Parean Berdintasun Elkarteak amatasunen analisia egin du feminismoaren ikuspuntutik

Parean Berdintasun Elkarteak “Amatasunak Feminismotik” ikerketa bultzatu du amatasunaren gaia ikuspuntu feministatik lantzeko asmoz. Ikerketa Atsolorra proiektuaren barnean garatu dute. Informazioa biltzeko Gipuzkoan barrena emakumeekin amatasuna hizpide izan duten hainbat saio antolatzeaz gain, 150 emakumek erantzundako galdetegian oinarritu dira. Ainara Lopez Zarco Parean elkarteko kidea da eta azterketaren emaitzen irakurketa egin du.

Parean elkarteak Atsolorra proiektua sortu zuen feminismoak amatasunaren lanketa era kolektiboa egiteko abagunea eman dezan. Atsolorra hitza garai batean Euskal Herrian egiten zen eta egun ia galduta dagoen jaiotza erritutik dator. Erritu hartan haurra jaiotako baserrian auzoko emakumeak elkartzen ziren ama berriari laguntzeko asmoz. Parean elkarteak berriz, beren Atsolorra partikularraren bitartez, amatasun feminista eraikitzeko bidea hasi nahi du.

Ainara Lopez Zarcok azaldu du Parean elkartean ikerketa hau burutzea erabaki zuela feminismoan amatasunaren gaia landugabe zegoela konturatu ostean. “Feminismoak ama ez izatearen eta abortuaren aldeko aldarri asko egin ditu, baina ama bihurtzen garenean erreminta eta hausnarketa falta hauteman dugu”, adierazi du berdintasun elkarteko kideak. Beraz, Parean elkarteak ikerketa abiatu zuen lanketa hori modu kolektiboan egitea ahalbidetzeko lanabesak sortzeko.

Ikerketarako informazioa biltzeko Parean elkarteak saio parte-hartzaileak antolatu zituen lehenengo. Hernani eta Pasaian egin ziren saio horiek eta hainbat dinamikaren bitartez taldean gogoetak eta erronkak partekatu zituzten. Ainara Lopez Zarcok nabarmendu duenez, “saio horietan ez genuen soilik gure prozesu pertsonalez hitz egin, ama direnen eta ez direnen arteko sareak sortzeko gakoak ere landu genituen”. Era berean, proiektuaren emaitza biribiltzeko podcastak sortu dituzte, amatasunaren gaia landu duten emakumeei ahotsa emateko. “Feminismoaren ahizpatasuna amatasuna bezalako beste espazio batera eraman nahi dugu”, gaineratu du Ainarak.

Parean elkartetik ikerketak izan dituen mugak ere onartu dituzte. Izan ere, inkestatu gehienek galdeketa euskaraz erantzun dute eta datu esanguratsua da. Baldintza ekonomikoek ama izateko aukerak mugatzen dituzte eta, beraz, sistemak horretarako erraztasunak eman beharko lituzke amatasuna modu duinean bizitzea posible izan dadin.

Bakardadetik eredu desberdinetara
Ainara Lopez Zarcok azaldu du ikerketa prozesu guztian gehien errepikatu den hitzetako bat “bakardadea” izan dela. Horregatik, ikerketaren bitartez bestelako amatasun ereduak daudela islatu nahi izan dute. Era berean, azterketaren ondorioen txostenean azaltzen denez, amatasun eredua kontzienteki edo inkontzienteki aukeratzeaz harago, erabaki bakoitza emakumearen testuinguruarengatik eta aukera ekonomikoengatik baldintzatuta dago. Parean elkarteko kidearen hitzetan emakumeek amatasunarekin loturiko “presio asko” sufritu dituzte, esaterako, ama izateko presioa, eta beste emakume asko berriz, bere amatasun ereduarengatik epaitua sentitu dira. Pareanek ikerketaren ondorioetan jaso duenez, emakumeen erdiak baino gehiagok ama izateko presioa sentitu du noizbait. Beraz, berdintasun elkarteak epairik gabeko amatasun eredu ezberdinak plazaratzeko beharra ikusi du. Horrela, amatasuna itogarri egiten duen sistema kapitalista eta patriarkalaren aurka egiteko ahizpatasunez elkartzea proposatzen du.

Atsolorra proiektuko ikerketaren emaitzetan ondorioztatu da kontziliazioa dela zuzenean amatasunean eragina duen beste faktoreetako bat. Galdeketan bildutako 140 erantzunen artean emakumeen % 95ak ama izateak beren lan baldintzei eragin diela onartu du. Hortaz, benetako kontziliazioa posible izan dadin, zaintza familia nuklearretik kanpo kokatzea eta zainketa kooperatibo eta komunitarioaren alde egitea proposatzen da. Era berean, ama izan ostean gorputzaren aldaketek emakumeen autoestimuan eta sexualitatean duten eragina aipatu da. Gainera, ama diren eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeek zama bikoitza dutela ondorioztatu da. Emaitzen txostenean irakur daitezkeenez, “amatasunak, bereziki lehen hilabete eta urteetan dakarren pisuarekin, emakumeek ez dute euren burua zaintzen eta beraz zaildu egiten da indarkeria egoeratik ateratzeko indarrak eta baliabideak lortzeko prozesua”.

Amatasun eredu motak zabaltzen eta ezagutarazten joan diren heinean, ama izatearekin loturiko tabuak ere iraultzen eta ezabatzen hasi dira. Amatasuna eredu zurrunetik aldentzeak orain gutxira arte isilpean bizi ziren gaiak ezagutarazteko aukera eman du. Adibidez, gero eta gehiago hitz egiten da abortuaz, ama izateko ezintasunaz, indarkeria obstetrikoaz edo heriotza perinatalaz. “Orain arte bakardadean bizi ziren prozesu horiek guztiak eta oso bortitzak dira”, azaldu du Ainara Lopez Zarcok. Aurretik aipatutako guztiak normalizatzeak eta plazaratzeak izan dezakeen garrantzia ohartarazi du berdintasun elkarteko kideak.

Gertatzeko dauden aldaketak
Feminismoak lortu du jada amatasuna, emakumeen eginbehar bat izan ordez, aukera bat izatea. Dena dela, Ainara Lopez Zarcok uste du gizartean oraindik “indarkeria sinboliko” horren azken zantzuak desagerrarazteko, ama izateko nahiarekin loturiko komentarioak eta epaiak guztiz ezabatu behar direla. Izan ere, galdeketa erantzun duten emakumeen ia % 64a aukeratutako amatasun ereduagatik epaitua sentitu da eta horrek ez luke horrela izan behar. Kontziliazioarekin loturik oraindik urrats asko egiteko daudela ulertzen dute Parean elkartetik. Lanen banaketaz gain, emakumeek ama izateagatik jasaten duten karga mentala izugarria baita.

Amatasunaren lanketarako babyboom-a mugarri bezala erabili ohi den arren, Parean elkarteko kideak azaldu du gaur egun proportzioan emakume gehiago izaten dela ama orduko kopuruekin alderatuta. Horrela, ama izateko erabakia hartzen denean, emakumeen eskubide eta aukera guztiek bermatuak egon beharko lukete. Sistemak gaur egun hori ziurtatzen ez badu ere, Parean bezalako elkarteen lanketa eta inplikazioa ezinbestekoa izango da amatasun moldeak iraultzeko eta apurtzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude