Ezberdintasunen ohikotasuna ardatz izango da “Desberdintasuna bizi” hitzaldian

Otsailaren 17an arratsaldeko 18:30etan “Desberdintasuna bizi” hitzaldia aniztasun funtzionala duten pertsonekin loturiko aurreiritziak apurtzen saiatuko da. Hitzaldia Oiasso Museoan egingo da eta ez da gonbidapenik eskuratu behar bertan parte hartzeko. Hegalak Zabalik fundazioak antolaturik, Juncal Cepeda, Zuriñe Anzola eta Miren Martiarenak parte hartuko dute bertan. Juncal Cepeda irundarrak desberdintasuna bizitzea nolakoa den aurreratu du.

Zertaz hitz egingo duzue otsailaren 17ko hitzaldian?
Hitzaldian hiru emakumeren bizipenak entzungo dituzue, hau da, hiru ohiko emakumeren bizipenak. Izan ere, nahiz eta itxura ezberdina izan edo modu ezberdinean mugitu, hiru ohiko emakume gara.

“Desberdintasuna bizi” tituluarekin zer adierazi nahi duzue?
Uste dut askotan “desberdintasuna” edo “desberdin” hitzak esanahi negatiboarekin erabiltzen ditugula, baina ez dute zertan esanahi negatiborik izan eta beste era batera ere erabil daitezke. Beste modu batean bada ere, gu ere gauzak egiteko gai gara eta hori ez da txarra, baizik eta desberdina.

Zergatik erabaki duzue hitzaldia ukitu umoretsuarekin egitea?
Askotan, konturatu gabe, gure ideiak kexak balira bezala adierazten ditugu, ezta? Beraz, iruditu zitzaigun publikoarentzat horrelako hitzaldi bat entzutea apur bat latza izan zitekeela. Batzuetan beharrezkoa da kexatzea, baina egia da guztiok oztopoei aurre egiterakoan askotan umorera jotzen dugula. Hortaz, errazagoa da guztiontzat umorearekin ibiltzea.

Zergatik gomendatuko zenuke Oiasso Museoko hitzaldi honetara joatea?
Uste dut guztiok aurreiritziak dauzkagula eta gehienetan gezurrak direla. Horregatik, guk aurreiritziei buruz hitz egingo dugu bertan eta horiek desmuntatzen saiatuko gara. Ni irundarra naiz eta kaletik ikusten nauzuenean ziur niri buruzko aurreiritziak izango dituzuela eta baliteke horietako batzuk egia izatea edo ez. Uste dugu garrantzitsua dela benetakoak ez diren horiek gure burutik kentzea.

Aurretik Tabakaleran hitzaldi bera eskaini duzue. Nolakoa izan da esperientzia?
Uste dut jendeari hitzaldia gustatu zaiola, baina ez zuten espero gaia umorearen bitartez landuko genuenik. Harrera ona izan genuen eta, leku handia izan arren, giro beroa sortzea lortu genuen. Egia esan, lehen aldiz publikoaren aurrean hitz egiten duzunean zaila da, baina gero zure burbuilan sartzen zara eta hortik aurrera ez da hain latza.

Hitzaldia ematean zerbait ikasteko aukera izan duzu?
Hitzaldia hiru emakumeren artean ematen dugu eta kideetako bat itsua da. Hitzaldiari esker itsuen bizimodua eta haientzako oztopoak zeintzuk diren jakiteko aukera izan dut. Orain arte ez nituen ezagutzen eta prestaketa prozesuan edo hitzaldian bertan horietaz jabetu naiz.

Aurretik Hegalak Zabalik fundazioarekin harremana zenuen?
Bai, Hegalak Zabalik fundazioari esker igerian ikasten ari naiz. Astean bi aldiz Hegal kirol zentrora joaten naiz eta fundazioari esker lortu nuen igeri egiten ikasteko aukera. Ni betidanik egon naiz gurpildun aulkian eta mugitzeko beti aulkiaren beharra izan dut. Urak nire beste gaitasun batzuk ezagutzeko aukera eman dit eta, askatasuna sentitzeaz gain, lasaitzen laguntzen dit. Oso polita da uretan egotea.

Hitzaldian eguneroko bizipenak edo anekdotak aipatuko dituzuenez, baten bat aurreratu dezakezu?
Bai, adibidez, jende asko dagoen leku berriren batera noanean nabaritzen dut jendeak begiratzen nauela bere buruari galdetuz ea nondik atera naizen edo zer desgaitasun mota izango ote dudan. Irunen oso ezaguna naiz jada eta kalera ateratzen naizenean ez ditut horrelako hainbeste begirada nabaritzen.

Uste duzu oraindik gizartean aniztasun funtzionalarekin loturiko aurreiritziak daudela?
Bai, asko. Nik uste jendeak hiritik normaltasunez mugitzen ikusten gaituela, baina oraindik ez daki nola hurbildu behar duen guregana edo ez daki nola hitz egin behar duen gurekin. Beraz, arazo gehiago ditugu beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko orduan, kalera irteteko ohiturarekin baino.

Gizarteaz gain, espazio publikoak egokitzeko beharra ere azpimarratzen duzue?
Bai, hori ezinbestekoa da bizimodu ohiko bat eraman ahal izateko. Irisgarritasuna hobetzeari esker aukera gehiago eta beste pertsonek adina aukera izango ditugu. Urteak pasa ahala, nabaritzen dut inguruan oztopo gutxiago aurkitzen ditudala, baina oraindik gauza asko hobetu behar dira. Noizbehinka Udalak espazioak irisgarriago izateko lanak antolatzen dituela ikusten dugu eta hori oraindik dena egokitua ez dagoelako da.

Zuk zeuk sare sozialak horrelako gertaerez edo beharrez ohartarazteko erabiltzen dituzu?
Gaur egun ia guztiok sare sozialak erabiltzen ditugu, beraz, oso tresna garrantzitsuak dira bestelako egoerak bertan erakusteko eta niri ere besteen zailtasunak ikusteko balio izan dit.

Zer aldatu beharko litzateke mundu inklusiboago bat lortzeko?
Nik uste dut garrantzitsuena guregana normaltasunez hurbiltzea eta gurekin modu arruntean hitz egitea dela. Azken batean, guztiok gizakiak gara eta, gure desberdintasunak ahaztuta, modu berean jokatu beharko genuke edonorekin.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude