Legegintzaldia amaitzeko urtebete falta denean, Miren Echeveste ordezkariak egun Euskara arloak zabalik dauzkan lan ildoak eman ditu ezagutzera. Echevestek gogoratu du Euskara arlotik abiatutako ekintza guztien helburua dela Irungo udalean zein herrian euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeaz gain. Horretarako, udaleko arlo guztiek eta euskararen aldeko gizarte eragileek indarra batzea funtsezkoa da, zeharkako lan ildoak ezarri eta ekintza zehatzetan elkarlana bultzatzeko.
Legegintzaldi honetako helburu estrategikoetako bat izan da Kalean Bai plana biziberritzea. Kalean Baik euskarekiko konpromisoa duten eta 25 urtetik beherako gazteekin lan egiten duten kirol, kultura eta aisialdiko elkarteak biltzen ditu. Xedea Kalean Bai komunitatea sortzea da, elkarteen saretzea sustatu, planari atxikitako zerbitzu-katalogoa berritu eta orain herritarrentzako prestakuntzak txertatzeko fasean daude, elkarteei euskara sustatzeko tresnak ematea ahalbidetuko duena.
Era berean, udalari begiratuta, Irungo udalean euskararen erabilera normalizatzeko planaren eta Euskara sustatzeko ekintza planaren (ESEP) azken txanpan izango da aurtengoa, izan ere biak 2018-2022 aldirako onartu baitziren. Normalizazio planari dagokionez, azpimarratzekoa da langile askok aurrerapausoa eman dutela beren arloetan euskararen erabilera sustatzeko ardura beren gain hartzeko. Hain zuzen ere, kalean gertatzen den modu berean, euskararen ezagutza maila erabilera maila baino askoz altuagoa da udaletxean. Ekintza plana oso bestelakoa da, hain zuzen ere Irungo herrian euskara sustatzea baita planaren helburua, eta, horrenbestez, gizarteari zuzendutako ekintza ugari jasotzen ditu: adibidez, Solas Jolas, dirulaguntza lerroak (Euskaraz Baietz, Gu ere Bertsotan, hizkuntza paisaia euskaratzeko laguntzak, euskara ikasteko bekak…), Irunero aldizkaria, Euskaltegiko ikastaroak, euskararen hilabetea (martxoan), euskararen nazioarteko eguna, Laburbira, mintzodromoak, Familia Ola, Udagiro, errefortzu eskolak, Euskaraldia eta, aurten lehen aldiz, Haurrak Parkean. Nolanahi ere, Euskara arloak zuzenean garatzen dituen ekintzez gain, Echevestek gogoratu du udaleko beste arloek euskaraz garatzen dituzten ekintzak ere azpimarratu behar direla.
Aipamen berezia merezi dute Euskaraldiak eta Haurrak Parkean ekimenak. “Zuzenean gure ohiko jardueretara hurbiltzen dira, gure eguneroko bizitzan hizkuntza ohiturak aldatzera bultzatzeko”, azaldu du Euskara ordezkariak. Horrela, Euskaraldia biztanleria helduari zuzentzen zaio, baita merkataritza munduari ere, eguneroko jarduerak euskaraz egin daitezen. Haurrak Parkean ekimenaren bitartez, begiraleak eramaten dira Irungo parkeetara, han jolasean dabiltzan haurrak euskaraz jolastera animatzeko, talde jolasen bitartez.
Euskara pandemiaren eraginpean
Pandemiak zuzeneko eragina izan du hizkuntza ohituretan, baita gure kontsumitzeko moduan ere. Batez ere biztanleria gaztearen artean areagotu du informazio eta komunikazio teknologien menpekotasuna eta horietan hizkuntza hegemonikoak gailentzen direnez, pandemian zehar euskararekiko esposizio maila txikitu egin da. Euskararik ez dakiten familietako gazteek udaran euskararekin lotura galdu ez dezaten, Errefortzu Eskolak ekimena sortu zen eta aurten ere errepikatuko da.
Era berean, helduagoei begira, Lannahi programa abian jarri zen Irungo Euskaltegian, langabezian dauden hiritarrak edo % 50eko lanaldia edo gutxiago duten landunak doako euskara ikastaro trinkoak baliatu ditzaten. Eta, aldi baterako lan erregulazioko espediente (ERTE) baten menpe dauden langileentzat ere zabaldu da berriki doakotasun-aukera hori.