiak egin badira ere, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean hiriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen ekintza bereziki esanguratsua izan zen. Era berean, Irungo Udala eta Irungo elkarte feministak genero indarkeriaren aurka borrokatzeko indarrak batu dituzte.

Azaroaren 25ean bertan Irunen egindako ekitaldiak goizeko 11:00etan hasi ziren. Irungo ikastetxe publikoetako ikasleak Zabaltza plazan elkartu ziren. Euria ekitaldia zapuzten ahalegindu bazen ere, ikasleek eta irakasleek, kioskoren aterpean, antolatutako ekintzekin aurrera egitea lortu zuten. Elkarretaratzearen antolaketan Toki-Alai BHI, Txingudi BHI, Hirubide BHI, Plaiaundi eta Eguzkitza BHIko ikasleek parte hartu zuten, nahiz eta Txingudikoek eguraldi txarrarengatik ez zuten parte hartu azken elkarretaratzean.

Elkarretaratzeari hasiera emateko Eguzkitzako ikasleek dantza bat eskaini zuten. Jarrain, eskola guztietako ikasleek manifestu partekatuaren irakurraldian parte hartu zuten. Manifestuaren hasieran adierazi zutenez, “gaur azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eguna dugu, ez da gaurkoa ospatzeko eguna”. Irakurraldian argi utzi zuten elkarretaratzearen helburua genero indarkeria salatzea zela. Horrela, ikasleen hitzetan: “ez dugu ausartak izan nahi, aske eta berdinak izan nahi dugu”.

Manifestuaren amaieran gazte irundarrek Irungo Udalari, ikastetxe publikoetako arduradunei, hizkuntza sistemako eragileei eta elkarte feministei zuzendutako mezua zabaldu zuten. Hauek izan ziren ikasleen aldarrikapenak:

1) Gure Ikastetxeetan eta gure herrian edozein tokitan edozein pertsonarekin gaudela emakumeok beldurrik izan ez dezagun neurriak har ditzatela.

2) Gure ikastetxean eta gure herrian irakasleek, segurtasun eragileek, politikariek eta eragile sozialek eta abarrek indarkeria matxista identifikatzeko, prebenitzeko eta esku hartzeko formakuntza jaso dezatela.

3) Gure ikastetxeetan eta gure herrian indarkeria matxistarekin zero tolerantzia eskatzen dugu eta horretarako neurriak hartu ditzatela.

4) Gure ikastetxeetan eta gure herrian indarkeria pairatu duten emakumeei eta haien senideei babesa, laguntza eta baliabideak eskura jartzea.
Beatriz Rubiok, Toki Alai BHItik, elkarretaratzearen nondik norakoak azaldu ditu. Irakasleak adierazi duenez, “ekitaldi hau aurreko urtean antolatu genuen lehen aldiz, baina aspaldian pentsatuta genuen hirian horrelako zerbait antolatzea”. Bigarren urtez elkarretaratzea antolatu ostean, urtez urte errepikatuko den ekimena izango dela azaldu du Beatriz Rubiok. “Ikastetxe guztietan lan handia egiten ari da, hezkidetza batzordeak dauzkagu eta horrelako aldarrikapen egunez gain, gaia gure egunerokotasunean lantzen dugu”, azaldu du Rubiok. Ikastetxeetan berdintasunaren aldeko borroka materialetara, jardunetara eta unitateetara eraman dute.

Beste ekitaldiak
Ikastetxe publikoetako ikasleen elkarretaratzeaz gain, azaroaren 25ean beste ekintza batzuk egin ziren. Ordubete geroago, udaletxearen aurrean Irungo Udalak deitutako elkarretaratzea egin zen. Bertan, udal talde politikoetako ordezkariez gain, herritarrak eta elkarte feministetako ordezkariak batu ziren. Bestetik, hilabete osoan zehar Emakumeen Aurkako Indarkeriari aurre egiteko ekintzak antolatu dira. Helburua noizbait indarkeria mota honen amaiera ospatu ahal izatea da, orduan bai, azaroaren 25a ospakizun eguna izan dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude