- Gaia: Elikadura arduratsua
- Bi sari jokoan
- Epea zabalik abenduaren 31ra arte
“Gazteak On: Elikadura erronka” lehiaketak elikaduraren inguruko gazteen hausnarketak biltzen dituzten bideoak sarituko ditu. Maïa Permaculture kooperatibak eta Bidasoa Txingudi eskualdeko elikadura kontsumo taldeak, Labore Txingudik eta Hendaiakoop-ek, bultzatutako egitasmo berria da. Gazteak On Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan antolatutako Ideiak 2024 mugaz gaindiko aurrekontu partehartzailean saritutako proiektu bat da.
Horrela, Bidasoa Txingudiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo kolegioko adinean dauden gazteak eta haien irakasle edo hezitzaile erreferenteak lehiaketa honetan parte hartzera gonbidatu dituzte. Lehiaketak etorkizuneko elikadura bertakoa, ekologikoa eta osasuntsua izan dadin, gazteen ikuspuntua jasotzea bilatzen du. Horrela, lehiaketara aurkeztu beharreko bideoek eskolan elikadura jasangarriaren baitan lantzen dituzten proiektuak erakutsi eta sortu nahi dituzten egitasmoak aurrera eramateko eta ideiak garatzeko aukera emango du.
Saria duen lana
Lehiaketa bat izanik, parte hartzaileen lanak ere izango du saria. Zehazki, bi izango dira banatuko diren sariak: 600 euroko Epaimahaiaren Saria eta 400 euroko Herritarren Saria. Ikastetxe edo hezi-gunearen elikadura burujabetza hobetzeko sariak izango dira eta ikastetxe edo hezi-gune bakoitzaren espazio eta baliabideen arabera adostuko dira.
“Gazteak protagonistak izanik, goazen denon artean gazteekiko diskurtso negatibo hori eraldatzera”
Oihana Galardi, Gazteak On proiektua
Eskualdeko biztanleek Herritarren Sariaren bozketan parte hartzeko aukera izango dute. Oihana Galardik azaldu duenez, “talde ezberdinek sortutako bideoak webgunean ikusgai egongo dira eta fase jakin honetan herritarrek haien aldeko bozka emateko aukera izango dute”. Bozketa 2025eko maiatzaren 5etik 25era egin beharko da. Horrela, biztanleria bideoen bozketan inplikatzeaz gainera, bideoen zabalkundea populazioaren sentsibilizaziorako lagungarria izatea espero da.
Fasetan banatutako lehiaketa
Guztira, lehiaketak 6 fase izango ditu. Lehenengo fasean, 2024ko urriaren 1etik abenduaren 31ra lehiaketan parte hartzeko izen-ematea egin beharko da Gazteak On webguneko izen-emate fitxa betez. Ondoren, urte hasierarekin, 2025eko urtarrilaren 1etik apirilaren 11ra bitarte, webgunean eskuragarri dagoen fitxarekin batera, bideoak aurkezteko epea irekiko da. Horretarako, bideoak wetransfer bidez bideoak@gazteakon.eus helbidera bidali beharko dira, bideoaren izenburuarekin eta 3 hizkuntzetan idatzitako deskribapenarekin.
Hirugarren fasean, 2025eko apirilaren 12tik maiatzaren 4ra bitarte, Ebaluazio Batzordea irizpide guztiak betetzen dituzten proiektuak aztertzeaz arduratuko da. Bideoen bozketa berriz, 2025eko maiatzaren 5etik 25era bitarte egin beharko da. Fase honetan zehar, epaimahaiak, balorazio irizpideak jarraituz, Epaimahaiaren Saria aukeratuko du. Herritarren Sariaren irabazlea aukeratzeko bozketa ireki bat egingo da eta bozka emaile bakoitzak 3 bideori eman beharko dio bozka.
Lehiaketan saritutako bideoen emaitzak 2025eko maiatzaren 30ean argitaratuko dira Gazteak On webgunean. Azkenik, 2025eko urriaren 31ra bitarte, Gazteak on lehiaketaren antolatzaile eta proiektu saridunen artean sariak adostu eta gauzatzeko epea egongo da.
Elkarlanean helburu beraren alde
Elikaduraren eraldaketa abiapuntu partekatutik lantzeko, 2023an indarrak batu zituzten Maïa Permaculture kooperatibak, Labore Txingudik eta Hendaiakoopeek. Elkarlan honen jatorria bi kontsumo taldeen sorreratik errealitate bat izan bada ere, 2022an sendotu egin zen Gipuzkoako Aldundiaren eta Pirineo Atlantikoetako Mugaz Gaindiko proiektuetarako Ideiak lerroan saritutako proiektuaren bidez. Labore Txingudiko Oihana Galardik azaldu duenez, “elikaduraren eraldaketarako hezkuntza abiatzeko, eskualdeko ikasle eta irakasleentzako material pedagogikoa sortu eta zabaldu genuen”.
2022an aurreko Ideiak deialdiaren arlo hezitzailea lantzen hasi ziren, material pedagogikoa sortuz. Oihana Galardik aipatu duenez, “egungo gizartean nerabeei pisu oso handia jartzen ari zaie gainean, aurretik duten etorkizuna geroz eta ilunago marrazten baitzaie”. Gazteak karga negatibo horietatik aldendu nahian, Gazteak On egitasmoak fokua beste aldean jarri nahi du: gazteen egitasmoei balioa emanez. Izan ere, Labore Txingudiko Oihana Galardik azaldu duenez, askotan gazteak aldaketetan parte hartzeko prestutasun handiagoa dute, populazio helduarekin alderatuta. “Gazteak protagonistak izanik, goazen denon artean gazteekiko diskurtso negatibo hori eraldatzera”, gaineratu du Oihanak.
“Gure helburuari tinko eusten diogu, elikadura sistema agroekologikoa, gardena, parte-hartzailea nahi dugu”
Oihana Galardi, Gazteak On proiektua
Hiru eragile hauetaz gain, eskualdeko eragile gehiagok ere partekatzen dute elikaduraren eraldaketarako beharrezkoa den ikuspuntu hau. Eta hala erakutsi zuten iaz garatutako “Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso” proiektuaren emaitzek: pedagogia, erakundeen inplikazioa eta eragileen arteko elkarlana zein saretzea beharrezkoak dira. Hortaz, Gipuzkoako Aldundiko mugaz gaindiko lankidetzarako 2024 urteko Ideiak egitasmoaren baitan sarituta izan den “Gazteak On: Elikadura Erronka” proiektu honek hiru helburu hauek uztartzen ditu.
Oraingoan Bidasoa-Txingudi eskualdeko gazte-nerabe eta haien erreferentziazko irakasle, hezitzaile eta hezkuntza zentroentzako lehiaketa antolatu dute. Oihana Galardik aipatu duenez, “gure helburuari tinko eusten diogu, elikadura sistema agroekologikoa, gardena, parte-hartzailea nahi dugu”. Hain zuzen ere, harreman bidezko eta ekitatiboekin, klima larrialdiari eta desagertze krisiari aurre egingo dion eta elikagaien galerak eta xahuketak saihestuko dituen elikadura bilatzen dute. Galardik erantsi duenez, elikadura osasuntsua, eskuragarria, ekologikoa, sasoikoa eta tokikoa bilatzen dute, kate laburrago, justuago eta orekatuagoetan banatzea lehenetsiz, bizitza ospatzen duten eta beste pertsona batzuekin eta kontsumitzaile kontziente eta ahaldunduekin lotzen duten janari zaporetsuekin.