Azken urteotan bezala Irungo Udalak programazio berezi bat prestatu du Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Euskara arloak antolatutako ekintzez gain, programa udaleko Kultura arloak, CBA liburutegiak eta Oiasso Museoak antolatutako ekintzekin osatu da. Ekimen gehienak abenduaren 3ko astean izango dira.
Ez Geratu Begira leloarekin, Irungo Udalak hiritarrak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Irunen antolatuko diren ekintzetan parte hartzera animatu ditu. Miren Echeveste Euskara ordezkariak azaldu duenez, “ohiko moduan Irungo Udalak programazio berezi bat prestatu du data honen inguruan”. Hortaz, irundarrek kontzertu, antzezlan, bakarrizketa eta kale animazioen artean aukeratu ahalko dute Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Lehen ekintzak abenduaren 1ean egingo dira. Izan ere, egun horretan bertan Kalean Bai planaren sinatze ekitaldia egingo da Irungo udaletxean. Kalean Bai plana Irungo aisialdiko jarduerak eta ekintzak urratsez urrats euskalduntzeko helburuarekin sortu zen duela urte batzuk. Kalean Bai hitzarmenaren bitartez Irungo elkarteek hainbat konpromiso hartu izan dituzte haien entitateetan eta antolatzen dituzten jardueretan euskara bultzatzeko.
Udalak abiarazitako hausnarketaren ondorioz, Kalean Bai plana berraktibatzeari ekin zaio: hitzarmen berriak sinatuko dira, eta egungo errealitatera egokituko dira. Lan hau faseka egingo da, eta 25 urte bitarteko haur eta gazteentzat eskola-orduz kanpoko jarduerak antolatzen dituztenekin hasiko da lanketa.
Abenduaren 2an, berriz, Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariak 17:00etan San Juan plazatik abiatuko dira Bertso Saioak Parkez Parke jardunaldian. Helduok haurren aurrean euskaraz aritzeko garrantzia jorratuko dute bertso saioan.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat ekintza izango dira Irunen. Batetik, CBA liburutegiak Kontukantoi taldearen eskutik kale animazio ekitaldia antolatu du, goizetik eguerdira arte eta 16:00etatik 18:00etara Zabaltza plazatik CBAraino. Oiasso museoak, aldiz, bakarrizketa saio bat antolatu du bere aretoan 18:00etan. Egun horretan bertan, 19:00etan Amaia Kultur Zentroan Idoiaren Neguko Bira kontzertua ikusi eta entzuteko aukera izango da. Idoia Asurmendiren emanaldian 12 abesti eta errezitatu batzuen bidez, goizetik eguzkia erori arte egun bat igarotzea iradokiko du, eszenatokia txikitu edo handituko duten poemekin, argi-jokoekin eta lanparekin.
Abenduaren 4an, beste bi ekitaldi izango dira. 12:00etan San Juan plazatik Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea Kantujirarekin abiatuko dira. Kantujiran parte hartu nahi duen guztiari kantu liburuxka bat emango zaio haiekin batera kantatu ahal izateko. Egun horretan bertan Amaia Kultur Zentroan 19:00etan Skola Musik akademiak Euskal Musikaren Zertzeladak dokumental musikatua eskainiko du. Dokumentalean Euskal Herrian musikaren esparruan eman eta garatu diren musika estilo batzuk ikusi eta entzuteko parada eskainiko dute, antzinako giro eta soinu-ezaugarrietatik hasita gaur egunekoetaraino. Zuzeneko musika eskaintzen den bitartean, sasoi bakoitzeko artista eta talde esanguratsuen irudiak ikusi ahal izango dira pantaila handian. Emanaldiak ordu eta laurdenetik ordu erdira bitarteko iraupena izango du.
Horretaz gain, bi Mintzodromo Gazte egingo dira Irungo institutuetako 4. mailako ikasleekin. Azaroaren 30ean eta abenduaren 2an izango dira 10:00etatik 12:00etara eta Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian egingo dira.
Miren Echeveste Euskara ordezkariak azaldu duenez, ekimen guztiak doakoak izango dira, Perez Sagutxoa antzezlana izan ezik; hau ikusteko ohiko sarrera ordaindu beharko da. Idoiaren Neguko Bira eta Euskal Musikaren Zertzeladak ikusteko berriz, gonbidapena hartu behar da, turismo bulegoan edo interneten bidez. Euskara ordezkariak gogoratu duenez, pertsonako 4 sarrera hartu ahalko dira gehienez.
Haurrak aurrean, helduak heldu
Euskararen erabileran aurrerapausoak emateko nahiarekin eta Euskaraldiaren baitan, Haurrak Aurrean, Helduak Heldu egitasmoa garatuko da azaroaren 22tik abenduaren 5era.
Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen. Horretarako, umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea lortu nahi da; eta horrekin, belaunaldi berriek hizkuntza praktika berriak normalizatu eta barneratzea.
Ariketa honetako xede taldea 0 – 12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten herritar helduak dira. Hala nola, gurasoak, hezitzaileak, lagun helduak, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideak, etab.
Aktibazio ekimen hau aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Irungo ikastetxe eta elkarteen laguntza. Irungo Udalak hainbat euskarri (kartelak, lonak, enara, identifikagarriak…) banatuko ditu, ekimena girotzeko eta helduak parte hartzera gonbidatzeko.
Haurrak Parkean
Antolatutako ekimen gehienak abenduaren 3ko astean izango badira ere, azaroko asteazken eta ostiraletan hain zuzen, Haurrak Parkean proiektuan parte hartzeko aukera izan dute 2-10 urteko haurrak dituzten familiek. Proiektu horren helburu nagusia parkeetan eta kalean euskararen erabilera handitzea da, adin tarte horretako haurrentzat antolatutako jolasen bitartez. Azaroko edizioan ekintzak San Juan plazan, Arbium plazan, Juan Sánchez eta Nagore Laffage parkeetan egin dira. Egitasmoaren lehen atala izan da, baina Irungo Udaleko Euskara arloak iragarri du ikasturte honetan zehar horrelako beste bi txanda antolatzeko asmoa duela Haurrak Parkean ekintza hiriko beste zonaldeetara zabaltzeko.