Urte berriaren hasieran ohikoa denez, urtarrilaren 20ean Txotx Irekieraren ekitaldia ospatu zuten Ola sagardotegian. Enrique Aizpioleak izan zuen Irungo sagardotegiko denboraldia zabaltzeko ohorea. Irekiera ekitaldiaren ostean, maiatzeko hilabetearen amaierara arte izango da Olan sagardotegi menuaz disfrutatzeko aukera.
Sagardotegia goraino bete zen denboraldi berriari hasiera emateko. Urtero moduan, txalapartaren erritmora zabaldu ziren sagardotegiko ateak, sagardo berria dastatzeko gogoz hurbildu ziren bisitariei arrera beroa egiteko. Arantxa Lasalde musikariak azaldu zuenez, “lotura estua dago txalaparta eta sagardoaren artean, beaz, txalapartarik izan ezean, giroaren erdia faltako litzateke”.
“Beti egun hau atzetik bizi izan dudan arren, aurten aurrean jartzea egokitu zait”
Enrique Aizpiolea, Txotx Irekieran omendua
2019 urteko Txotx Irekiera egiteko ardura izan zuen Enrique Aipioleak. EAJ alderdiko zinegotzia izateaz gain, Meakako Auzo Elkarteko presidentea izandakoa da Enrique. Betidanik auzoan zein sagardotegiko lanetan laguntzeko erakutsi duen prestutasun handiarengatik hautatua izan da. Berria jaso zuenean sorpresa eta poztasun handia sentitu zuela adierazi du Aizpioleak. “Beti egun hau atzetik bizi izan dudan arren, aurten aurrean jartzea egokitu zait”, azaldu zuen Enrique Aizpioleak.
Azken hilabeteetako lan gogorraren ostean, denboraldi berriari hasiera emateko dena prest zegoen ola sagardotegian. Iñaki Bengoetxeak sagardotegiko upategiak betetzeko adina sagardo lortu du aurten, joan den urtean izandako soberatasunak errepikatu ez diren arren. Iñaki Bengoetxeak adierazi duenez, “aurtengo uzta kantitate aldetik eskasagoa izan bada ere, kalitate aldetik joan den urtekoa baino hobea izan da”.
“Aurtengo uzta kantitate aldetik eskasagoa izan bada ere,
kalitate aldetik joan den urtekoa baino hobea izan da”
Iñaki Bengoetxea, Ola sagardotegiko burua
Sagardoaren ezaugarriei dagokienez, aurtengo sagardoak joan den urtean lortutakoak baino gorputz gehiago duela adierazi du Bengoetxeak. Alkoholari dagokionez, aurtengoak alkohol apur bat gehiago izan dezakeela gaineratu du sagardotegi buruak, gehiegi nabaritzen ez den arren. Aurten, gainera, lore garaian eguraldiak kale egin zuen eta polinizazio prozesua kalteturik egon bada ere, sagardoa upeletan sarturik dago jada sagardozaleen desirak betetzeko prest.
Giro ona, ezinbesteko osagaia
Ola sagardotegian Txotx Irekiera ospatzen den eguna primerakoa da, sagardo berria lehen aldiz dastatzeaz gain, sagardotegiko giroaz gozatzeko. Izan ere, txalapartari, trikitilari eta bertsolariek ez zuten data garrantzitsu hau galdu nahi izan eta, urtero moduan, sagardotegiko giroa alaitzen ibili ziren.