Euskararen lekukoa haur eta gazteen eskuetara iritsi da Irunen. Korrika ofiziala apirilaren 9tik 10erako gauean Irundik igaro bazen ere, haur eta gazteek euskararen karabanara batzeko aukera aprobetxatu nahi izan dute. Apirilaren 7an Irungo Lehen Hezkuntzako ikasleak hiriko kaleetara atera ziren. Hurrengo egunean, berriz, gazteen txanda izan zen.
Txikienak izan dira Irunen Korrika giroa zabaltzen lehenak. Goizeko 10:00etan ibilbidea San Vicente ikastetxean hasi zuten eta Irungo erdialdetik lekukoa eraman ostean, Zabaltza plazan bukatu dute ibilbidea. Ekintzak, ordea, ez ziren emanaldiarekin amaitu. Izan ere, Zabaltza plazan Korrikaren etorrera ospatzeko ekitaldi berezia ospatu zuten. 22. Korrikaren abestiaren abeslarietako bat Ane Garcia hondarribitarra dela aprobetxatuz, ekitaldiaren itxierara gonbidatu zuten haurrek berarekin batera abesteko aukera izan zezaten.
Gazteak Korrikarekin bat
Gazteek eskualdeko haurrei lekukoa hartu zieten hurrengo egunean. Izan ere, hurrengo ekintza ere apirilaren 9an 10:00etan hasi zen. Kasu honetan, ibilbidea Mendeluko biribilgunean hasi eta, aurreko egunean haurrek egin bezala, Zabaltza plazaraino esku batetik bestera eraman dute lekukoa, euskara sustatzeko nahiarekin batera. Oraingoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleekin.
Azpimarratzekoa da Irungo Korrika Gaztea Eusliderrak proiektuan parte hartu duten ikasleek antolatu dutela. Izan ere, egun
hainbat eskolatako DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleekin Eusliderrak proiektua zuzentzeaz arduratzen da. Eusliderrak proiektuan ikasleek hizkuntzen hausnarketa egiteaz gain, ikasleei proiektu bat zerotik sortu eta kudeatzeko aukera ematen zaie. Kasu honetan, Korrika Irundik gauez igarotzekoa zela jakinda, hiriko gazteei Korrikan parte hartzeko beste aukera bat eskaintzeko Korrika Gaztea antolatzea erabaki zuten ikasleek.
Irungo Korrika Gaztearen antolaketan Toki Alai, Eguzkitza, Hirubide eta San Vicente de Paul ikastetxeetako DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek parte hartu dute. Behin ibilbidea amaituta, festak Zabaltza plazan jarraitu zuen. Ekitaldia aurkeztu, manifestua irakurri eta Irungo Korrika Gaztean parte hartu zuten ikasleek diskofesta eta guzti izan zuten, 13:00etan bakoitza bere ikastetxera itzuli aurretik.