Harrera duin baten aldeko oihu bateratua

Irungo Harrera Sareak manifestazioa antolatu zuen urtarrilaren 26ean pertsona migratzaileen harrera eskubidea defendatzeko. Milaka pertsonek parte hartu zuten arratsaldeko 17:00etan abiatu zen manifestaldian, legediaren errespetua eskatu eta migratzaileek jasaten duten esplotazio, arrazismo eta berdintasun eza salatzeko.

Euskal Herria, harrera herria” leloaren azpian milaka pertsona elkartu ziren Irungo Harrera Sarearen deialdiari erantzunez. Honela, jatorri eta adin guztietako pertsonak Ficoban bildu ziren migratzaileen eskubideak errespeta daitezela eskatzeko, hau da, pertsonen zirkulazio askerako eskubidea eta harrera duina jasotzeko eskubidea, besteak beste. Malen Garmendia, Irungo Harrera Sareko boluntarioak adierazi duenez, “beroan egiten diren itzulketak ikusten ditugu oraindik ere”.

“Beroan egiten diren itzulketak ikusten ditugu oraindik ere”

Malen Garmendia, Irungo Harrera Sareko boluntarioa

Gainera, bertan bildutakoek Aita Mari itsasontziko kideekiko babesa erakutsi zuten ere. Aita Mari Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzeko asmoz abiatu nahi da itsasora, baina, beharrezko baimenak ematen zaizkion arte, ezingo du bere helburua bete.

“Oraingo fluxua ez da udakoa bezalakoa, baina, oraindik ere etengabea da”

Oihana Galardi, Irungo Harrera Sareko boluntarioa

Manifestazioak lehen urratsetan Frantzia eta Espainiako herrialdeen arteko muga zeharkatu zuen, Hendaiako Erretentzio Zentrora iritsi arte. Era honetan, pertsonen zirkulazio askerako oinarrizko eskubidea aldarrikatu zen era sinbolikoan. Muga zeharkatu ostean, Irungo erdigunerantz zuzendu eta San Juan plazan amaitu zen aldarrikapenez beteriko ibilbidea, hain zuzen ere, Harrera Sareak plazan duen gunearen parean.

Aurretiazko lana
2018 urteko uztaileko hilabetean abiatu zuen Irungo Harrera Sareak bere ibilbidea. Ordutik, egunero 24 orduz eskualdera irisen diren pertsonen beharrei erantzuteko lanean aritu dira sarea osatzen duten boluntarioek. 150 boluntario inguru lanean ibili direla kalkulatzen dute, gehienak irundarrak, baina, Hondarribia edo Hendaiako zenbait herritarren laguntza jaso dute ere.

Sei hilabete horietan zehar harrera sareak 5.000 pertsonei harrera egin diela kalkulatzen dute. Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kideak azaldu duenez, “oraingo fluxua ez da udakoa bezalakoa, baina, oraindik ere etengabea da”. Izan ere, urtea hasi zenetik, sareak 315 pertsona bideratu dituela kalkulatzen da.

Eskubideen aldeko manifestua
Manifestazioaren antolakuntzaz gain, Irungo Harrera Sareak manifestu bat prestatu du zirkulazio libre eta harrera duina bermatzea nahi duten pertsonek sina dezaten. Izaera ezberdineko pertsona eta elkarteek manifestuan zehaztutako puntuekiko haien adostasuna erakutsi dute, hala nola, alderdi politikoak, sindikatuak, giza eskubideen aldeko elkarteak edo gizarte eta kultura erreferente ezberdina. Momentura arte, 2.500 sinadura baino gehiago bildu dira, nahiz eta oraindik manifestua sinatu eta Irungo Harrera Sarearekin bat egiteko aukera zabalik dagoen.

Hauek dira manifestuan aldarrikatzen diren puntu nagusiak:

– Instituzioei eskubideak bermatu eta irtenbideak sortuko dituen migrazio politika garatzea eskatzen zaie.

– Giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea aldarrikatzen da, era berean, pertsona ilegalik ez dagoela eta beroan egiten diren itzulketak salatzen da.

– Munduko potentzia ekonomiko nagusiek, Afrikan eta gaizki izendutako hirugarren munduan, egiten dituzten espoliazio eta arpilatze politika neokolonialistak irmoki salatzen dira. Hauek planetaren milioika lagun miseria edota emigraziora eramaten baitituzte.

– Honaino iristeko bere etxe eta herriak uztera behartuak izan diren pertsonentzako errespetua eskatzen da ere. Inork ez du bere edo bere seme-alaben bizitzak arrazoirik gabe arriskuan jartzen. Euskal Herriaren historia, harrera pasarteez ez ezik, ihesaldi garaiez ere beteta dagoela gogoratu.

Urtarrilaren 26a igaro bada ere, manifestuan bilduriko eskakizunak defendatzeko lanean jarrituko dute sarean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude