18 zentimetrora mugatutako arte eta erakusketaren hirugarren edizioa

“18 CM” programaren 3. edizioa aurkeztu dute Ricardo Catalán eta Ana Zubikoak , Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariaren konpainian. Lehiaketan onartzen diren obren neurrien ondorioz, ezaugarri zehatz eta bereziak dauzkan lehiaketa da. Lehiaketan parte hartu nahi duten artistek lanak uztailaren 15etik 30era aurkeztu beharko dituzte Amaia Kultur Zentroan.

Ricardo Catalán eta Ana Zubikoak “18 CM” programa 2018. urtean martxan jarri zuten artearentzako eszenatoki berriak sortzeko helburuarekin. Ekimen honen bitartez artearen edozein diziplina lantzen duten artistei haien lanak erakusteko aukera eskaintzeko modua topatu zuten. Programak mota guztietako artistak onartzen ditu, hau da, zaletuak, hasiberriak, amateurrak edo artista profesionalak. Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariaren hitzetan, “Amaia Kultur Zentroa, aretoko erakusketa erregularren programaren barnean, “18 CM” bezalako programei atsegin handiz aretoko ateak irekitzen dizkiegu hiritarren artean ezagutarazteko”.

Aurtengo erakusketarako antolatzaileek “1920ko Hamarkada Zoriontsua ” gaia aukeratu dute. Ana Zubikoa 18CM programaren antolatzaileak adierazi duenez, “erakusketarako aukeratutako gaia oso gai zabala dela uste dugu, artisten sormenaren arabera emaitza amaigabeak izan ditzakeena” Gaiaren aukeraketarako programaren antolatzaileak CBA Udal Liburutegiko koordinatzaileekin ados jarri dira, izan ere, Udal Liburutegiak 2020. urtean zehar duela mende bat bizitako emankortasun ekonomiko handiko garaiarekin lotutako ekintza ugari antolatuko dituelako.

“Konfinamenduan zehar artistak etxetik lanean aritu direla ikusi dugu eta erakusketa sorkuntza guzti horiek erakusteko aukera bikaina iruditzen zaigu”
Ricardo Catalán, 18CM programako antolatzailea

Ricardo Catalánek azaldu duenez, “konfinamenduan zehar artistak etxetik lanean aritu direla ikusi dugu eta erakusketa sorkuntza guzti horiek erakusteko aukera bikaina iruditzen zaigu”. Ricardoren hitzetan alarma egoerarekin 18CM programaren aurtengo edizioa zalantzan ikusi zuten, baina, segurtasun neurri guztiak errespetatzeko modua topatu zutenean, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak adierazi duenez, “pixkanaka eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz hiriko agenda kulturala hitzorduak berreskuratzen hasi da udako hilabeteetara begira”.

18 zentimetroetatik harago
Hortaz, lehiaketa lanen bat aurkezteko baldintza nagusiak, aurtengo deialdirako aukeratutako gaiarekin nolabaiteko lotura izateaz gainera, lanaren neurriek 18 zentimetroak errespetatzea izango da. Artista bakoitzak lehiaketara gehienez 3 lan aurkeztu ahalko ditu, beti ere, 1920ko Hamarkada Zoriontsua gaia errespetatuz.

Pintura, serigrafia, grabatu eta argazkiak aurkeztu ahal izateko, lanen altuera edo zabalerak gehienez 18 zentimetro izan beharko ditu, erakusketarako oinarri sendo baten gainean aurkezteaz gainera. Eskulturen kasuan lanaren dimentsioek ezingo dituzte 18 zentimetroak gainditu, ez altura, ez zabaleran eta ez sakoneran. Lan audiobisualek, berriz, 18 segundo edo minutu bat eta 18 segundoko iraupena izan beharko dute. Ricardo Catalánek azaldu duenez, “parte hartzaileei lehiaketaren oinarrietan zehazten diren arauak errespetatzea eskatu nahi diegu”. Izan ere, antolatzaileak azaldu duenez, aurreko urteetan onartutako obren neurriak gainditzen edo ozta-ozta betetzen zituzten lanak jaso izan dituzte, baina, aurten arauen betekizuna zorroztasun handiagoarekin kontrolatuko dela abisatu du. Dena dela, era guztietako teknikak erabiltzen dituzten lanak onartuko dira.

Lanen entrega
Lanak Amaia Kultur Zentroan López de Becerra kaletik sartuta entregatu beharko dira uztailaren 15etik uztailaren 30era. Aretoko harrera asteartetik larunbatera arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara irekita egongo da eta igande eta jaiegunetan, berriz, 11:30etatik 13:30etara. Lanak behar bezala betetako izen-emate orriarekin batera entregatu beharko dira. Hortaz gain, lanekin batera artistek lanaren azalpen testu labur bat aurkezteko aukera izango dute. Lehiaketan abuztuaren 21ean 18 urteak beteta dituzten artistek parte hartzeko aukera izango dute.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean, antolatzaileek jasotako lanen kopuruaren araberako aukeraketa egingo du, lanen kalitatea, aniztasuna eta erakusketarako libre dagoen espazioaren arabera. Aukeratutako lanak abuztuaren 21etik irailaren 6ra bisitatu ahalko dira Amaia Kultur Zentroan. Informazio gehiago behar izatekotan, HAZ bulegoarekin edo Kultura arloarekin harremanetan jartzeaz gainera, interesdunek cultura@irun.org helbidera idatzi edo 943 50 54 07 telefono zenbakira deitzeko aukera izango dute.

Lan sarituak
Lehiaketako lan irabazleak Donostiako Tamayo paper-dendan 180 euroko opari-txartela eskuratuko du, bi bidai opari-kutxekin batera. Hortaz gain, Tamayo dendak aurten kolaborazio berezia izango du lehiaketan, izan ere, artistek dendan lehiaketa honetarako bereziki sortutako neurri bereziko mihiseak eta bestelako oinarriak erosi ahalko dituztelako. Era honetan, egitasmo honen bitartez artistei lehiaketara lanak aurkezteko oinarri egokiak aurkitzeko lana erraztu nahi zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude