Oiasso Museoak jende ororentzako askotariko programazioa eskaintzen du abenduaren 10etik (ostirala) aurrera. Jarduera guztietan, osasun-arauak beteko dira, jarduera osoan gehieneko parte-hartzaile kopuruari, higieneari eta maskararen nahitaezko erabilerari dagokienez.
“Adrianoren Harresia” izeneko aldi baterako erakusketaren esparruan, Oiasso museoan ikusgai egongo baita dohainik urtarrilaren 31ra arte, Albert Anglès-Minguellek, Vindolandan egindako indusketetako laguntzaileak, “Vindolanda: eguneroko bizitza Inperioaren mugaldean” izenburuko hitzaldia emango du abenduaren 10ean, ostegunarekin, 19:00etan.
Britainiako aztarnategi berezi eta harrigarrienetako baten bidez, Adrianoren Harresian, Inperioaren muga gotortuenetako eta iparraldekoenetakoan eguneroko bizitza nola zen antzeman ahal izango dugu. Aztarnategiaz gain, ospetsua baita idatzitako oholtxoak eta ohiz kanpoko material organikoen aurkiku direlako, muga horren historia eta antolamendua deskribatuko ditugu, eta baita haren defentsarako unitate osagarriek nolako garrantzia zuten ere (horien artean, jatorri barduloko eta baskoiko unitateak ere izan ziren).
Ainara LeGardonen bakarkako kontzertua ere izango da museoan, abenduaren 11n, larunbatarekin, 19:00etan. Sarrera doan da, baina gonbidapena behar da. Gonbidapenak ostiraletik aurrera (hilak 10) banatuko dira museoko harrera-gunean, 10:00etatik aurrera. Kontzertu hau bertako Kultura Km 0 kultura-sareari laguntzeko programaren eta Irun Zuzenean ekimeneko musika-ekintzen esparruan sartzen da.
Eguberrietako jarduerak Oiasso Erromatar Museoan
Eguberri-jaiak direla-eta bereziki txikienentzat izango diren jarduerei dagokienez, urte-amaiera arte egingo dira jende ororentzako bisitaldiak eta aire zabaleko txangoak. Abenduaren 11n eta 18an (larunbatak), meatzari-trenak azken irteerak egingo ditu Irugurutzetara (11:00-12:30). Abenduaren 12an, 19an eta 26an eta urtarrilaren 2an eta 9an (igandeak), Irun erromatarretik ibilaldia eta Santa Elena ermitara bisita (11:00-12:30) egin ahal izango dira. Lagungarri izango dira TIR doako aplikazioa eta horren Oiassoko aztarnategi arkeologiko nagusien 3D birsorkuntzak.
Abenduaren 22an, 17:15etik aurrera, udazken honetan Oiasso museoan egin diren antzerki-tailerretako parte-hartzaileek emanaldiak eskainiko dituzte ikastaroari amaiera emateko. Haurrek eta helduek egindako tailer horiek Kutxa Fundazioaren laguntzarekin eta Oiassortu programaren barruan egin dira, eta helburua izan da kultura, historia eta ezagutza arte-adierazpenaren bidez partekatzea. Abenduaren 23an, 18:00etatik aurrera, “Oiassoko emakumeak” bakarrizketen beste emanaldi bat egingo da museoan. 2021. urte osoan eskaini dira bakarrizketa horiek, eta horiek ere Kutxa Fundazioak babestutako Oiassortu programan sartzen dira. Ekitaldi horietarako sarrera doan izango da, tokia bete arte.
Batez ere 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Oiasso Museoak mosaikoen tailerra eskaintzen du. Aukera ona da teknika erromatarra modu errazean ezagutu eta tesela txikiak erabiliz aleren bat egiteko. Jarduera hau abenduaren 28an eta urtarrilaren 4an egingo da (ostiralak), 11:00etatik 12:30era.
Abenduaren 29an eta urtarrilaren 5ean (asteazkenak), haurrek (8-12 urte) beren antzerki-maskara sortu ahal izango dute antzerki greko klasikoaren oinarrizko elementu batean sartzeko aukera emango dien eskulan-tailerrean. 11:00etatik 12:30era egingo da jarduera hori.
Abenduaren 30ean, ostegunarekin, eta urtarrilaren 7an, ostiralarekin, (11:00-12:30), 8 urtetik 12ra bitarteko umeak arkeologo bihurtu ahal izango dira egun batez, eta aurkitutako objektuek zer misterio ezkutatzen dituzten deskubritu, museoko laborategian.
Urtarrilaren 8an, larunbatarekin, familian egiteko jarduera bat eskainiko du museoak: helduek, gazteek eta umeek marrazketa- eta pintura-lehiaketa batean parte har dezakete, eta sari dibertigarriak irabazi. Parte hartzen dutenak museora sartu ahal izango dira, eta han, bildumako pieza arkeologikoren bat marraztu ahal izango dute, edo bisitaldian gehien gustatu zaien gauzaren bat.
Jarduera horietan guztietan, mugatua da edukiera. Informazio gehiago eta erreserbak: 943639353 /info-oiassomuseo@irun.org; edo www.oiasso.com.