Hirugarren aldiz Gipuzkoako WordPress ekitaldi ofizial nagusia Irunen egingo da

Maiatzaren 21ean eta 22an Irunen WordCamp Irun 2022 ekitaldia egingo da Palmera Montero Gunean. Guztira, web industriari eta WordPress eduki kudeatzaileari buruzko hogei hitzaldi ere emango dira. Irungo Udalaren, Mondragon Unibertsitatearen eta mundu osoko hogei bat babesleren laguntzari esker antolatu da WordCamp Irunen hirugarren edizioa.

WordPress munduan gehien erabiltzen den eduki kudeatzailea da. Espainiako webguneen % 65 baino gehiago eta mundu osokoen % 43 sistema horren bidez kudeatzen dira. WordPress web edukien kudeatzailearen arrakasta geldiezina da; handiagoa urtetik urtera mundu osoan eta, bereziki, Espainian. Kode irekiko sistema da WordPress, hainbat funtzionalitate eta hazkunde aukera eskaintzen ditu, eta doakoa da: horixe da onena, eta horregatik erabiltzen dute milioika web editorek. WordPress komunitatea osatzen duten kideen lan eskuzabalari esker, izugarrizko potentzialtasuna du.

Ekitaldia egitearekin batera, sistemaren 6.0 bertsioa argitaratuko da, eta bertsio berriak mundu osoko erabiltzaileek aspaldi eskatutako aldaketak ekartzea espero da, hala nola webguneak osorik editatu ahal izateko aukera. Ekitaldiaren lehenengo egunaren bukaeran, larunbatarekin, WordPress kudeatzaileak merkataritza txikiari egin diezaiokeen ekarpenari buruzko eztabaida txiki bat izango da.

WordCamp Irun 2022 jardunaldiak irauten duen bi egunetan, gaur-gaurko txosten interesgarriak aurkeztuko dira: online negozioak, marketing digitala, sare sozialak, eduki estrategiak eta SEO posizionamendua, web diseinua eta garapena, etab.

Miguel Ángel Páez ordezkariak ekimena zer berritzailea den nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie ekitaldiaren sustatzaileei, “WordCamp Irunera bueltan ekartzeagatik eta ekitaldi handia bilakatzeagatik, gaian interesa duen jende asko erakarriko baitu seguru asko, direla zaleak, direla alor honetan profesionalki diharduten pertsonak”. Alkateordeak erantsi du, “pixkana-pixkana, pandemiaren ondorioz orain arte nekez gauzatu genitzakeen jarduerak gauzatzen hasi gara, eta topaketa hau berriro ere Palmera Montero Gunean egitea oso albiste ona da, eta poza eta ilusioa pizten du aurrera begira”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude