Emakumeen Ahalduntze Eskolan urteko lehen seihilekoan egingo diren ekintzak aurkeztu dira

Astearte honetan, Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek Emakumeentzako Ahalduntze Eskolak urteko lehenengo seihilekoan eskainiko dituen jardueren berri eman du. Guztira, lau ikastaro programatu ditu Eskolak, eta 80 toki eskaini. Otsailaren 23tik martxoaren 11ra bitartean eman beharko da izena, udal webgunearen bidez, eta ikastaro guztiak Palmera-Montero Gunean emango dira.

“Herritarrek gero eta argiago dute beharrezkoa dela berdintasun gaietan aurrera egitea eta horretarako halabeharrezkoa dela emakumeek beren burua hobeto ezagutzeko eta beren autoestimua garatzeko guneak sortzea; emakumeek beren behar, nahi eta gaitasunen kontzientzia handiagoa garatzeko guneak. Hain zuzen ere, helburu horiek lortzeko sortu genuen Ahalduntze Eskola, eta horretarako programatzen ditugu Berdintasun Zerbitzuak aurrera eramaten dituen jarduera asko. Gainera, ikastaro guztiak doakoak dira, erosahalmena ez dadin izan erabakigarria tailerretan parte hartzeko”, azaldu du Miren Echevestek.

Egitaraua

AUTODEFENTSA:

Indarkeria matxistari aurre egiteko emakumeek duten gaitasuna landuko da, horretarako,  teknika fisikoez gain, defentsarako tresna psikologikoak ere eskainiko dira. Bizipenak partekatzeko gune bat da, erasoak eta indarkeriaren aurpegi guztiak identifikatzen ikasi ahal dira bertan, eta bitartekoak bilatuko dira aurre egiteko, eta, aldi berean, estrategietan sakonduko da errotik ateratzeko.  16 urtetik gorako emakumeei zuzentzen zaie. 4 saio. Maiatzaren 12tik ekainaren 2ra (osteguna), 17:00-20:00.

JAINKOSAREN ESNATZEA:

Saioetan zehar, emakume guztiok barruan daramagun jainkosa esnatuz joango gara, eta horrekin konektatzeak aukera emango digu hain naturala den zerbait berreskuratzeko: gorputzean dugun gozamena, bizitzeko plazera eta gu geu izateko askatasuna. Arketipo horietako bakoitza ezagutzeak tresna berri bat eskaintzen digu, geure burua ulertzen lagun diezagukeena. Parte hartzen duen emakume bakoitzak hainbat arlo esperimentatu ahal izango ditu, horietako batzuk esploratuak izango dira eta beste batzuk konkistatzeke egongo dira. 10 saio. Martxoaren 15etik maiatzaren 31ra (asteartea). 17:30-19:30.

BIZITZA ZIKLIKOAK ARAKATUZ (ZIKLO MENSTRUALA):

Helburu nagusia hilerokoaren zikloaren erregistroaren jarraipena elkarrekin egitea izango da. Honetaz gain, beste hainbat gai landuko ditugu: Hilerokoaren zikloa modu zabalean ulertzea eta bizi dugun testuinguruan kokatzea, fase ezberdinen ezaugarriak, ziklikotasuna barneratzeko erregistroa egiteko baliabideak, ekonomia feministari hurbilpena, menarkia, arketipoak eta fase bakoitzeko erronkak, etab. 3 saio. Apirilaren 8an, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an (ostirala). 17:30-19:30.

BAZEN BEHIN EUSKAL MATRIARKATUAREN MITOA:

Euskal Matriarkatuak nolabait islatzen du Euskal Emakumearen estereotipoa, familiaren barruan botere handia duen izaki indartsu, fisiko eta psikologiko gisa, zeinak elkartuta eta babestuta mantentzen duen. Baina, ez al da apur bat susmagarria euskal gizartean “etxekoandrea” izenaz ere ezaguna den emakumearen boterea etxearekin oso lotuta egotea? 3 saio. Martxoaren 18tik apirilaren 1era (ostirala). 17:00-19:00.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude