Gabonetan Irunen aspertzeko astirik ez

Gabonak ate joka daude jada eta, urteko egun berezi horiek ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dira Irunen. Izotz pista sintetikoa edo leraz irristatzeko txirristak izango dira aurten ere. Hala ere, Gabonetako merkatua edo Video Mapping izeneko ekintza berriak dira aurtengo Gabonetako nobedade nagusiak.

Irungo Udalak 300.000 eurotako aurrekontua bideratuko du Gabonak ospatzeko prestatu diren ekintza guztien antolakuntzara. Miguel Angel Paez, Hiri Bultzada arloko ordezkariak Eguberrietako kanpainaren aurkezpenean adierazi zuen, “Beste urte batez, Gabonetan gure hiria disfrutatu eta erosketak egiteko espazio hobezin batean bihurtzeko ahalegin guztiak egin ditugu”.

Abenduaren 4ean ospatu zen Irungo kaleak apainduko dituzten argien piztea. Ekitaldi honekin Gabonak iristeko atzera kontaketa hasi zen. Dunboa ikastetxeko 6. mailako ikasleek parte hartu zuten argiak pizteko ekitaldian, Jose Antonio Santano Irungo Alkatearekin batera. Guztira, 271 apaingarri kokatu dira aurten hiriko kale eta bazter ezberdinetan eta horretarako 90.015 eurotako aurrekontua baliatu da. Urtarrilaren 6ra arte martxan izango dira argiak.

“Beste urte batez, Gabonetan gure hiria disfrutatu eta erosketak

egiteko espazio hobezin batean bihurtzeko ahalegin guztiak egin ditugu”

Miguel Angel Paez, Hiri Bultzada arloko ordezkaria

Gabonetako azoka izango da aurtengo Gabonetarako antolatu den nobedade nagusietako bat. San Juan plazako CBA liburutegiaren parean kokatuko da 5 salmahaiez osaturik egongo den merkatua eta 16 saltoki irundarretako merkatariak txandakatuko dira bertan. Merkatua hiru txanda ezberdinetan egongo da zabalik: lehena abenduaren 21etik 24ra, bigarrena, 27tik 30era eta, azkena, urtarrilaren 3tik 5era. Merkatuaren ordutegia, berriz, goizetan, 11:00etatik 14:00etara eta, arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00 edo 21:00ak arte.

Video Mapping izeneko ekintza Gabonetarako antolaturiko beste nobedadea izango da. Irungo udaletxearen aurrealdean bideo proiekzio berezia egingo da, eraikinaren formak aprobetxatuz. Ikuskizuna abenduaren 22, 28, 29an eta urtarrilaren 3 eta 4ean ikusi ahalko da, arratsaldeko 20:30etan.

Gainera, etxeko txikien oporraldi garaia aprobetxatuz, haurrentzako ekintza ugari antolatuko dira Gabonetan hirian. Antolatuko diren ekintza guztien artean abenduaren 28an, ostiralean, eta urtarrilaren 3an, ostegunean, kale-antzerkiak egingo dira Irungo kaleetan zehar19:00etatik 20:30etara. Abenduaren 4ean, berriz, msuikaren txanda izango da Burrunba Elektrotxarangaren eskutik 19:00etatik 20:30etara.

Ekintza beteranoak
Gabonen inguruan antolaturiko ekintzen artean, bi ekintza jada beteranoak dira: Zabaltza plazako izotz pista eta txirristak. Izotz pista sintetikoak 200 m2-takoa izango da eta leren atrakzioak 3 txirrista izango ditu. Abenduaren 14tik urtarrilaren 6ra egongo dira zabalik. Aurten ere Gabonetako bola erraldoiak Irungo zonalde komertzial ezberdinetan kokatuko da. Bertan, bisitariak bola erraldoiaren barnean sartu ahalko dira, elurraren efektua sortzen duten Gabonetako esfera tipikoetan bezalaxe, argazkiak ateratzeko.

Urtea agurtzeko ekintza bereziak

Santo Tomas
Urtero bezala abenduaren 21ean Santo Tomas eguna ospatuko da Urdanibia plazan. Goizeko 10:00etatik aurrera Barazki, Animali eta Ezti lehiaketak egingo dira. 17:00etan hasita eta arratsalde osoan zehar hiriko dantza eta trikitixa taldeek girotuko dute plaza. Azkenik, gaueko 22:00etan Burrunba Elektrotxarangak amaiera emango dio egunari.

Olentzeroren etorrera
Olentzero hirira iritsiko da haurren gutunak jasotzeko. 17:00etan Alberto Anguera plazatik irtengo da Kolon ibilbidea zeharkatzeko. 18:00etatik aurrera, Olentzero Irungo Udaletxeko arkupetan egongo da gutunak jasotzen, gaueko 21:00ak arte.

Olentzero eta Gabon kantuen lehiaketa
Irungo Udalak, urtero moduan, abenduaren 24ean Olentzero eta Gabon kantuen lehiaketa antolatu du. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da San Juan plazan eta hiriko abesbatza ezberdinek hartuko dute parte bertan.

Ondare elkarteko erraldoi eta buruhandien desfilea
Ondare Kultur Elkarteko erraldoi berriek, elkarteko gainontzeko erraldoi eta buruhandiekin batera, hiriko merkataritza-guneak zeharkatuko dituzte 18:00etatik 19:30etara.

Ongintzazko Kontzertuak
Bi ongintzazko kontzertu egingo dira Gabonetan zehar Amaia Kultur Zentroan. Lehena, abenduaren 16an, igandean, arratsaldeko 19:00etan. Ma Non Troppo orkestra eta Ametsa Abesbatzaren emanaldia izango da, Fernando Etxepareren zuzendaria eta Rotary Club Bidasoa-ren laguntzarekin. 15 euro ordaindu beharko dira emanaldiaz gozatu ahal izateko.

Bigarren kontzertua hurrengo igandean izango da, abenduaren 30ean. Taupadak Orkestraren kontzertua izango da eta Iker Sanchezen zuzendaritzapean, Oihana Jimenez (flauta), Maddi Sanz (harpa) eta Maria Martin soprano irundarraren talentuaz gozatu ahalko da 10,90 eurotako sarrera ordainduz gero.

Pin! Pan! Pun! Gabonetako haur-parkea
Pin! Pan! Pun! Gabonetako haur-parkeak abenduaren 26ean zabalduko ditu ateak urtarrilaren 4era arte. Arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara Ficobako hiru pabiloietan 3 eta 13 urte bitarteko haurrek gurasoekin batera disfrutatzeko aukera izango dute.

Jaiotza eta Olentzeroen erakusketa
Olentzero eta jaiotzen erakusketara aurkeztutako lanak erakutsiko dira abenduaren 14tik urtarrilaren 4ra Amaia Kultur Zentroan. Era berean, Gipuzkoako Jaiotzazaleen Elkartearen jaiotzak ikusi ahalko dira ere. Erakusketa astelehenetan itxita egongo da, baina asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara bisitatu ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude