Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak, bitartekaritza soziokulturalerako programaren esparruan, “Gure artean” programa sortu du, Irunen bizi diren emakumeentzat. Otsailaren 17an jarriko da martxan ekimena.
Proiektu honen helburua da emakumeen artean babes eta elkartasun sare bat sortzea eta Irunen bizi diren emakume atzerritarrak Irungo gizartean integratu daitezen bultzatzea. Horretarako, parte hartzaileek beren interes eta esperientzien berri emango diote elkarri, Irungo gizartea (ohiturak, kultura, baliabide eta zerbitzuak…) ezagutuko dute, eta lana eta prestakuntza ikastaroak bilatzearen inguruko gaiak landuko dituzte. Gainera, behar duten emakumeek gaztelaniazko mintzapraktikak egingo dituzte.
Talde bat baino gehiago osatuko da, parte hartzaileen ezaugarri eta behar espezifikoak kontuan izanik, eta goizeko eta arratsaldeko txandak eskainiko dira: goizez, ostiraletan, 10:00etatik 11:30era bitartean, eta, arratsaldez, ostegunetan, 16:00etatik 17:30era bitartean.
Esan bezala, saioek ordu eta erdi iraungo dute, eta astero egingo dira, otsailetik abendura bitartean, eskola egutegia eta eskola oporrak kontuan izanik.
Otsailaren 17an ostegunarekin 16:00etan edo otsailaren 18an ostiralarekin 10:00etan hasiko dira saioak. Doakoak izango dira, eta bertaratze ziurtagiria emango zaie parte hartzaileei.