Denok Bat ostalaritza elkarteak Irun Hiriko Lehen Pintxo Lehiaketa antolatu du. Lehiaketan hiri osoko ostalariek parte hartu ahal izango dute eta oraingoz 28 establezimenduk eman dute izena. Otsailaren 18tik 27ra pintxoaren ibilbidea antolatu da lehiaketan aurkeztutako pintxoak dastatu ahal izateko eta finala, berriz, otsailaren 28an izango da. Txapelketaren aurretik Danako jatetxeko David Rodríguez sukaldariak ostalarientzako prestakuntza tailerrak eskaini ditu.
Lehiaketaren helburua da Irungo ostalaritza merezi duen lekuan kokatzea, hirian maila handiko sukaldari asko daudela aprobetxatuz. Pintxo lehiaketaren aurkezpenean Susana Fernández Denok Bat ostalaritza elkarteko ordezkariak adierazi zuenez “espero dugu lehiaketa honek oihartzun handia izatea, bai ostalarien artean, bai herritarren artean”.
Juncal Eizaguirre Hiri Bultzadako ordezkariaren hitzetan, “ekimen hau Denok Bat ostalaritza elkarteak diseinatu, antolatu eta bultzatu duela azpimarratzea gustatuko litzaidake”. Hiri Bultzadako ordezkariak gaineratu duenez, ostalaritzaren sektorea pandemiaren ondorioz garai konplexuan badago ere, horrelako ekintzek egitasmo berriak aurrea ateratzeko gogorik falta ez zaiola erakusten dute. Horregatik, Irungo Udalak ere bere ekarpen ekonomikoa egin du Denok Bat ostalaritza elkarteari lehiaketa aurrera ateratzen laguntzeko.
Irun Hiriko Lehen Pintxo Lehiaketa antolatzeko nahia otsaila hasieran aurkeztu zuen Denok Bat elkarteak eta 28 elkartek izena eman dute dagoeneko lehiaketan. Ostalariek txapelketarako prestatutako pintxoak otsailaren 18tik 27ra dastatu ahalko dira lehiaketan parte hartuko duten establezimenduetan. Lehiaketako pintxoek baldintza bakarra izango dute: pintxoaren prezioa 1,20 eurotik gorakoa ez izatea, eta hortik behera ostalari bakoitzak aukeratutako prezioa jarri ahalko dio. Aste horretan zehar epaimahaiko kideak Pintxoaren Ibilbidea osatuko duten taberna eta jatetxeetatik igaroko dira eta elkartearen akreditazio batekin identifikatuko dira. Epaimahaia eskualdeko zein Euskal Herriko sukaldariek osatzen dute eta otsailaren 26an jakinaraziko dituzte finalerako sailkatu diren pintxoak.
Lehiaketaren finala otsailaren 28an egingo da La Juanita jatetxean eta epaimahaiak aukeratutako 12 finalistak lehen lehiaketa honetako txapeldun titulua lortzen saiatuko dira. Lehiaketaren lehen edizioari zabalpen handiagoa emateko Denok Bat elkarteak fdefoto argazkilaritza markaren sortzailea den Fernando Vergara argazkilariaren laguntza izango du. Era berean, Zehartu enpresako Ricardo Catalanek lehiaketaren finala grabatu eta Youtuben zuzenean emango du.
Aurretiko prestakuntza
Lehiaketarekin hasi aurretik, Danako jatetxeko David Rodríguez sukaldariak prestakuntza tailerrak eskaini zituen. Tailer horiek otsaileko lehen bi asteetan zehar egin ziren Gaztelumendi, Biyena eta La Juanita jatetxeetan eta lehiaketan izena eman zuten parte-hartzaileek izan zuten prestakuntza horietan parte hartzeko aukera. Eneko Mitxelena Denok Bat ostalaritza elkarteko lehendakariak prestakuntzan ikasitakoarekin ostalariak pozik agertu direla adierazi du.
Lehiaketaren aurretik egindako prestakuntza ikastaroek arrakasta handia izan zutela nabarmendu du Eneko Mitxelena Denok Bat elkarteko presidenteak. “Aurretik ezagutzen ez dituzten sukaldaritza modernoko teknikak ezagutzeko eta ikasteko aukera izan dute parte-hartzaileek”, gehitu du Denok Bat elkarteko lehendakariak. Ikastaro horiek David Rodríguez sukaldariak gidatu ditu, Gipuzkoa eta Euskadi mailako hainbat pintxo lehiaketetan parte hartu ostean, txapelketetan ikasitakoa ezagutzeko interesa erakutsi duten ostalariei erakusteko. David Rodríguezek adierazi duenez, “batez ere, ostalariek lehiaketetan parte hartzeko beldurra gal dezaten saiatzen gara, parte-hartzeak beren negozioak eta, orokorrean, ostalaritzaren sektorea aberasten dituelako”. Rodríguez sukaldariak gogoratu du orain dela urte batzuk Irun eta baita Hondarribiko ostalaritza establezimendu gehiago aurkezten zirela pintxo lehiaketetara. Azken urteetan kopuru horrek behera egin ostean, Danako jatetxeko sukaldariak aurreko parte hartze handia berreskuratzeko nahia adierazi du.
Tokiko izaera duen txapelketa
Denok Bat elkartetik ahalegin berezia egin da, ostalariez gain, pintxo lehiaketaren antolakuntzan parte hartu duten babesle guztiak eskualdekoak izan zitezen. Izan ere, Makro da eskualdekoa ez den babesle bakarra baina % 15eko deskontuarekin lagundu die lehiaketan parte hartuko duten ostalariei. David Rodríguez sukaldariak lehiaketako irabazleek eskuratuko dituzten sariak zerrendatu zituen. Txapeldunak, txapelaz gain, Makrok emandako 300 euroko erosketa-txartela eta Iñigo Lavado jatetxean bazkari bat irabaziko ditu. Bigarren sailkatuak, berriz, 150 euroko erosketa txartela Makroren eskutik eta Ana Mari jatetxean bazkari bat irabaziko ditu. Hirugarrenak, Makron erosteko 50 euroko erosketa txartela eta Mikel jatetxean bazkari bat eskuratuko ditu.
Lehen hiruez gainera, lehiaketak beste 5 kategoria berezi izango ditu. Proposamen tradizional onenaren kategorian nagusitzen denak sukaldaritzako produktu sorta bat irabaziko du. Garagardoarekin egindako uztarketa onenari Tap Room Bidasoak emango dio saria, dastaketa bat egin eta upeltegia bisitatzeko aukera izango baitu. Ardoarekin egindako uztarketa onenaren sariaren kasuan, Vinoteca Mendibilik 5 pertsonentzako dastaketa bat oparituko dio. Denboraldiko produktuaren tratamendu onena egiteagatik hautatzen dutenak 100 euroko balea lortuko du BM supermerkatuetan gastatzeko.
Irun Hiriko Lehen Pintxo Lehiaketak azken kategoria bat izango du, zehazki, Pintxo Popularrarena. Kategoria honetan Pintxoaren Ibilbidean zehar arrakasta handiena izan duen pintxoa sarituko da. Eneko Mitxelena Denok Bat ostalaritza elkarteko lehendakariak azaldu duenez, elkarteak jakinaraziko duen trahola erabiliz sare sozialetan gehien partekatu den pintxoa izango da irabazlea. Denboraldiko produktuaren tratamendu onenaren irabazlea bezala, pintxo popularrenaren egileak BM supermerkatuetan erabiltzeko 100 euroko erosketa txartela eskuratuko du. Beraz, Irunen egingo den lehen pintxo lehiaketak, bertako izaerari eusteaz gainera, kontsumitzaileen iritzia ere hartuko du kontuan.