Parean elkartearen hitzaldi zikloak haur literaturaren sustraietan berdintasuna txertatu nahi du

Jakina da haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko beharra. Zeregin horretan, ordea, denak ez du balio. Izan ere, haurren iruditegiaren eraikuntzan eragin zuzena dute liburuetan jasotako mezuek, irudiek eta balioek. Parean elkarteak haur literaturaren sustraietan arakatzeko proiektua jarri du martxan, txikiek eskuratzen duten literatura eskaintza kalitatezkoa eta aproposa izan dadin.

Ipuinak, pertsonen barruan islatzeaz gain, inguruko gizartearen ispilu dira. Are gehiago, jendartearen balioak, jarrerak eta ezagutzak lerroetan bildu eta zabaltzeko modua dira. Ildo horretatik Parean elkarteak hiru ikasturte daramatza “Sustraietatik eraldatuz, berdintasuna errotzen” proiektua garatzen. Oraingoan helburua da hitzaldi ziklo baten bitartez haur literaturari buruzko hitzaldi zikloa antolatzea.

Lehen saioa maiatzaren 11n egingo da Donostiako Gros auzoan dagoen Tobbaco Days liburu dendan. Bertan haur literaturako Lur Gallastegi Zendegi idazlearekin solasaldia izango dugu 18:30etatik aurrera.

Maiatzaren 26an, Ainara Azpiazu, Axpi, euskal ilustratzaile, komikigile eta muralgilearekin marraztuz haur eta gazte literaturan generoak joka dezakeen paperaren inguruan hausnartzea da asmoa. Hitzordua Errenteriako Lekuona Fabrikan izango da eta 8 eta 13 urte arteko gaztetxoentzat zuzendutako ilustrazio saioa izango da. Saioa 17:30etan abiatuko da eta aurrez izena eman beharko da.

Ekainaren 10ean, Oiartzungo udal liburutegian, ipuin kontalari, musikoterapeuta, musika irakasle eta aldi berean musikaria den Haizea Loira Matxiñenaren eskutik “Berdintasunari konta eta kanta” saioa eskainiko da, 7 urtetik gorako haurrei eskainia. Hitzordua arratsaldeko 17:30etan izango da.

Ekainaren 21ean, Irungo CBA liburutegian argitaletxeen txanda izango da. Hitzordua 19:00etan izango da eta Pamiela-Kalandrakako haur literaturako arduradun Carmen Elvira eta Alberdania argitaletxeko Jorge Giménez Bech izango dira hizlari lanetan.

Ikerketatik ekintzetara
Ikerketako emaitzak ezagututa, kritika konstruktibo bat egin nahian, Donostiako Katakrak liburu dendarekin, ipuin sexisten gida osatu zuten Parean elkarteko kideek. Liburuen zerrenda liburuxka formatuan argitaratu zuten eta sare sozialen bitartez zabalpena eman zitzaion. Liburuxka ere Parean elkartearen webgunean kontsultatu daiteke formatu interaktiboan. Izan ere, irakurleek gidara gehitzeko proposamen interesgarririk izanez gero, webguneko formularioa bete eta elkartearen oniritzia jaso ostean ipuin zerrendara gehituko da.

2021ean, berriz, ikerketaren ondorioak Irungo eskola publikoetako irakasleekin partekatu zituen elkarteak. Hausnarketarako espazio bat sortu zen irakasle mintegiekin egindako bileren bitartez. “Irakasleek asko eskertu digute tailer horren antolaketa”, adierazi du Miren Lantzek. Parean elkarteko kideak gehitu duenez, haurren liburuak aukeratzeko orduan ere feminismoaren betaurreko moreak “janztea” beharrezkoa da, ipuinak oso tresna baliagarria baitira pedagogikoki, irudimena lantzeko, mundua ezagutzeko eta haurrek haien etorkizuna nola irudikatzen duten ikusten laguntzeko.

Ondorioak eskuartean edukita, Parean elkartearen hurrengo erronka haur literaturaren industrian zuzenean parte hartzen duten egileen eta agenteen artean hausnarketa prozesu bat irekitzea da. Hori, azken batean, haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea da, eztabaida eta kezka gizarteko beste esparrutara zabalduz. Lanketa hori herritarrentzat irekiak izango diren saio ezberdinen bitartez egingo da. Miren Lantzen hitzetan, “jardunaldi hauen bitartez aztertu nahi dugu ea ipuin baten sorkuntza prozesuan parte hartzen duten eragileak zein puntutaraino ari diren genero ikuspegia aintzat hartzen.”

Eguzkitzako liburutegia aztergai
Liburuek irudimena eta jakin-mina pizten dutela jakinda, etorkizuneko belaunaldien heziketan zuzenean eragiteko tresnatzat ulertzen ditu Parean elkarteak. Horregatik, haur literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen ezagutzeko asmoarekin ikerketa abiatu zuen Parean elkartean orain dela bi urte. Azterketa egiteko Irungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Irungo Eguzkitza ikastetxeko liburutegiaren eskaintza ikertu zuten pandemiaren hasieran. Guztira, liburutegian katalogatutako 4.000 liburuetatik 400 liburu aztertu ziren, hau da, % 10eko lagina hartu zuten, baina liburuak eta abar kontuan hartuta, ia liburutegiaren laurdena.

Miren Lantzek azaldu duenez, “azterketak tamalez gure susmoak ziurtatu zituen”. Genero-ikuspegia abiapuntu hartuta, Parean elkarteko kideek zenbait ondorio kezkagarri atera zituzten, azterketa abiatua aurreko hainbat hipotesi baieztatuz. Azterketak agerian utzi zuen haurrek eskolan eskuragarri dituzten liburuen artean mutil protagonistak gehiago direla, zehazki, % 62an. Era berean, eskainitako liburuen idazleak gizonak dira.

Alabaina, oharkabean, edo ez, ipuinetan betikotu beharko ez liratekeen ereduak ageri dira, hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzituz. Esaterako, ikerketak erakutsi duenez istorio askok sarriegi estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte, izan ere, aztertutako ipuinen % 13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean. Lan egiten ageri direnean, irakasle edo dendari lanetan baino ez dira ageri. Beraz, zaintzaren zama emakumeen esku ageri da liburu gehientsuenetan eta familia eredu tradizionala nagusi da oraindik, kultur aniztasunari lekurik utzi gabe.

Pareanek gauzatutako ikerketaren emaitzak elkartearen webgunean kontsultatu daitezke. Era berean, Miren Lantzek azpimarratu du, ikerketaren datuei erreparatzerakoan kontuan hartu behar dela ikerketa eskola publiko baten liburutegian egin dela. “Jakina da eskoletako liburutegien katalogoa askotan edizio zaharrekin edo dohaintzan emandako liburuekin osatzen dela”. Hala ere, ez da ahaztu behar horiek direla irakurri nahi duten haurrek eskolan eskura dituzten liburuak.

Parean elkartetik, ordea, oraindik ez dute proiektuaren amaiera hurbilegi ikusten. Hitzaldi zikloa amaituta, eta bertan bildutako ondorioak zabaltzeko helburuarekin, literatura festa bat antolatzeko asmoa dute, ziurrenik Irunen egingo dena. Xehetasun horiek, berriz, aurrerago jakinaraziko dituzte elkartetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude